UEU izeneko “zerbaitetarako” materiala prestatzen

1977ko urtarrila zen eta gabonetako oporretatik itzuli berriak ginen unibertsitatera. Egia esanda ni Gasteiz alboan kokaturiko Arakako kanpamendutik nentorren, Milicias Universitarias deituriko soldadutza egiteko era berezi hartako lehen hiru hilabeteak “disfrutatzetik” nentorren, ohi baino buru-nahaste handiagorekin, dena esan behar bada.

Itzulera hura, baina, ez zen aurreko urteetakoa bezalakoa izan. Alde batetik, egun batzuk lehenago orduko Universidad de Bilbaoko Zientzi Fakultateko Biologia Sailean irakasle-kontratua sinatuta neukalako eta, bestetik, orduko nire tesi-zuzendariak ikasturte hartantxe hasitako bilera batzuetara joateko gonbidapena luzatu zidalako, “la promoción de la cultura vasca” omen zen bileron helburua. Bileran hiru biologok hartu genuen parte: bata erdalduna (nire tesi-zuzendaria, bestea euskara ikasten zebilen, baina artean oso “berde” zegoen eta, azkenik, ni neu, euskaldunzahar bizkaitarra, zerbantinoz dotore xamar idazten nuena, baina euskara bere ama hizkuntzan “analfabeto totala” nintzena. Laugarrena, eta bileren antolatzailea, ingeniaria, gure Fakultatean Fisika ematen zuena eta niretzat guztiz ezezaguna zen mutil gaztea, oraindik 30 urte bete ez dituena gaztetzat hartzen delako, ezta. Erraz asmatuko zenuten nor zen ezkutuko gure pertsona hori, ezta? Bai, bada, Joserra Etxebarria.

Euskalduna nintzenez, bilera ostean unetxo batez nirekin egon nahi zuela esan zidan Joserrak eta denbora galdu gabe beste bilera-mota batera gonbidatu ninduen. Bertan soilik euskaldunak elkartzen zirela eta UEU izeneko “zerbaitetarako” materiala prestatzen zebiltzatela kontatu zidan. Artean UEU Hegoaldean ekitaldirik egin gabe zegoen eta nik, kontzienteki behintzat, entzun barik neuzkan sigla haiek.

Biologiako ikasle batzuekin batzen zela eta “Ekologia” ikastaroa prestatzen zebiltzatela esan zidan eta bileretan JAKINen Natur Zientziak hiztegiko Ekologia artikulua irakurtzen zebiltzatela, ulertzeko zaila zena denon artean argitzeko. Geroxeago konturatu nintzen gu bezalako euskaran analfabetoentzat zein zaila zen bertan erabiltzen zen euskara aski garbizalea…

Ostean, prestatzen zebiltzaten gaien zerrenda eman zidan. Irakaslea nintzenez, ikuspegi osoagoa izango nuela, eta zerbaiten hutsunea sumatuko banu, esateko … Badakizue, norbait limurtu nahi baduzue, ba al dago ezer hoberik lausengatzea baino?

Hurrengo astean inuzenteki esan nion Joserrari nire ustez “Giza Ekologia” gaia falta zela… “Ba, badakizu zein gai prestatu behar duzun” izan zen Joserraren erantzuna. Gure Joserra beti izan da etorri handikoa, bere bertsolari-ibiliak argi erakutsi digunez.

Hau da nik UEUri buruz daukadan lehen gomuta, maitasunez nire gogoan ondo gordeta dudana.

Jesus Mari Txurruka (Natura Zientziak Saila) / Argazkia: Jose Ramon Etxebarriari omenaldia. 1997.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude