Guztiontzat zegoen zeregina

Udako Euskal Unibertsitateaz dudan lehen oroitzapena, bertara Roncalesa-n inguratu izana da, Autobusesetik abiatu eta bidean Mikel Antza aurkiturik, elkarrekin Iturrama auzoan barrena Pio XII-n gaindi oinez nola joan ginen; auzoko alderdi libreetan hondarreko eraikuntzak egiten ari ziren 1982ko uztail hartan; oraingo gasolindegi eta bingoak orduantxe ari ziren kokatzen.

Larraona egoitzaz bazkaltzeko txartelak biltzeko ilarak ditut gogoan: Martin Orbe eta Baleren Bakaikoa orduko buruak, ilaran haiek ere. Mari Karmen Menikaren kudeaketa adeitsu baina neurtuak erdi galdurik genbiltzanok salbatzen gintuen; ondotik filologiako karrera ofizialean berraurkitu nuen Mari Karmen.

Nabarmentzeko oroitzapena: eskoletara ikasteko borondate onez eta interes biziz agertzen ginen guztiok; ene orduko irudian, han ez zirudien irakasle / ikasle dikotomiarik zegoenik, euskal hizkuntzarekikoen ikerketa guztion zeregina zen, gehiago zekitenena eta zertxobait genekienona; ez dut “simetria” hitza erabili nahi, baina Euskal Hizkuntzalaritza edo Filologiaren ikerketa ez zegoen irakasleengana mugaturik: han guztiontzat zegoen zeregina. Txillardegik talde batzuetan sartu gintuen hainbat gazte ezjakin, ikerketa denon artean egin genezan. Durangoko urteoroko sailen bilkuretarik itzuleran, Antiguako maisu handiak eta biok huntaz eta hartaz geniharduen haren auto zurian, ohi zuen gozotasuna lagun.

1996ko maiatzean Gotzon Aurrekoetxeak Senpereko lakuan UEU-ra sailburu itzultzeko eskatu zidan, bazela zeregina; ene barrenean gonbite hura agindu bilakatu zen. Ordurako, unibertsitate ofizialetako kreditu sistemari hein batez egokiturik edo baliokideturik zegoen UEU, eta eskoletako hartu-emanak ezagun zuen hori, baina UEU barreneko hartu-emanek beti bezain adeitsu zirauten, berriz ere Mari Karmen Menika, Nekane Intxaurtza, Mateo Pagazaurtundua Ane Sarasua eta beste langile-adiskide batzuei esker.

Iñaki Camino (Hizkuntzalaritza saila) / Argazkia: Gran Enciclopedia Navarra

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude