Iraitz Lazkano: “Zenbait herrialdetan arnasguneetarako hizkuntza politika berezituak legez bermatu dituzte”

Datorren urtarrilaren 23an “Lurraldea eta Hizkuntza. Arnasguneen garapen jasangarrirantz” jardunaldia izango da Donostian; Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kontseiluak, UEMAk eta UEUk antolatutakoa. Iraitz Lazkano UEMAko lehendakariaren esanetan “benetako elkarlanaren eredu dira” jardunaldiok.

Hizkuntza-politika egin egiten da politika publiko guztietan. Politika publiko guztiek dute eragina euskararen normalizazio prozesuan…
Hori da. Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldiek azken urteotan agerian utzi dute hizkuntza politika ez dela euskara sailetik soilik egiten, eta hizkuntzarengan eragin handia dutela beste hainbat arlok ere: hirigintzak, turismoak, herri ereduak eta abar. Horregatik, ezinbestekoa da euskara zeharlerro gisa lantzea, alde batean egindakoa eraitsi ez dezan beste nonbait egindako zerbaitek. Ildo horretan, aurrera egin da azken urteotan, eta pauso garrantzitsuak ere eman dira. Esaterako, horren erakusle da eragin linguistikoaren ebaluazioak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lege izaera hartu izana; orain udalek ezinbestean neurtu behar baitute proiektu zehatzek hizkuntzarengan duten eragina. Ederra da ikustea jardunaldi hauen hastapenetan mahai gaineratu genuena gaur egun udaletan nola errotzen ari den. Hori, ordea, ez da goizetik gauera egiten, eragile askoren elkarlanaren ondorioz eta hainbat adituk egindako ikerketei esker baizik.

Zergatik eta zer egin behar den zehaztuta utzi ondoren, aurtengoa nola egingo den erabakitzeko jardunaldia dela aipatu zenuen aurkezpenean. Zer da, hain zuzen, Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldiaren bosgarren edizio honetan landuko dena?
Eragileen elkarlanari eta adituen ikerketari ikuspegi akademikoa ematen dio jardunaldiak, eta aurten ere horretan ahaleginduko gara; beti ere esperientzia zehatzetan oinarrituta. Azken batean, aurreko urteotako jardunaldietan arnasguneen garapen iraunkorrerako oinarriak mahai gainean jarri genituen, baina horiek nola abiarazi zehaztea ere garrantzitsua da; egin beharrekoen bidea ere zabaltzen hasteko. Horretarako, aurten, nazioartean arlo horretan egin diren urratsak ezagutuko ditugu lehenik, haietatik gurera zer ekar dezakegun edo guretzat baliagarria zer izan daitekeen aztertuz. Bestetik, udalerri euskaldunak modu iraunkorren nola garatu behar diren ere zehaztuko dugu, erdigunean bertakoa jarrita. Garapen horretan arkitekturak zer-nolako garrantzia duen ere aztertuko dugu; eta horiek guztiak nola uztartu, abiarazi eta koordinatu asmatzea ez denez erronka makala, horri ere heldu nahi diogu, hainbat herritako alkateen arteko mahai-ingurua horretarako baliatuta.

Zergatik dira Udalerri euskaldunentzat horren garrantzitsu jardunaldi hauek?
Hainbat arrazoi aipa daitezke. Batetik, euskalgintzaren, unibertsitatearen eta erakunde publikoen arteko elkarlanaren eta zubigintzaren emaitza direlako. Behin baino gehiagotan aipatu izan dugu diagnostikoa egiteko, sendabidea proposatzeko eta hori herrietara zabaltzeko behar diren urrats guztiak eragin dituztela jardunaldi hauek. Benetako elkarlanaren eredu direla, alegia. Horregatik soilik ere garrantzitsuak dira; baina baita euskararen arnasguneek hizkuntzaren biziberritzean duten garrantzia ikusarazten eta ulertarazten laguntzen dutelako ere. Azkenik, udalerri euskaldunak dituzten beharrei eta erronkei erantzuteko egin beharrekoa ere zehazten dutelako, udalerri euskaldunak behar bezala babestu eta garatu ahal izateko.

Zein da azken helburua? Zer atera nahiko zenukete jardunaldi hauetatik?
Arnasguneek arnasgune izaten jarrai dezaten eman beharreko pausoak abiarazten laguntzea. Horregatik aipatu dugu zer egin behar den zehaztuta dagoela, baina nola egin behar dugun ere adostu behar dela aurten. Nazioartean, zenbait herrialdetan, arnasguneetarako hizkuntza politika berezituak legez bermatu dituzte, eta interesgarria izan daiteke hemen horretarako aukerak izan ditzakegun ere aztertzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude