Gogoberotasun kutsagarria

Donibane Lohitzunen besarkatu nuen lehen aldiz UEU. Gozoa bezain alaia izan zen topaketa. Pariseko Unibertsitateetan igarotako sei urteetan aurkitu ez nituen etxekotasuna, senidetasuna eta kidetasuna agertu zitzaizkidan bat-batean UEUn. Jakintza unibertsalaren baratzean euskara eta Euskal Herria landatu nahi genuenon biltzarra izan zela adieraziko nuke. Gure artean auzolan berri bat hasten genuela ohartun izanik, zorionez gainezka jarduten genuen orduz ordu eta egunez egun. Gure curriculum eskolierrean, lehen aldikoz euskaraz egiten ginuzten jakintza trukaketak izan ziren askorentzat. Aurrez guretzat ez baitzen izan sekulan euskaraz egindako formaziorik. Alderantziz, hainbat ikastetxe gunetan bezala eguneroko bizitza egoeretan ere euskaraz bizitzen saiatzea bera debekatu izanaren esperientzia genuon.

Gogoratzen dut ere UEUko jardunaldi haien amaieran, France 3 telebistak, hamabostean behin ematen zuen euskarazko emanaldi batetarako gai bilakatu ginuztela UEUko irakasle gazteen arteko lau lagun : Klaudio Harluxet, Ramuntxo Camblong, Joserra Etxeberria eta ni neu, hain zuzen. UEUko jardunaldiak egiten ziren eraikinaren aitzinean zegoen baratze ongi zainduan, arrosa lore gorriz inguratuan, lauok borobilean lurrean emanik ginela, Maite Barrenetxe telebista gidariak mota guztietako galderekin setiatu ginuzten barruan garamana kanpora atera nahi izan zuelarik. Gogoz eta bihotzez hustu ginen telesbitako kameraren aitzinean. Orduz gero ez dut okasiorik izan lan hura berriz ikusteko, baina UEUren historia egiteko orduan balioko lukeen agiri bat ehotu genuelakoan nago. Abiadako UEU kideen artean sarri-sarri aurkitzen zen gogoberotasun kutsagarri hura aurkituko genduke. Baita garai haietan euskal unibertsitatearentzat ginuzten pentsamoldeak eta erronkat ere.

Jokin Apalategi (UZTARO aldizkariko Zuzendaria) / Argazkia: Udako Ikastaroen lehen kartela

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude