Abel Camacho: “Irizpide kritikorik ezean, argi ikusten dugu instrumentalismo teknologikoan erortzea errazegia dela”

Urteetako esperientziak bultzatuta, UEUk ikastarONline proiektu aitzindaria jarri du martxan ikasturte honetan. Bere bidez hezkuntza-testuinguru guztietarako baliagarri diren online ikastaroak sortzeko gaitasuna sustatu nahi du. IkastarONline ibilbidea modularra da eta modulu guztiak zein proiektua gainditutakoan, UEUk online ikastaroak sortzeko gaitasuna ziurtatzen duen aditu-agiria emango dio ikasleari. Abel Camacho Romero da proiektu honen atzean dagoenetako bat eta berak eman digu ibilbidearen nondik norakoen berri.

Zer da IkastarONline?
IkastarONline online ikastaroak sortzen trebatzeko egitasmoa da, Moodle izeneko ikasgela birtuala oinarri hartuta. Denera 120 ordu ditu, 30 orduko lau modulutan banatuta. Azkenengoaren helburua da partaide bakoitzak bere testuinguruan dituen beharrei erantzuteko ikastaroa sortzea; beti ere oinarri pedagogiko sendoak erabilita eta diseinu teknologiko egokia diseinatuta.

Jakina da Euskal Herrian irakasle asko direla Moodleren ohiko erabiltzaileak, eta horregatik egitasmo honek ibilbide ezberdinak egiteko aukera ematen du, modulu guztiak derrigor egin beharrik gabe. Izan ere, hasierako bi moduluak, oinarrizkoenak, egin gabe, hirugarrenera jauzi egin daiteke. Bestela esateko, ikastarONline norberaren egoeratik eta aurre-ezagutzetatik abiatuta, molde askotako prestakuntza-beharrei erantzuteko diseinatu dugun ikas-ibilbide estandarra da, baina era berean, pertsonaliza daitekeena.

Zergatik da hain garrantzitsua UEUrentzat?
UEUk beti erakutsi izan du konpromiso handia Euskal Herriko hezkuntza-sistemarekin. Une honetan oso garai nahasiak bizi ditugu eta eskola munduan ari garenok arazoez, kezkez eta erronkez beterik ikusten dugu geure jarduna.

Lege berriak alde batera utzita ere, eta hori ez da bada esfortzu txikia, begi bistakoa da teknologien garapen ikaragarri azkarrak irakasleen artean ezinegona eta kezka sortzen dituela. Hor dugu, esaterako, berriki guztiok zur eta lur utzi gaituen chatGPT izeneko aplikazio hori, adimen artifizialean oinarri duena. Nolatan eraman behar ditugu hori zein bestelako aplikazioak geure egunerokora? Baina, eraman behar ditugu? Zergatik? Zein irizpide erabilita erabaki behar dugu tresna teknologiko jakin baten alde egin ala ez? Irizpide kritikorik ezean, argi ikusten dugu instrumentalismo teknologikoan erortzea errazegia dela zeren iritzi zabaldua da teknologia jakin baten aldeko hautu egokiak hezkuntza praktika hobetu dezakeela.

Pandemiak, jakina, ez digu lagundu sentsazio hori leuntzen eta uste edo espero gabeko egoeren aurrean jarri gaitu. Gaur egun, adibidez, testuinguru hibridoak ugaritu egin dira, birtualitatearen eta presentzialitatearen arteko mugak guztiz lausotuta. Gainera, oraindik orain, hezkuntza-sistemak eskura duen azpiegitura teknologikoa ez da behar bezain aberatsa, ezta ugaria ere.

UEUk ikastarONline egitasmoaren bidez egoera nahasi horri eragin nahi dio, eta ikuspuntu teknopedagogiko sendo batetik abiatuta, analisirako eta hausnarketarako bitartekoak eskaini nahi dizkio euskal hezkuntza-komunitateari, horietan oinarrituta berrikuntza-prozesu esanguratsua sustatu ahal izateko.

2004an hasi zen UEU online ikastaroak ematen. Moodleren alde hasieratik. Zergatik Moodle?
Garai hartan molde askotako ikaskuntza kudeatzeko sistemak (LMS) zeuden merkatuan. Asko lizentziadunak eta ordainpekoak ziren, beste asko unibertsitateek eta hezkuntza erakunde ahaltsuek ad hoc garatutakoak, eta bakarren bat edo beste kode irekikoak. Moodleren aldeko apustua, neurri handi batean, software libreko aplikazioa izateagatik egin genuen, baina baita ikaskuntzari buruz duen ikuspuntu sozioeraikitzaileagatik ere. Gu gaude teknologia ez dela neutroa eta beti ere aukera kontzienteak bezain kritikoak egin behar ditugula. Zalantzarik gabe, Moodlek elkarreragina eta ikaskuntza esanguratsua bultzatzeko aukera ematen digu.

Moodle izango du oinarri IkastarONlinek baina bestelako hainbat tresna libre erabiliko dituzue. Zer hartuko duzue kontuan?
Moodlez gain, bestelako tresnak ere landuko ditugu baina bereziki portfolio digitalak sortzeko Mahara izeneko aplikazioa izango dugu langai. Ikasleen autoerregulazio-estrategiak sustatzeko tresna egokia iruditzen zaigu eta saiakera egingo dugu unitate didaktiko digitaletan Mahara bezalako e-portfolio batek izan dezakeen rola aztertzen.

Eredu teknopedagogiko sendo baten beharra azpimarratu zenuen aurkezpenean. IkastarONline-n izena ematen dutenei eredu horretan jabetzeko modua eskaini beharraz…
Bai, jakina! Ikastaro horietan erabili dugun egitura didaktikoak bat egiten du UEUren online ikaskuntzarako eredu pedagogikoak zehaztutakoarekin. Ikastaro-moldeaz gain, hezkuntza-printzipioen gauzapenak eta bertan lehenetsitako aribide metodologikoek gidatu dute modulu guztien diseinua.

Izan ere, UEUk aspaldian ezarri zituen e-learningaren garapena eta inplementazioa helburu estrategiko gisa eta, harrez geroztik, buru-belarri aritu da helburu horiek lortu ahal izateko baldintzak eta egokierak sortzen. IkastarONline ibilbidea lan-esparru horretan lortutakoa Euskal Herriko hezkuntza-komunitatearekin partekatzeko egokiera ezin hobea da.

Zeintzuk dira ibilbide honen azken helburuak?
Bat baino gehiago dira, jakina, baina horien artean azpimarratzekoa da norberaren Irakasteko konpetentzia digitalaren (IKD) garapenari eragitea, eta bide batez, C1 mailako hainbat adierazle akreditatzeko baliagarri izatea (ikusi BOEn argitara emandako 2022ko uztailaren 1eko xedapena), batez ere bigarren arloari dagozkionak (eduki digitalak).

Horrekin batera, jakina, tresna teknologikoen erabilera didaktikoak norberaren testuingurura kritikoki egokitzeko aribideak landu nahi direnez, etengabeko garapen teknologikoak hezkuntzari egiten dizkion ekarpenak eta sortarazten dituen arazoak ulertzeko eta interpretatzeko modua eskaintzen du ikastarONlinek.

Azkenik, ikasleei proposatuko zaie ibilbidearen amaieran sortu behar dituzten ikastaroei Creative Commons lizentzietako bat emateko eta UEUk propio horretarako sortuko duen ikastaro libreen biltegian gehitzeko baimena emateko. Hartara, partekatzeko eta berrerabiltzeko kulturari eragin nahi diogu, UEUn ohi dugunez.

Udazkenean egin zen lehenengo ibilbidea. Zein da egiten duzuen balorazioa?
Egia esateko, oso balorazio positiboa egin dugu. Hezkuntza-etapa guztietako irakasleek eman zuten izena eta hori oso aberasgarria izan da guztiontzat. Askotan geure errealitate txikiaren mugen artean bizi gara eta ikaskideen beste mundu eta errealitate horiek ezagutzea kontrasterako oso baliagarria izaten da. Gainera, elkarreragina eta komunikazioa bultzatzea oinarrizko aribide metodologikoa izanda, eztabaidarako eta hausnarketarako aukerak ugari izan dira. Nik uste elkarrengandik asko ikasi dugula eta hasiera ederra izan dela lehenbiziko ibilbidea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude