Hiru modutara

Hiru modutara ezagutu dut UEU, bata bestea bezain aberasgarria. Alde batetik, ikasle gisa. Uda hasierako ikastaro horiek gauza berriak ikasteko parada ederrak izan dira, gainera giro atseginean. Bereziki gogoan dut duela urte parrasta bat, Miarritzera joan baino lehen, Baionan izan zen ikastaro bat, kazetaritzari buruz.

Bigarrenik, irakasle edo hizlari gisa. Esperientzia polita izan zen behin Iruñeko ikastaroetan euskarazko esaerez hitz egitera joatea, ikaslego arretatsu baten aurrean. Beste behin Ipar Euskal Herriko erakunde politikoen eta hauteskunde sistemaren aurkezpena egin nuen, Iruñean orduan ere. Gogoan dut interes berezia piztu zuela entzuleen artean, eta handik landa antzeko beste hitzaldi bat emateko eskaera egin zidala Manu Robles Arangiz fundazioak eta hortik liburuxka bat atera zela. Halaber, Euskadi Irratiako kazetariei ere halako ikastaro bat emateko eskaera iritsi zitzaidan. Azkenik, Lehen Mundu Gerrari buruzko hitzaldi bat eman nuen Baionan, eta elkarrizketa interesgarria piztu zen handik.

Hirugarrenik, eta hori izan da beharbada niretzat garrantzia handiena izan duena, kazetari moduan bizi izan dut hainbat urtez. Egunero joaten nintzen hizlari bati elkarrizketa egitera edo saio bat jarraitzera. Lanera banindoan ere, plazer bat izaten zen UEUko astea jarraitzea, egunero gauza berriak ikasten nituelako, ikastaro bakoitzetik interesgarriena iruditzen zitzaidan hizlaria edo hitzaldia aukeratuz, nahiz eta astia eta orrialderik aski edukiz gero gehiago jarraituko nituzkeen.

Eneko Bidegain (UEUko bazkidea) /Argazkia: Lauren Tucker Photography

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude