UEUrekin lotutako oroitzapenak

UEUrekin lotutako oroitzapenetan Iruña agertzen zait. Ezagutzen ez nuen hiriaz gozatzeko aukera izan nuen uda bero hartan nire pasioa den historiako klaseetan Erresuma zaharraz hitz egiten genuen bitartean. Kazetaritzako karrera amaitu eta horrenbeste urte geroago, ikasgelako mahai deseroso berde hartan oso eroso nengoela konturatu nintzen. Uda hartako esperientziak animatuta, Antropologian izena eman, eta hain ederrak izan ziren urte haiek bizitzeko aukera izan nuen berriz unibertsitatean.

UEUrekin lotutako oroitzapenetan Biarritz agertzen zait. Eta irakurtzen horrenbeste ordu sartu nituen hondartza haizetsu hartako harrizko eserlekua, eta horrenbeste gustatu zitzaizkidan nazioarteari buruzko klase haiek, eta aspaldiko lagun hura aurkitu nuenean hartu genuen kafe gozoa..

Berriz ere Biarritz. Galduta. Urte hartan, klaseetara iristeko bidean egunero galdu egin nintzen. Eta klasean ere bai. Informatika ez da nirea. Behintzat begiratzeko modukoa zen “irakaslea” izan nuen eta Euskal Herria Zuzeneanen Manu Chao ikusi aurretik txosnan agurtu nuenean eta irribarre handi harekin edaria atera zidanean, agian, informatikari beste aukera bat eman behar niola ere pasa zitzaidan burutik.

UEUrekin lotutako oroitzapenetan Baiona agertzen zait. Eta San Ferminak iristear. Eta mimo klaseak. Eta ariketak egiten hasi aurretik berotzeko egiten genituen abdominalak. Antzerkia ere ez dela nirea ohartzeko baliogarria … Baina zenbat barre! Lagunarekin joan naizen aldi bakarra, ederra.

UEUrekin lotutako nire oroitzapenetan jendea dabil, aspaldiko lagunak eta lagun berriak. Eta joandako egunak eta etortzeko daudenak … Itzuliko naizelako!

Ilaski Serrano (UEUko bazkidea) / Argazkia: joxin

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude