Maitemintzeko leku apropos horiek…

Udako Euskal Unibertsitatea paradisu hedonista bat izaten zen Euskal Herrian ohikoa zen giro zakar, idor eta errukibakoaren erdian.

Ikasi gutxi egingo genuen, baina ikusi, ikutu, dastatu, gozatu… asko. Boligrafoaren ondoren kondoiak ziren han gehien erabiltzen ziren tresna unibertsitarioak.

Uda izaten zen, bero egiten zuen, ikasturtea amaitua zen, tentsio politikoak baretuak egon ohi ziren irailera arte, eta oso jende sanoa eta ederra biltzen zen, jende ezkertiarra, amorosa, elkartasun gogotsu, asko bikoteak etxean lagata etortzen ziren eta aukera ematen zizuten amodiorako, jostaketarako, gauaren erdian gelaz aldatzeko, gure liburuetako kontakizun erotikoak egi bihurtzeko. Egia ote da hau guztia? Nire oroimenean bai; agian baliteke errealitatean apur bat distira gutxiago edukitzea, baina gogoan dut ordurako eguzkiak apur bat beltzaranduta egoten zela jendearen larrua, eta hori niri asko gustatzen zait.
Eta oroituaz soilik berotzen hasi naizenez, amai dezadan erokeriak kontatu aitzin.

Udako Euskal Unibertsitatea zen nik Euskal Herriarentzat irudikatzen nuen egoera, independiente izango ginen garairako gizarte-eredua.

Eman eta jarrai zabaltzen zure hazia, euskal idiskoa, udatik negura, Iruñetik euskal lurralde osora.

Pako Aristi (Idazlea) / Argazkia: Lel4lnd

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude