Naroa Gorostiaga: “Hizkuntzaren kalitatea hobetzeko jendeari tresnak eskaini behar zaizkio”

Iritsi dira Baionako Bernat Etxepare Lizeora UEU-ren 50. urteurreneko udako ikastaroak. Bosgarren urtez Euskara Gaitasuna Lantzen tailerra antolatu dute elkarrekin Euskararen Erakunde Publikoak eta UEUk. Naroa Gorostiaga Euskararen Erakunde Publikoko (EEP) hizkuntza politikako kargudunak eman digu ikastaroaren berri.

Bosgarren urtez Euskara Gaitasuna Lantzen. Zergatik da beharrezkoa tailer hau antolatzea?
Euskarari buruzko zalantzak egunero sortzen direla ikusten dugu Euskararen Erakunde Publikoko jardunean. Hainbat eskakizun iristen dira eta ikastaro hauei esker ikasi dugu geroz eta tresna gehiago badirela euskarari buruzko zalantzak argitzeko eta euskarazko iturriak atzemateko. Euskaltzaindiarekin dugun partaidetzari esker posible izan zaigu tresna berriak argitaratu eta plazaratu ahala jendeari aurkeztea. Duela bost urte gaur egun dauden tresna batzuk ez ziren existitzen eta denbora aitzinatu arau tresna berriak daudenez pixkanaka guztiak ezagutarazten saiatzen gara.

Parte hartzaileentzat urteroko hitzordua bihurtzen ari da ikastaro hau?
Bada jendea urte guztiz etortzen saiatzen dena, baina ni biziki pozik naiz aurten jende berri anitz badelako. Bai jende kopuru aldetik eta baita profesionalen aniztasun aldetik ere. Gurekin ditugu itzultzaileak, euskara irakasleak, kazetariak, ohitura desberdinak dituzten jendea, ikasleen perfila askotarikoa da. Urteroko jende fidela eta kuriositateak ekarri duen jende berria ditugu, horrek jakin mina piztu dugula esan nahi du eta poztekoa da.

Ikastaroa bi ataletan banatu duzue, zer landu duzue bakoitzean?
Goizean Paskual Rekalde eta Andres Alberdi euskaltzainak gonbidatu ditugu, tresna desberdinak, zalantzen txokoa, Euskaltzaindiaren batzorde batzuren eta tresna berrien aurkezpena egin digute. Arratsaldean berriz Euskaltzaindiaren lan batean oinarrituta aritu gara lanean. Euskararen Erakunde Publikoak urtero argitaratu nahi diren liburuei, argitaratu aitzin Euskaltzaindiak egin dien gainbegiradari esker agertzen diren hainbat akats zerrendatu ditugu. Antton Harignordoqy itzultzaileari eskatu diogu akats zerrenda hori hartuz nola zuzendu behar diren, zer tresna erabili, erantzunak non atzeman daitezkeen kontatzeko.

Aurten idatzizkoari eman nahi izan diozue garrantzia.
Aitzineko urtetan ahozko arazoak landu genituen, irratietan ahozkoan agertzen ziren zalantzak abiapuntu hartuz. Orain idatzizkoei edo argitaratzaileei zuzendu dugu ikastaroa. Ez argitaletxeei bakarrik, egunero afitxak idazten dituzten elkarteak edo aldizkariak ditugu hemen. Elkarte profesionalak eta profesionalak ez direnak, badituzte itzultzaile taldeak, beren baitatik ahalik eta ongien lan egiten dutenak. Eurei ere tresnak eskaini nahi dizkiegu, jakin dezaten ez dela gauza bera ahozkoan erran daitekeena edo idatzizkoan. Eta idatzizkoaren barruan ere gauza bat dela lagun arteko testuak trukatzea eta beste bat gizarteratu nahi den informazio bat ahal bezain zuzen ematea. Idazteko gomendioak non atzeman daitezkeen azaltzea da aurtengo helburua.

Zergatik da garrantzitsua ikastaro hau UEU-ren 50. urteurrenaren baitan kokatzea?
Euskararen Erakunde Publikoan batzuetan iruditzen zaigu hizkuntzaren ebaluazioa soilik egiten dugula. Nik uste dut ebaluazioaz gain jendeari tresnak eskaini behar zaizkiola, gero hizkuntzaren kalitatea hobetzeko. Gure eginkizunetako bat da hizkuntza kalitatea hobetzea Euskaltzaindiarekin. UEUri esker justuki lortzen duguna da gizarte osora heltzea. Guk bakarrik egingo bagenu, gure txokotik eta ez bagenu UEU bezalako erakunde baten laguntza izan ez genuke berdin eginen. Gizartean zabaldua eta oinarritua dagoen egitura da UEUrena, euskarri biziki interesgarria duena informazioaren hedapenerako eta antolakuntzarako.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude