IEB11ren ajeak

Iritsi zen maiatzaren 12a, IEBren (Informatikari Euskaldunen Bilkura) VIII. edizioa. Goizeko 9tan eman zion sarrera UEUko zuzendaria den Karmele Artetxek bilkurari, Miramonen kokatuta dagoen Donostiako Teknologi Elkartegiko Eraikin Nagusian. Goizetik giro paregabea sumatzen zen Areto Nagusiko atmosferan. Euskal sarea ezagutu eta zabaltzeko asmoz 220 bat lagun bildu ginen; informatikariak gehienak, komunikatzaile, hezitzaile eta gaian interesatuek ere lekua izan zuten.

gizarte sareak

Edizio honetako gaia gizartean puri-purian dagoen gaia izan zen; gizarte-sareak, alegia. Aurreko edizioetan jorratutako gaiek informatikako esparru bakarra tratatzen zuten, baina sare sozialen gai honek (gizartean hain eskuragarri eta erabilgarri denak) hainbat esparru ezberdin ikertzeko aukera eman zuen. Hemen ekitaldiaren arrakasta!

Horrenbestez, hasierako 4 hitzaldi orokorretan gizarte sare hauek sortzen duten panorama aztertu zen. Ondoren, hiru gai edo esparrutan banatu zen ekitaldia. Esparru bakoitzak sare sozialen barneko azpiatal batzuk aztertu zituen; hala nola, partaide bakoitzak interesaren arabera gela batetik bestera igaro zezakeen.
Lehenengo esparruan online sare sozialetan pertsona edo marka batek duen eragina aztertu zen. Guztira 6 hitzaldi eskaini ziren.
Bigarren esparrua, hezkuntzari lotua egon zen. Hainbat proiekturen berri eman zen, guztiak IKT eta hezkuntzarekin elkarlotuak.
Azkenengo esparrua guztietan teknikoena izan zen. Bertan, oraingo teknologia berrietako gailu eta sistemen inguruan mintzatu ziren.

Goizeko ekitaldia arrakastatsua izan zen benetan. 200 lagunetik gora elkartu ginen Donostian, baina streaming bidez ere ikus-entzuleek jarraipen ona egin zuten. Ordenagailuek kea botatzen zuten eta sare sozialetako mugimendua edonor aztoratzeko modukoa zen!

Arratsaldeko saiorako eginkizun berezia zegoen prestatuta, beste urteetan egin ez zena; “sarea josten” ekitaldia, non 80 bat pertsona bildu ziren. Ekintza hau guztietatik praktikoena izan zen. Arratsaldeko saio honetara geratutako partaideak taldeka jarri eta gai baten inguruan euren ideia, zalantza, eta iritziak plazaratu zituzten. Askotariko gaiak landu ziren, hala nola; wikilariak, software garapena, ikerketa, informatika eta irakaskuntza, saregileak, software librea eta lan-kontaktuak.

Egun mamitsu eta emankorra izan zen atzokoa. Hainbat ideia, ondorio, eztabaida, etorkizuneko galderak, … ezagutarazi ziren. Partaideek ere, nola ez, elkarreraginkortasuna eta euren arteko sarea estutzea ahalbidetu zuten. Guztiok euskal komunitatea ezagutu, zabaldu eta hobetzeko esperantzarekin hemendik bi urtetara elkartuko gara. Guztion artean euskal blogosfera eta komunitatea saretuko dugu!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude