Lorik ez

1997ko uztaila. NZ sailak “Basabizitzaren kudeaketa” ikastaroa antolatu zuen Baionan. Ordura arte urtean zeharreko irteeratako fijo bat nintzen, baina lana edo laginketak zirela, udako ikastaroetan nire lehenengo esperientzia izan behar zuen.

Ni bezperatik ezin joan eta nire kabuz hurrengo eguerdian hurbildu nintzen Bilbotik autobusez, ikastaroa hasita zegoela. Bazkaltzeko orduan lagunekin juntatu nintzen eta lagun beterano batek zein gela tokatu zitzaidan galdetu zidan. Gela-zenbakia aipatu eta momentuan esan zidan: buuua! hobe duzu gure gelara koltxoia ekarri eta gurekin lo egin, gela horretan K.A. dago eta ha zurrunkalari profesionala duzu. Lorik ezingo duzu egin eta. Eta lekuz aldatu nintzen momentuan, ondo jakin barik aste horretan bataz beste egunean 2-3 ordu baino ez nuela egingo. Blog honetan bertan dimoztar lagun batek ondo dinoen gisara: 24 orduz euskaraz bizi. Ordu batzuk ikasgelan, beste asko mendian eta gainontzekoak gitarra baten ondoan poeta, bertsolari, fisikari, kazetari, historialari, kimikari, hizkuntzalari, injeniari eta bestelako kideekin. Hala ere, bizitzaren paradoxa, gaur da eguna lagun beterano horrek nire zurrunkadak jasan ezinean dabilela kongresuetara batera mugitzen garenean!

Baina loari buruz ari garela, edo hobeto esanda, lo ezari buruz, horretarako hurrengo urteko Miarritzen gauzatu genuen ikastaroa ezin dut ahaztu. Orduan betiko beteranoek engainatuta “Basogintza/ohiangintza Euskal Herrian” izeneko ikastaroa antolatu genuen Saileko 3 lagunen artean. Guztion artean punta-puntako ikastaroa antolatu genuen, orduko Euskal Herriko osoko espezialista hoberenak gai istilutsua bezain konplexuari erradiografia sakona atera genion. 40 ikasletik gora apuntuta ziren eta egunaren zeharreko hitzaldi eta eztabaida bikainak, iluntzeko solasaldiak eta gabeko parrandekin osatu genuen dentsitate handiko astea. Antoska-antoska!! Eskerrak Enekoren kolirioak goizero gure begiak argitzen zituela hizlariei harrera egiten hurbiltzen ginenean!

Urteak joan, urteak etorri, eta UEUri zenbat zor diodan ezin dut kalkulatu: euskara bera, euskal pertsona apalak eta famatuak ezagutzeko aukera, betirako lagun minak, Euskal Herriko bazterrak eta bizidunak, eta bai, gaur egun horren entzunak diren mota guztietako gaitasun orokor eta espezifikoak lantzeko aukera ere… Aupa UEU!

Joserra Diez (UEUko Natura Zientziak Saila / Argazkia: Joserra Diez)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude