Telefonoa eta beroa

Eskukoa deitzen genion, baina nire eskuen halako bi hartzen zuen erraz. Lehen aldiz orduantxe erabili nuen nik telefono mugikorra: UEUko Udako Ikastaroetan. Larraona Ikastetxearen barruan kobertura eskasa zen garai horretan, eta elkarrizketak egiteko kalera irten behar izaten genuen, asfaltoa ia-ia urtu egiten zuen eguzkiaren azpira, atzera eta aurrera espaloian. Barruan epelago zegoen, sarreraren ondoko gela biribilean bereziki, baina ezin zitekeen apenas hitz egin, prentsa-oharrak bidaltzeko erabiltzen genuen fax zatarrak orroka ematen baitzuen arratsalde osoa.

Memoriak bide bihurriak aukeratzen ditu oroitzapenak berritzeko eskatzen diogunean. Telefono handi hura eta beroa dira dira UEUko Udako Ikastaroei buruz bi aldiz pentsatu gabe burura etortzen zaizkidan lehen irudiak. Makina bat urte igaro dira geroztik, baina huraxe izan zen “nire” UEU, nire lehen saioa, 1996 edo 1997. urtean, ez nago seguru.

Ez naiz sekula izan irakasle udako saioetan, ezta ikasle ere. Prentsa-bulegoa antolatzeko deitu zidan orduan Zuzendari Nagusia zen Mikel Aizpuruk, eta orduantxe katramilatu ninduten, bizitza osorako, Udako Euskal Unibertsitatearekin. Bertan ibilitako asko ezagutzen nituen lehendik, orduko nire lantokia, Elhuyar Kultur Elkartea, euskal unibertsitatea sortzeko ahalegin horretan bidaidea izana baitzen hasieratik beretik. Entzunak nituen hango berriak eta kontuak, baina harreman zuzena urte hartako maiatzean izan nuen, UEUren lana gizartera zabaltzeko enkargua jasotzearekin batera.

Esperientzia profesionalak ez zuen asko iraun. Hiruzpalau uztailetan ibili nintzen zeregin horietan, lehen saioetarako sortutako taldearekin batera, gero bizitzak beste toki batzuetara eraman ninduen eta. Ez oso urruti, nolanahi ere, udako sargori hartan eraikitako begiztatik ez naizelako sekula askatu.

Taldean lan egiten erakutsi zidan UEUk. Lan boluntarioaren indarra ezagutu nuen UEUri esker, eta orobat, begiak zabaldu zizkidan ordura arte aipamenetatik soilik ezagutzen nuen errealitate berri baten aurrean. Euskarazko sorkuntzaren erdi-gunean kokatu ninduen UEUk, euskaraz sortu, zabaldu eta biziarazten den kultura eta gizarte-ehunduraren epizentroan. Taldean lan egiten eta taldea maitatzen erakutsi zidan. Mari Karmen, Nekane, Idoia, Alberto, Karmele, Mikel, Xabier, Kepa, Iñaki … Larraona, René Cassin Ikastetxea, Arbaiuneko putzuak eta Gaztelu Plazako solasaldi amaigabeak.

UEUren historiak makina bat istorio biltzen ditu bere barruan. Tartean, ondoko irudian ikus dezakezuen koadroarena, Udako Ikastaroak iragartzeko aukeratu genuen irudiaren originala. Gure etxeko sarreran daukat, zintzilikatu gabe. Alabek maiz galdetu didate zer ote den irudi hori. Itsasontzi bat ageri da berdez, eta azpian Ilargiaren superfiziea izan daitekeen zerbait. Nik telefono mugikor bat dela esaten diet, baina ez didate sinisten.

Pili Kaltzada (UEUko bazkidea) / Argazkia: Pili Kaltzada

Iruzkinak (2)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude