Emaidazu zorte ona

UEU, Iruña, Larraona. Arratsalde batez, Nafarroako mendialde eternorantz ezabatzea pentsatu nuen. Belaterantz. Bidean, sua falta nuela ohartu nintzen. Errepide bazterrean benta moduko bat hauteman nuen. Sartu nintzen eta eskailera estu eta ilun batek beheko solairura jaisteko aukera bakarrik uzten zuen, lurperantz bezala. Ez nintzen berehala ohartu hura beste lokal mota bat zela. Barran horma kontrara baztertu nintzen, eta mutil gozo bat agertu zitzaidan zerbitzari, betieratik han egoteko gazteegi. Bat-batean, aurreko gozotasunari matoi tinbrea hartu nion.

– Zuk zer nahi duzu?
– Ez daukat erantzun erraza. Erraturik sartu naizela uste dut. Sua baino ez dut behar.
– Hemen ez dugu surik saltzen. Nahi baduzu, neure metxerotik emango dizut.
– Eskerrik asko. Oraingo ez dut behar. Mendirako nahi nuen.
– Mendian sua arriskutsu duzu! Emaidazu zorte ona, lerdentxo! –entzun nuen, garondoan nabari nuen esku guri baten gainetik. Ahotserantz biratu nintzenean, neska bat hauteman nuen, irribarre limurkoiz irudi. Garondoko eskua nire gerrira pasatu zenean, hatzak banan-banan igartzen nituen, bakoitza bere saihetsaren bila.
– Emaidazu zorte ona, zerutxo!
– Nire zain al zeunden, zorte ona lortzeko?
– Gaur astelehena da, eta beharrezko dut astea ondo hastea. Emaidazu zorte ona, kurrintxo!
– Aizu, zail egingo zaizu egoera ulertzea, baina ez naiz horretara sartu. Errakuntza bat izan da.
– Zergatik ukatu behar zaio errakuntzari zorion bihurtzeko ahala? Egizu neugatik bederen.
– Laztantxo, egoera hau benetan sentitzen dut, eta penatzen nau. Gauza bat egin dezakegu, ondo baderitzozu. Trago batera gonbidatuko zaitut, berbalditxo bat egiteko, pertsonatik pertsonara. Niretzat atsegin handia izango da zu apur bat ezagutzea, hizkera eta tonu zoragarri horiekin.

Horma-angeluko besaulkian eseri ginenean, lanparatxo ongile batek neska oso gazte eta ezin xarmantago bat aurkeztu zidan, beilegi ilunkara, adats jaregina, begien hezean dzistada etengabeak, eta soineko urdinska libiano bat, lore xuabeki horiz ñabartua. Kolonbiarra zen eta Iruña inguruan bizimodu oparoa aurkitu ei zuen. Bere irekitasunari erantzun guran, neuk ere hor agertzen diot apaiz ohia naizela. ¡Oh, padresito! Erabat entusiasmatu zen. ¡Deme suerte, padresito!

Bere klub txiki anonimoaren aurrean, agur eta zorte on benetan! opatu nionean, hauexek izan ziren azken hitzak, bereak eta nireak:

– Musu bat eman daikezut?
– Errakuntza sendatzeko era dotorea litzateke.

Gehiago ez dut ikusi, baina musua ez da amaitzen.

Xabier Amuriza / Argazkia: misescapadaspornavarra.com

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude