Irakasleentzat literatura irakurtzeko eta ikertzeko tresnen bila. Irakurketa feminista eta kolektiboa ikastaroarekin hasi dira UEUren 50. urteurreneko bigarren asteko ikastaroak. Eibarko Markeskoan eskoletan irakurketa zertan den eztabaida abiatu nahi izan dute. Andrea Perales eta Gema Lasarte aritu dira ikastaroaren koordinazio lanetan eta gustura daude jendeak emandako erantzunarekin.
Ze leku ematen zaio irakurketari eskolan?
Gema Lasarte: Esan daiteke eskoletan leihoak baditugula eta markoak ere bai, badaude irakurketa planak, baina nola egiten diren beste kontu bat da. Badago intentzioa, diskurtsoa sortzen da, baina diskurtsoari lurra emateko arazoak ditugu. Ia eskola guztietan daude irakurketarekin arazoak, gomendio batzuk badaude irakurketa planak aurrera eramateko, baina gero ez dira irakurketa minimoak betetzeko gutxieneko kondizioak betetzen. Haur hezkuntzan nahiko ongi hasten dena, lehen hezkuntzan uxatzen hasten gara eta DBH-n ez elkartze bat dago. Gizarteratzen garenean liburu bat irakurtzen badugu izugarrizko miraria da.
Andrea Perales: Ez da lurrera diskurtsoa eramatea bakarrik, gorpuztu ere egin behar dugu. Hezkideak izan nahi dugu, baina ez gara irakurzaleak, feministak gara, baina jarrera matxistak ditugu, oro har horrek ez du laguntzen gero irakurketak eskolan behar duen lekua izan dezan.
Eta generoari zer leku ematen zaio?
A.P.: Egoera berdinean gaudela esan daiteke. Hezkidetzatik apustua egiten da, baina praktikan ez da ematen. Zeharkako balore bat izan beharko luke, baina errealitatean ez da existitzen. Ez da eskolak bakarrik duen erronka, gizartean ere oraindik egiteko asko dago eta bi agenteak ez badira elkarrekin aritzen ez dago aurrera egiteko modurik.
G.L.: Politika egiten ari gara etengabe, hau da, irakurketaren erantzukizna hezkidetzan jartzen dugu saltzeko. Baina hori gero ikasgeletan ongi egiteko formatutako irakasleak behar dituzu. Baina nola egingo duzu, nola landuko duzu hori irakasle hori ez badago formatua? Ez badu irakurtzen? Ez bada hezkidetza Ez bada feminista? Nola egingo du ez badu materialik? Curriculumak oso ongi jartzen du helburuak zein diren, baina ez du zehazten bidea zein den.
A.P.: Elkar lanean egin behar den zerbait da, kolektibotik abiatuta, baina ez bada lan hori egiten ez dago modurik.
Zertan aldatu da irakurtzeko modua gizartean azken urteetan?
G.L.: Irakurketa zatitu egin da, kolapsatu, pantaila pila bat ditugu zabalik, pertsona batek hamar aukera izan ditzake momentu berean irakurtzeko. Informazio gehiegi sartzen zaigu, ezin dugu kritikoak izan, saltoka irakurtzen dugu, abiadura desberdinetan, likidotasuna nagusitu da eta sakontzea oso zaila egiten zaigu. Irakasle eta irakurle likidoak gara. Pentsamendu kritiko sakon bat sortu nahi baduzu, kultur artekotasunaren inguruan, generoaren inguruan edo hizkuntzaren inguruan zatitu egiten dira. Irakurketa gizartearen modukoa da, abiadura handian bizi gara eta halaxe irakurtzen dugu.
A.P.: Askotan estimulu desberdinak jasotzera ohituta gaude eta zaila da benetan irakurketa mantentzea. Irakasleak garen heinean multimodalitatetik abiatu behar dugu irakurtzeko beste modu bat dagoela erakusteko.
Irakurketa talde feministetatik ze ikas daiteke?
G.L.: Gurera etortzen diren neska guzti hauei asko gustatzen zaie irakurtzea eta guretzako izugarria da. Ezagutzen dute irakurketa eta orduan elkarrekin momentu ederrak pasatzen ditugu. Hor ikusten da badaudela irakurketarako gaitasuna eta plazera. Ezin duzu irakurtzeko plazerik sentitu gaitasunik ez baduzu. Irakurketa feminista taldeetan sortzen den giroa nahi nuke eskoletan.
A.P.: Irakurtzerakoak askotan kanonetatik abiatzen gara eta irakurketa taldeek kanon horietatik ateratzeko aukera ematen dute. Periferiara joaten bagara loturak lortu ditzakegu ikasleekin, eurak islatuta sentituko dira eta erreferenteak ere periferia horietan topatuko dituzte. Irakurketa demokratikoagoa eta horizontalagoa lortzeko aukera ematen dute.
G.L.: Irakasleak formatua egon behar du, baina baita motibatua ere. Gaur egun DBH-n Miñan edo Moio ez irakurtzea bekatua da. Moio transfeminismoaren kezkatik idatzitako euskal liburu bat da, Kattalin Miner Hernaniarrak idatzitakoa. Miñan ere irakurri beharko lukete gazteek, errealitate hori oso bizirik dagoelako. Kulturartekotasuna eta imigrazioaren errealitatea bizi bizirik daudelako. Idazleak eskolara ekarri, momentuan bizi dugun hori ikasgeletan kontestualizatzeko. Utzi literatura unibertsala alde batera eta irakurri ikasgeletan ikasleak harrapatuko dituzten liburuak.
A.P.: Gaur egun dugun literatura aniztasunarekin komikiak, eleberriak, poesia, mikroipuinak, edo ahozkotasuna ez erabiltzea galera bat da.
Zein dira ikastaroaren helburuak?
G.L.: Irakasleei erremintak ematea da helburua. Oso galduta daude eta egunerokoan erabili ditzaketen erremintak emango zaizkie. Lehengoa: irakur ezazu. Ez eskatu ikasleari irakurtzeko zerorrek ez baduzu egiten.
Zergatik da garrantzitsua ikastaro hau UEUren 50. urteurrenaren baitan antolatu izana?
A.P.: UEUren filosofiarekin oso ongi lotzen den ikastaroa da. UEUk beti lan egin du kolektiboan eta guk ere irakurzaletasuna ekintza kolektiboa izan dadin nahi dugu. Feminismoak ere kolektibotasun horretan badu zer esana eta hor ere lotura topatzen dugu UEUrekin.