Karmele Muro: “Norbere ahotsa aurkitzea eta eskaintzea gauza zoragarria da”

UEUren udaberriko eskaintzaren barruan “Ahots-teknika ikastaroa: kantua sentitu, jolastu, gozatu” ikastaroa izango da Karmele Muro Maritxalarren eskutik. Musikan lizentziaduna da Muro, kantu espezialitatean. Irakaslea da DBH, Batxilergo zein Kontserbatorioetan. Abesbatza zuzendaria eta formatzailea ere bada.

Lanbide askotan lan tresna da ahotsa, baina behar den moduan erabiltzen dugu orokorrean?
Ahotsak beti laguntzen digu. Gure bizitzan, gure lanbideetan… erabiltzen dugu. Gure egunerokotasunean erabiltzen dugu eta zaindu behar dugu.

Ezin da orokortu eta esan denek gaizki erabiltzen dutela ahotsa. Bada benetako arazoak dituen jendea, hori egia da, baina denek ez dute arazorik.

Niretzat funtsezkoa litzateke mundu guztiak ahotsaren, arnasketaren, emisioaren eta abarren inguruko prestakuntza jasotzea. Gure igortzeko moduak guregan eta besteongan eragina du eta hori ere zaindu beharra daukagu.

Zer hartu behar da kontuan batez ere?
Bidea arnasketa da. Hori da iturria. Hortik aurrera, gorputz-jarrera, igorpena, erresonadoreak, bokalizazioa, esku hartzen duten muskuluak, etab.

Ahots-teknika lantzeaz gain, kantua sustatzea ere bada zure helburua?
Kantatzea bizitzeko modu bat da. Kontuan hartu behar da ahotsa gurea dela, bakoitzak ahots desberdina eta pertsonala duela, ahots hori aurkitzea eta eskaintzea gauza zoragarria dela. Beraz, kantatzea emozioak askatu, sentitu eta gozarazten dituen plazera da.

Nori begirako ikastaroa da?
Kantatzea gustuko duten eta komunikazioa hobetzeko estrategiak ikasi nahi dituzten guztiei.

Kanturako errepertorio egokia aipatu duzu. Zein da horren garrantzia?
Funtsezkoa da zure ahotserako egokia den errepertorioa abestea. Bestela, ahotsa hondatu eta urratuko duzu.

Horretarako, funtsezkoa da zure ahotsa ezagutzea, zer ahots-mota duzun jakitea eta zure ahotsa zoriontsu dagoen lekua edo erregistroa aurkitzea.

Zein arlo edo gai landuko dituzu ikastaroan?
Hutsetik hasiko gara, ahotsa mugitzen den atalak edo tokiak ezagutuz. Arnasketa gorputzarekin, ahotsarekin eta barrunbeekin lotuko dugu. Eta abestuko dugu, praktikan jarriko dugu ikasten dugun guztia. Kantatzen, kantatzen ikasten da.

Zer lortu nahiko zenuke?
Ikasleei estrategiak ematea gustatuko litzaidake, bakarrik daudenean praktika dezaten. Erakutsi gero haiek egin behar duten bidea, eta ikastaroa egin ondoren bide hori egiteko gai izan daitezela.

Egingo dugun lanarekin gozatzea nahiko nuke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude