Enpresa euskaldunaren erronkak jardunaldia antolatu du UEUko Ekonomia Sailak 50. Udako ikastaroen baitan. Mundu akademiko eta lan munduaren arteko zubiak eraikitze aldera, egungo egoeraren azterketa egitea izan dute helburu eta enpresa euskaldunen digitalizazioari buruz hitz egiteko gonbidatu dute Beñat Irasuegi Olatukoop-eko kidea.
Enpresa euskaldunen erronketan zer leku du digitalizazioak?
Enpresek digitalizazioa erronka garrantzitsu bezala ikusten dute, baina iruditzen zait gero norberak eremu hori lantzerakoan bigarren mailako zerbait bezala gelditzen dela. Askotan IKT-etan debaldeko tresnetara jotzen da eta GAFAM-en (Google, Amazon, Facebook, Apple eta Microsoft) esku dauden tresnak erabiltzen dira enpresen digitalizazioaren oinarri bezala. Horrek ondorio garbi bat du, enpresaren autonomia galtzen da tresna digitalekiko eta euskararekiko ere arazoak sortzen dira. GAFAM enpresa hauek garatzen dituzten tresnak ez daudelako euskaraz. Hauen alternatiba softwre libreko tresnak dira, gehienak euskaratuta daude eta euskara ongi funtzionatzen dute.
Hitzaldian aipatu duzu digitalizazioa kooperatibismotik eman behar dela. Zergatik?
Iruditzen zait kooperatibismoan edo ekonomia sozial eraldatzailean oraindik digitalizazioa kanpoko zerbait bezala ikusten duela. Esparru batzuetan, elikadura burujabetzan edo energia burujabetzan pausuak eman dira, baina digitalizazioan burujabetza ez dago nahiko txertatuta. Kanpoko tresnekiko dependentzia handia baita kooperatibismotik edaten duten enpresetan ere. Digitalizazio eredu desberdin batek, burujabeagoa den eredu batek, kooperatibismorako hainbat tresna hartu ditzake; interkooperazioarena adibidez. Hau da, elkarlana egitea kooperatiba desberdinen artean tresna digital bateratuak sortu, garatu eta mantendu ahal izateko. Elkarlana egin beharrak erdigunean jarriz.
Ekonomia soziala, tresna libreekin eta euskaraz lan egitea da enpresen etorkizuna?
Lurraldeari eta pertsonen beharrei egokitu eta atxikitako ekonomia sortzetik sortuko dugu digitalizazio emanzipatzailea. Gaur egun digitalizazioa oso modu negatiboan bizi dugu, digitalizazioak gure bizitzak hartu dituelako. Digitalizazioak gure bizitzetan denbora libre gehiago emateko tresna izan beharko luke eta ez alderantziz.
Zergatik hartu behar dute enpresek kontuan teknologia digitalaren kostua?
Enpresa guztiek geroz eta tresna digital gehiago asumitu beharko dituzte eta horrek kostu bat du, bai monetarioa edo datuen dependentziakoa. Gauzak merkeagoak badira ziurrenik tresna digitalak ematen dizkizun korporazio horrek zuregandik beste zerbait hartzen duelako da. Askotan zaila da horren kontzientzia hartzea eta zaila da jakitea noraino lortzen duen hori. Horri buelta eman behar diogu, burujabe izan nahi badugu. Normalean enpresa guztiek autonomia nahi izaten dute lan egiten duten esparruan, baina digitalizazioan ez da hain argi ikusten. Autonomia digitala nahi badugu, tresnak geuk ordaindu beharko ditugu, hau da lainoa den esparru sinboliko hori, oso fisikoa dena oinarrian, geuk ordaindu beharko dugu. Dirua inbertitu behar da azpiegituretan, softwarea garatzen eta hardwarea ekoiztzen. Teknologia digitalak merkeak izatera ohizen bagara, gero autonomia nahi dugunean suposatu dezakeen kostea handia izango da.
Euskal Herrian badugu estrategiarik digitalizazio burujabetzarako?
Oso eragile interesgarriak badauden arren, ez dago estrategiarik. Euskal Herrian euskarak berak euskaraz bizitzeko eta lan egiteko egon den beharragatik, teknologia digitalak euskaraz garatzeko testuingurua sortu da eta baita sare ekonomiko bat ere. Teknologiaren garapena euskaraz egiten duten enpresak daude, hori badugu, baina ez dago horren artikulatzen bat. Enpresa mundutik eta administrazioek ere ez dute estrategiarik. Dagoena oso liberala eta korporazio handiekiko oso mendekoa da. Datozen urteetan europar testuingurutik sortuko dira beharrak eta mugimendu sozialean, enpresa txikien artean kontzientzia pizte txiki bat ere badago eta hori ona da.
Zergatik da garrantzitsua hau bezalako jardunaldi bat UEUren 50. urteurrenaren baitan kokatzea?
Ekonomiaz eta enpresaz hitz egiteko gune bat sortu zuen UEUk ekonomia saila sortu zuen momentuan. Askotan unibertsitatea eta ekonomiaren arlo praktikoenak urrunduta egoten dira eta UEUk ematen duen pentsamendurako askatasun eremu horretan enpresa eredu desberdinak izan ditzakeen erronkak garatzeko toki atsegina eta egokia ematen du.