Berdintasuna eta Horizontaltasuna

Hadi Prudenen mezuari, bertan UEUren bi ezaugarri garrantzitsuenak identifikatu ditzakegu: Berdintasuna eta Horizontaltasuna.

2002. urtean parte hartu nuen lehen aldiz UEUko Udako Ikastaroetan.Ekonomia sozialaren erronkak kapitalismo globalean” ikastaroan matrikulatu nintzen. Unibertsitate elitista batetik nentorren. Sekulako aldea irakasle eta ikasleen artean. Eta ikuspegi unibertsitario “atzerakoia”. UEUn bestelako giroa ezagutu nuen. Eta euskara hutsez! Bizipen horrek kolpatu egin ninduen. Prudenen hitzetaz baliatuz: ikastaro horretan ezagutu nituen UEUkideek “ez zuten hierarkietan sinesten, berdin tratatzen zituzten guztiak, denok ginen berdinak, UEUkideak, kitto. Berdintasunean sinesten zuten, erabateko berdintasunean”.

UEUkide horiek ondo gogoratzen ditut: Baleren Bakaikoa, Jon Sarasua, Antxon Mendizabal, Angel Mari Errasti, Anton Borja, Yolanda Jubeto, Mateo Pagazaurtundua (Mateori esker izan dut aukera UEUn lan egiteko, baina hori beste bizipen bat da), Xabier Renteria, Iñaki Esparta, Eusebio Lasa eta Joseba Tobar-Arbulu laguna. Sailburua, Galder Guenaga. Beraien ikuspegi unibertsitario “eraldatzaileak” kolpatu egin ninduen. Eta euskara hutsez kolpatu ere. “Norberak daki nortzuk izan diren bere maisuak” zioen Angel Marik bere tesian. Nire maisuak nortzuk izan diren badakit. Ikastaro horri esker jakin nuen. UEUri esker.

Bi anekdota txiki.

Lehena, Antxon Mendizabalek ikastaroan bertan botatako perla bat, Lanki Ikertegiari buruz ari zela. “Horiek proposatzen dutena iraultza da”. Ondoren, zera esan zuen: “UEU ere iraultza da”. Eta UEUkide egin nintzen. “Ikasketetan, ikerkuntzan… motibazioa da gauzarik garrantzitsuena: berdin dio zelako gabeziak dituzun, gogoz lan eginez oztopo guztiak gainditu ditzakezu”. Saul izeneko UEUkide bati bota zizkion hitz horiek. Beti izan ditut gogoan.

Bigarrena, ikastaroa bukatuta, Angel Mari Errastik egin zidan oparia. Garai hartan, kooperatibismo eta sindikatuen inguruko lan bat idazten nebilen. UEUko kurtsotik ikasitakoaz osotu nuen. Ordura arte nire unibertsitatea izandakoan ez zidaten argitaratu nahi: erantzunik ere ez zidaten eman. Angel Mariri lan hori gustatu zitzaion eta UEUko liburu batean argitaratu zuen. 22 urte nituen. Nire maisu berrien ondoan, unibertsitate mailako argitalpen batean! UEUn bakarrik eman ahal zaio horrelako aukera ikasle xume bati.

Berdintasuna eta Horizontaltasuna. UEUk ez ditzala inoiz galdu. Beste batzuek ezagutu ere ez baitituzte egin eta.

Unai Del Burgo (Ekonomia Saila) / Irudia: Ekonomia sozialaren erronkak kapitalismo globalean liburuaren azala

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude