Historia eta Euskara

Niri ere eskatu didazue eta nire oroitzapenak kontatuko dizkizuet, amama tematien antzera! 😀

Oso zaila da hainbat urteren bizipenetan gertatutakoak kontatzeko eskatu eta bakarra aukeratzea.

UEUk lagun ugari eman dizkit (eta maitemindu ere egingo ginen baten batzuk akaso, Ibanek dioen moduan), baina batez ere, euskaraz Historia egiteko eta ikasteko aukera eman dit. Nire bokazioa bikoitza zena, dena eta izango dena, alegia, Historia eta euskara, batera garatzeko aukera eman dit. Kalitate handiko unibertsitate ikastaroak entzun ditugu UEUn eta hori oso garrantzitsua dela deritzot.

Blogean Eugeniori eta Iratiri irakurri diedari jarraiki, nik neuk ere lehen hitzaldia UEUn eman nuen —Nora Igartuarekin batera Durangoko heretikoei buruz— eta Lycee Hotelier hartan egindako bazkariak ez bereziki, baina gogoan ditut klaseak, dantzak eta momentu zoragarriak ere. Nola ahaztuko ditut ba! Gogoratzen duzue, adibidez, Orreagan Patxi Zabaletak “Errolanen harria” liburua aurkeztu zigula, izugarrizko behelaino eta hotzaz eta guztiok mauka motzean joan ginela Miarritzetik? (ejem, eta berandu iritsi ziren batzuk ere, okerreko gasolina sartu eta autoari deposito osoa hustu behar izan ziotelako eta baten bati, gainera, gainez egin kuboak eta gasolinaz blai amaitu zuen gajoak! Baina baliente-baliente iritsi ziren!!)

Beno, oroitzapen politez ari garela, eta Historia sailekook Iruñan ere ikastaroak izan genituenez eta Nafarroa aurten oso gai egokia denez, Nafarroa ardatz izandako bi ikastaro aipatu nahi dizkizuet nik: Nafarroaren historia eta kultura 3000 urte eta Done Jakue Bidea Nafarroan (ez ditut kakotx artean jarri ez dudalako gogoratzen zehazki).

Bietan ala bietan, ardradun moduan izan nintzen, nire lanak hala errazten zidalako eta disfrutatzeko aukera izateaz gain, disfrutatzeko ere izan nuen. Izen batzuk aipatuko ditut, ez egon zineten guztienak eta barka iezadazue ez bazaudete aipaturik, ez da garrantzi gutxiago izan zenutelako, nire memoria kaskarragatik baino!

Nafarroako historia eta kulturaren 3000 urteez aritzeko ikastaroa oso borobila atera zitzaigun (apaltasun osoz diot). Ikasle pila izan genituen oso ohikoa ez dena (eta gainera gaiaz hizlariek adina ere bazekitenak zeuden, gero ikusiko duzuenez), baina hizlari piloa ere bai eta gai oso desberdinak jorratu zituztenak: Nafarroako historia jorratu genuen Aro Garaikidera arte (konkistari buruzko hitzaldia barne, Alvaro Aragon gure kideak eman zuena). Baina bereziki gogoan ditudanak kulturari buruzkoak dira, batetik hizlariak bikainak izan zirelako, benetan historialariok ahazten ditugun ikuspegi oso garrantzitsuak erakusten dituztelako, bestetik, eta, azkenik, burutik ekarri nindutelako!!!! kar-kar. Oraintxe kontatuko dizuet zergatik!

Txangoa Roldan Jimenok antolatu zigun eta bikaina izan zen. Tiebasko gaztelua ikusten ari ginenean ez nintzen konturatu gertatzen ari zenaz :-), baina amaiera Lizarran egin genuenean, “ikasleak” errebelatu egin zitzaizkidan eta Lizarra askoz hobeto ezagutzeko aukera izan genuen, benetako bigarren bisita gidatu bat eman baitziguten Patxi Larrionek eta Bixente Serranok! Ondorioa, autobus gidari gaixoa ordubete itxaroten izan genuen eta ni ikastaro arduradunen bilerara berandu iritsi nintzen!

Hainbeste irakasle genituen, aurkezpenak egitean ez nuela batere asmatu eta bestela galde iezaiozue Mikel Garaizabal somelierrari egin nionaz! Umore puntua jarri zion, berez umoretsua izan zen dastaketa hari (ardoaz dakidan apurra orduan ikasi nuela esan dezaket! eta Euskalerria irratiaren esatari batek eta biok gogotsu ikasi genuen normalean edaten ez dugun ardoaz!). Azkenik, Jone Gartzia lagunari esker, azken bi hitzaldiak ere arrakastatsuak izan ziren: bera laga nuen Fermin Uriartek Nafarroako musikaren historiaz eman zuen ikastaro zoragarria aurkezten eta ni ajoarrieroaren XVIII. mende bukaerako errezeta berreskuratu zuten bi sukaldari beasaindarrei laguntzera joan nintzen. Makailoa txikitzen ordu betez aritu ginen, baina benetan pena merezi izan zuen gero jan genituen errezeta bikain haiendako!!!!

Azkenik, ez dut ahaztu nahi arduradun moduan egin nuen azken ikastaroa: Done Jakue Bidea Nafarroan ikusi genuen hura: bisitak zoragarriak izan ziren, Amanda Ruizek eta Oskia Ugartek Orreagan emandakoak zeinek ahaztu (berriro toki zoragarri hori), edo Iruñean bertan Joseba Asironekin egindako ibilbidea eta Lizarran amaitu genuen hartaz (hizlari gaixoari gurasoak gaixotu eta Alba Fernandez eta biok inprobisatu behar izan genituen Eunate eta Lizarrako bisiten zati bat). Primeran pasa genuen eta laburrak egin zitzaizkigun guztioi hiru egunak!

Haiek bai oroitzapenak! Berriak sortu beharko dira, ezta?

Eskerrik asko honaino iritsi zaretenoi!

Jaione Agirre (UEUko Historia Saila) / Argazkia: Tiebasko gaztelua DbCity.com

Iruzkinak (1)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude