Txillardegiri esker

Bi hitzetan esanda, hara, neuk UEUn ezagutu nuen Txillardegi. Ez da hor ezagutu dudan pertsonaia historiko nabarmen bakarra, baina orain hari buruz lerro pare bat nahi nuke idatzi.

Txillardegi

1985. inguruan izango zen (edo aurreko urte, edo ondokoa) Iruñean, Larraonan. Nire lehen urtean zela uste dut. Lehen astean Filosofian murgilduta ibili nintzela uste dut, eta bigarrenean Historian. Balegoke zer esanik bi ikastaro horiei buruz, baina orain noan harira: horietako batean bilera batera deitu ziguten sailetako ordezkariei. Tira, nire lehenengo urtea zen eta ni ez nintzen ezeren ordezkari, baina gogoratzen dudanagatik ez zegoen beste inor joateko gertu, eta hor agertu nintzen bileran, naturaltasun osoz. UEU ikaragarri horizontala izan da beti, uste dut zaila dela hori hainbat jenderi ulertaraztea edo sinestaraztea, baina halakoxea izan da beti. Adibideak, mila, adibidez nire bizipen hau.

Bada, hori, hortxe agertu nintzela ni “sailburuen” bileran, arratsaldez. Larraonako gela batean. Baleren Bakaikoa gogoratzen dut, orduko burua, Mari Karmen Menika, orduko idazkaria… eta egia esan, beste inor ez, salbu beste bat: Txillardegi. Eta hor abiatu zen kontua, balantzea, edo dena delakoa… ez dakit oso ondo. Baina bai gogoratzen dut une batean planteatu zela (norbaitek planteatu zuela) ea UEUk zer jarrera hartu behar zuen EHUko Donostiako Udako Ikastaroei buruz. Eta, orduan, Txillardegik hitza hartu eta boikot osoa planteatu zuen, hitzez hitz. Denok dakigunez, ez zen erdibideko gizona izan sekulan ere ez.

Neu hari eta zur geratu nintzen. Orduan oraindik 3. mailako ikasle hutsa nintzela uste dut (edo 4.ekoa, asko jota). Ez nuen inoiz hitzaldi xume bat ere eman, ezta ikerketa trixte bat egin ere… zer boikoteatu behar nuen? Hitza hartu eta kontra hitz egin nuela uste dut… egia esan, ez dakit oso ondo luze edo labur hitz egin nuen, ezta zer esan nuen ere. Kontra, suposatzen dut. Baina ez da hori kontua. Ezta ere ezer berezirik erabaki ote zen jakitea edo gogoratzen saiatzea. Neuretzat, neure gogoan gorde zena, hauxe besterik ez da: hortik aurrera Txillardegik agurtzen ninduela eta lagunkoitasun osoz tratatzen ninduela, normal-normal. Nork, eta Txillardegik. Nor, eta ni, ikasle ziztrin bat, kontra egiten ziona gainera. Nori, eta berari, gu guztiontzat (neuretzat ere, jakina) ia-ia legenda bat zen gizona. Aluzinantea!

Horrela zen Txillardegi, ez zuen hierarkietan sinesten, berdin tratatzen zituen guztiak, denok ginen berdinak, ueukideak, kitto. Baina ez zen bakarrik tratu pertsonalari buruzko zerbait, ez; erabakiak hartzeko orduan ere berdintasunean sinesten zuen, erabateko berdintasunean.

UEU baldin eta den bezalako bada, Txillardegiri esker da. Ez berari esker bakarrik, baina baita ere berari esker.

Horra nire bizipena.

Pruden Gartzia (Historia Saila) | Argazki iturria: zuzeu.com

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude