Bide egokia

Diotenez, bizitzan zenbait bide hartzeko beharra dugu garena izatera heltzeko edota etorkizuneko helburuak lortu ahal izateko. Nire kasuan UEU izan zen bide horietako bat, lehenengo IKT taldean parte hartuz eta geroago udako ikastaroetako prentsa bulegoan murgilduz! Asko ikasi nuen bertan bizitako esperientziatik eta benetan lan talde paregabearekin aritzeko aukera zabaldu zidaten. Bilboko egoitzako egunak ti-ta batean pasa zitzaizkidan, baliteke bertako giroak lagundu izana (baiezkoan nago), eta ondoren Eibarrera joan nintzen 2011ko udako ikastaroen jarraipena egitera eta hedabideei hauen inguruko informazioa zabaltzera. Maria Gonzalez eta Izaskun Urbieta izan nituen gertuko lankide eta egia esan, barre algarak ziurtatuak zeuden egunerokotasunean.

Ikastaroetako irakasleak elkarrizketatzen genituen eta promozio bideoa ere egin genuen! Benetan dibertigarria; eta hori gutxi balitz, Iruñara joateko aukera eman zidaten. Aurretik jakinda ere, bertan ezagutu nuen zein zen udako ikastaroen benetako xarma. Ikasle, antolatzaile zein irakasleek elkarbizitza egiten genuen; jendeak ikasteko zuen grina begibiztan geratzen zen eta bertan ikasteko zegoena ezingo nuke esan beste inon topatu zitekeenik, ikasketez haratago baitzihoan.

Izaskunen artikuluaren izenburu eta edukiarekin bat nator erabat, garai haietaz oroitzean nostalgia puntua sentitzen dudalako eta nik ere ikastaroen 40. urteurrena dela ikustean bizitza luzea opa diodalako proiektu honi. Era berean, UEUko kide guztiei eskerrak ematea besterik ez dut, guztiagatik, niri zein ikastaroetan parte hartzen duten lagun guztiei irakatsi dietenagatik, gurekiko izan zuten tratu paregabeagatik eta nostalgia sentitzeaz gain irribarrea datorkidalako ahora aurreko uda hasiera gogoratzean. Beraz, esango nuke bide egokia aukeratu nuela eta horrek asko lagundu didala naizena izatera heltzeko edota etorkizunerako beharrezkoak diren zenbait gauza ikasteko.

Ninbe Moreno (Prentsa-bulegoa) / Argazkia: Jo@net

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude