Lehen urratsak

Zerbait aipatzeko UEU izan baino lehenagoko Baionako solasaldiak aipatuko nituzke. Gure Udako Unibertsitatearen lehen urratsak izan ziren, eta hara gomitatu ninduen Piarres Txarritonek, Joxe Azurmendirekin Marxismoa eta Euskal Herria aipatzeko. Jende asko zen Baionako Euskal Erakustokian, asko ere mintzatu zen, eta askok frogatu goi-mailako gaiez aritzeko gaitasun aparta. Oraindik gogoratzen naiz Txillardegi eta Txelisen arteko eztabaidaz Merleau-Pontyri buruz… Hots, haiek egina egiteko animatu ninduten ikaragarri, eta UEUri zor diot, parte handi batean dudarik gabe, euskaraz idazteko dudan gaitasuna. Eskasa edo izanik ere, gure eta nire den herriaren kausa eta etorkizunarekin lotzeko bidea eman dit gaitasun horrek. Horregatik ere UEUan ari izan zareten (eta zareten) guztioi eskerrak emateko parada baliatu nahi dut. Adeitasun handienez.

Emilio Lopez Adan (UEUko bazkidea) / Argazkia: Ajith_chatie

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude