Burugabetasuna

Laurogeigarren hamarkadaren erdialdean, Donostia eta Iruñea lotu behar omen zuen autobidearen liskarra pil-pilean zegoelarik, UEUko uztailaren jardunetara joateko, Larraonaraino lasai ailegatzeko, bidea txirringaz eta mendiz egitea deliberatu nuen. Eginbeharra nire buruaren jabe izanik nahi nuen burutu: ez asfaltorik, ez erregai solidorik ez eta inolako laguntza artifizialik…

Goizean gure Latxagatik abiatuta Hernanirako bidea hartu, handik Andoainera eta bertan, Leitzarango trenbide zaharrari jarraituz, Iruñera iristeko modua bilatuko nuelakoan nengoen.
Bai eta aurkitu ere…, Leitzan arrautza pare bat hartu bazkaltzeko eta, arratsalderako Hiriburu zaharrera heltzea lortu nuen ordu batzuen bueltan.

Autobidea egiteko halako tokietan sekulako txikizioa gauzatuko zutelakoan, hura burutu aurretik bertatik bertara ezagutu nahi nuen bidea, era naturalean eta inolako autorik gabe, autobide bihurtu aurretik, alegia.

Bidaia luzea bezain ederra izan zen.

Behin UEUko egoitzara iritsita, txirringa kateatu nuen eta gela bila joan nintzen. Hurrengo egunetan lasai, noski, goizean eskolak emanez eta zerbezak hartuz, arratsaldez tourra ikusten txolartean eta gauez, bertso txarrak botatzen isuri zen denbora txirringaz gogoratzeko astirik gabe.

Grabe izan zen, ordea, abiatzeko orduan jarritako katea kentzera joan nintzenean eta haren giltzarrapoaren gakoa ere ahaztu nuela egokitu zitzaidanean…hantxe, erromatarrez jantzita, kaskoa eta guzti, kulotaren aurrealdea puztuta, eta katea irekitzeko aukerarik ezean.

Piura horrekin hots egin behar izan nien Iruñeko lagunei azkenean beraiekin biltzeko eta nire txirringa berreskuratzeko.

Eskerrak adiskide nafarrentzat, jakina, kateak haustea huskeria dela eta, ene asto mekanikoa berrartzeko modua ahalbidetu zidatela era erraz samarrean…hau da, nik nire buruari lapurtzen lagundu zutela!
Hara ene burua! Kateko giltzarik ez, itxigailuaren gakoaz gogoratu gabe eta, grabeagoa, burugabetasunak bultzatuta, UEUko gainerako kideen aurrean barregarri geratu…

Eskerrak Nafarroan kate guztiak apurgarriak izan ohi direla betidanik!

Fito Rdz.(UEUko Pedagogia Saileko kidea) / Argazkia: Sakanaturismo.com

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude