Luzazko harremana

Egia esan, ez dakit nondik hasi, nire harremana UEUrekin aspaldikoa eta luzazkoa izan baita.

Lehenik, ikasle moduan parte hartu nuen Donibane Lohizunen ospatu zen lehen ikastaldian 1973an (atxikita doazkizu ANAITASUNA aldizkariak 1974an atera zuen argazkia: “mutil” denen horien artean aurkituko nauzue, eta izen-ematearen agiria). Gogoratzen dut nire lehengusina, Amaia Lasarekin, joan nintzela eta lo egiteko tokirik ez genuenez, Piarres Xarritonek, garai hartan Baionako Saint Amandeko parrokoa zelarik, bere erretore-etxean gela eskaini zigula. Gerora jakin nuen Xarritonek emaztea UEUko ikastaldiren batean ezagutu zuela.

Urte batzuk pasa ondoren, Baionako ikastaldiak antolatzen ibili nintzen, hamabi urtez, oker ez banago. Pasadizo eta anekdota ugari bildu daitezke urte horiek denetan, baina niretzat kezkagarriena izaten zen norbaitek parte hartzeko hitza eman ondoren eta bere parte hartzea iragarrita zegoelarik, atzera egiten zuenean. Hori gertatu zen behin, hain zuzen, Mari Karmen Garmendiarekin, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburua zelarik, uko egin zion euskarari buruz antolatu genuen mahainguru batean parte hartzeari, gogoan ez dudan aitzakia bat emanez. Haren atzetik Estebe Petrizan, Nafarroako Gobernuko Hizkuntza Politikarako Zuzendari Nagusiak beste horrenbeste egin zuen. Zer esanik ez, mahaia ankamotz geratu zen eta ni larri-larri. Bestalde, esan behar dut ere, Baionan antolatzen genituen mahainguru batzuen arrakasta itzela zela, batez ere trantsizio garaian gai politikoak jorratzen genituelarik.

Hauexek dira memoria arakatuz otu zaizkidan pasadizoak.

Edurne Alegria (UEUko Hizkuntzalaritza Saila)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude