Irakaslea ikasle

1. Nire ibilbidea UEUn ez da oso ohikoa izan. Ikasle-garaian ez nintzen sekula UEUn izan. UPV/EHUn irakasle-lanetan hasi ondoren, Prudenek (Pruden Gartziak, orain Euskaltzaindiaren bibliotekako zuzendaria denak) gonbidatu ninduen UEUn Ikasketa Klasikoen Saila antolatzera. Saila antolatu genuen, eta urte batzuetan indar handiarekin ibili ginen, gehienbat batxillerreko irakasleen formakuntzan, beti elkarlanean. Ikasketa-sail bat antolatzen “utzi” eta irakatsi zidan UEUk.

2. Ez dut gogoratzen zehazki lehenengo urte hartan (duela hogei urte) zertaz jardun nuen ikastaroan, baina badakit saio osagarrian Liber Sancti Iacobiri buruzko hitzaldia eman nuela. Publikoan Joserra Etxebarria izan zen egun hartan; ez daki zelako poza eman zion hizlari gazteari, han izate hutsarekin! Hori ere izan da UEU: miretsi ditugun irakasleen hurbiltasuna.

3. Zenbat solas-ordu Larraonan edo bidearen beste aldeko kafetegian! Zenbat berba norberaren ikastaroko edo alboko ikastaroko gonbidatuekin! Zenbat andre eta gizon handirekin hurre-hurretik berba egiteko aukera! Zenbat jende interesgarri!

4. Uda batzuetan, Larraonan, ordu asko eman nituen, nire ohitura guztien kontra, prentsa-bulegoaren testuak korrika eta presaka zuzentzen (korrika eta presaka lan egiten ere nonbait ikasi behar da); eta, kazetarien eta kazetari-ikasleen jarduna ikusirik, isil-isilik, gauzatxo batekin ohartu nintzen: irratirako hitz egiten zutenean, erabat eraldatzen ziren! Orain, irratiren batetik deitzen didatenean elkarrizketaren baterako, UEUko komunikazio-bulegoarekin gogoratzen naiz maiz; gaur ere gogoratu naiz, eta ondo antzean atera zait elkarrizketa.

5. Sarri etorri dira UEUko ikastaroetara UPV/EHUn nire ikasle izandakoak. Irakasle bera naiz, baina ez naiz berbera. Behin, horietako batzuek, Miarritzen, galdetu zidaten ea zergatik Gasteizen ez nien sekula Bermeoko euskaraz hitz egiten, eta Miarritzen bai. Bermeoko euskara, neurri batean, nire erregistro afektiboa dela erantzun nien.

6. UEUren Biltzarre Nagusi batean, ehun (ehun edo, hor nonbait) zuzenketa-proposamen aurkeztu nituen. Estilo-zuzenketa guztiak onartu zizkidaten (dozenaka) batzorde txikian, eta eduki kontuak batzar nagusira joan ziren. Berrogei bozketa galdu nituen, eta bat bera ere ez irabazi! Agian ez ziren berrogei izango, baina berrogei balira bezala gogoratzen ditut. Biltzarre Nagusia amaitzean, “fair play” saria eman zidan Kepa Altonaga mahaiburuak. Galtzen ere ikasi dut.

7. UZTARO aldizkariaren zenbaki bat uztail aldean argitaratu ohi da. Urte askotan, zenbaki horren azken zuzenketak, Iruñean egin ditugu, Larraonan, Nekanek eta biok. Ez zen beharrezkoa han egitea, egin zitekeen hamabost egun lehenago edo hamabost egun geroago, baina liturgia berezi bat zen zenbaki hori Iruñean amaitzea, eta biok maite genuen keinu liturgiko hori. UEUko argitalpengintzan ikasi dut gutxirekin asko egin daitekeela, eta gauza errazak ez direla gaitz bihurtu behar.

8. Nekane aipatu dut, eta ezin dut utzi aipatu gabe Mari Karmen. UEUko langileengandik ikasi dut erlojuari begiratu gabe lan egiten. Mari Karmenek irakatsi dit, gainera, diskrezioak zenbat balio duen; eta lan isilak. Nekaneren alaitasuna nori ez zaio kontajiatu?

Asko zor diot UEUri.

Gidor Bilbao (UEUko Itzulpengintza Saila) / Argazkia: www.historiayarqueologia.com

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude