Nostalgia puntua

Egurrezko mahai luze eta handi bat. Horren gainean hiru ordenagailu, zirriborroak eta udako ikastaroen panfletoa. Leiho zabal eta gardena. Bertatik Eibarko postmodernismoaren ikur nagusia ikusten genuen egunero. Hauxe izan zen hilabete batez prentsa bulegoa osatu zuen gela. Tresneria eta baliabideez gain, hiru emakumek ipini genion gela horri falta zitzaion glamourra edo hobe esan, gatza eta piperra! Gure lana 2011ko udako ikastaroen inguruan prentsari ikastaroen berri ematea izan zen. Horretarako ikastaroak zuzentzen zituztenei elkarrizketak egin, ikasleei iritziak eta balorazioak eskatu, argazkiak atera, … Egoera emozional guztietatik pasatzeko denbora izan nuen hilabete hartan; estresa, poztasuna, urduritasuna, … Baina egoera guztiek alde positiboa izan ohi dute eta balorazio ezin hobea atera nuen esperientzia hartaz. Azken finean, gela hura ez zen soilik prentsa bulegoa izan. Barre bulegoa, harremanen bulegoa, berriketarako bulegoa eta baita hamaiketarako bulegoa ere! Oraindik gogoratzen dut ikastaroak promozionatzeko egin genuen bideoaz. Zenbat barre eta une dibertigarri! (Noiz jaso behar dugu Ninbe Moreno eta biok zuzendari onenaren Oscarra?). Ia urtebete pasa da ordutik. Nostalgia puntuarekin begiratzen diot orain. Hala ere pozik nago momentu hura bizi izan nuelako eta baita aprobetxatu ere, izan ere, barne eta kanpo komunikazioaz asko ikasi nuen. Aurten udako ikastaroen 40.urteurrena ospatzen da; espero dut beste horrenbeste betetzea eta aurrerantzean ere horrelako osasunarekin jarraitzea. Amaitzeko, UEUko lankideei eskerrak ematea besterik ez zait geratzen. Segi dezatela beti bezain fin, langile eta jator. Eskerrik asko eman zenidaten aukeraz.

Izaskun Urbieta (Prentsa-bulegoa) / Argazkia (ezkerretik eskuinera): Ninbe Moreno, Maria Gonzalez eta Izaskun Urbieta. 2011.

Iruzkinak (1)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude