“Informatikari Euskaldunen XII. Bilkura. Adimen Artifiziala” jardunaldia antolatu du UEUren Informatika sailak. Usue Mori UPV/EHUko irakaslea eta ISG taldeko ikertzaileak hitzaldi nagusia eman du “Adimen artifiziala atzotik gaurdaino. Justua ote?” izenburupean.
Azken urteetan pil-pilean dagoen gaia da Adimen Artifizialarena. Noiz eman zen iraultza?
Bai, azkenaldian oso modan dagoen gaia da, izan ere, nolabait, ia esparru guztietan sartzen ari da. Adimen Artifizialaren arloan lehen pausu garrantzitsuak 1950. urte inguruan eman ziren Turingen test famatuarekin eta Darmoutheko unibertsitatean egin zen kongresu batekin. Bertan, adimen artifiziala sortu zen ikerketa arlo bezala eta izena ere jarri zioten. Handik aurrera, adimen artifizialaren arloak gora-beherak izan ditu. Pare bat “boom” garai egon dira Darmoutheko kongresua eta geroko urteetan, eta 1980ko hamarkadaren hasieran sistema adituekin batik bat. Baina ondoren, garai hauetan sortutako gehiegizko optimismoak “Adimen Artifizialaren neguak” bezala ezagutzen diren pare bat garai ere ekarri ditu. Bertan, adimen artifizialaren erabilerarekiko mesfidantza handia sortu zen eta finantzazioa ia guztiz murriztu zen. Hala ere, azken urteetan, ahalmen konputazionala handitu den heinean, berriro eman da “boom” horietako bat. Ikerlariek problema zehatzak ebazteko adimen artifiziala oinarri duten sistema erabilgarri asko sortu dituzte arlo ezberdinetan erabiltzeko, besteak beste osasungintzan, industrian, zerbitzu publikoetan, hezkuntzan…
Zer da machine learning-a eta zergatik da hain garrantzitsua Adimen Artifizialean?
Adimen artifizialeko sistema askoren atzean datuetatik ikasitako ereduak daude. Zehazki, machine learning-a edo ikasketa automatikoa, datu kantitate handietatik ereduak sortzeko teknikak bilatzen dituen ikerketa arloa da. Eredu hauek datuak sailkatzeko, taldekatzeko, etorkizuneko iragarpenak egiteko eta abar balio dute.
Zein teknologia dago Adimen Artifizialaren atzean?
Teknologia ezberdin asko nahasten dira. Alderdi bat lehen aipatu dugun machine learning edo ikasketa automatikoa da, baina ebatzi beharreko problemak eta sistemak konplexuagoak bilakatzen diren heinean, beste hainbat faktore eta teknologia ere sartzen dira jokoan: ikusmen artifiziala, robotika, hizkuntza naturalaren prozesamendua, optimizazioa, errealitate birtuala…
Nola aldatu du gizakien bizimodua?
Adibide nabariena edo agian gehien ikusten dena sakelekoetarako dauden aplikazioak dira. Errepidean erabiltzeko nabigatzaileetatik hasita, musika entzuteko aplikazioetatik jarraituz, sare sozialak, edo laguntzaile pertsonalak esaterako adimen artifizialarekin zerikusia duten osagai bat baino gehiago txertatzen dituzte: ahotsa eta aurpegiaren identifikazioa, iragarpenak, gomendio pertsonalizatuak…
Gure bizitzetako zein esparrutan aurkitu dezakegu?
Gaur egun ia esparru guztietan topatu dezakegu. Adibide moduan, osasungintzan diagnostikoak eta iragarpenak egiten laguntzen duten ereduak topatu daitezke; industrian makinen degradazio eta akatsak detektatzeko balio duten ereduak; kiroletan jokalarien errendimendu eta lesio arriskuak iragarriko dituzten ereduak….
Euskal Herri mailan, zein pisu hartzen ari da Adimen Artifiziala?
Oinarrizko ikerketari dagokionez, adibidez UPV/EHUko Informatika Fakultatean, orain dela 25 urte hasi ziren hainbat ikerketa talde Adimen Artifizialaren gaiak ikertzen. Lan hau orokorrean arlo akademikora mugatuta geratzen zen, baina azken urteetan, ikerketa arloaren bilakaeraren eta erabilgarritasunaren ondorioz, geroz eta handiagoa da Adimen Artifizialean aritzen den komunitatea. Erakundeek ikusi dute Adimen Artifiziala berrikuntzarako tresna bikaina dela, eta apustu zuzena egin dute: proiektu berriak, erronkak, finantzaketa, bai arlo publikotik eta baita pribatutik ere… honek guztiak adimen artifizialaren zabalkuntza eta presentzia nabarmen azkartu du. Bilakaera honi erantzunez, ikasketa espezializatuaren eskaintza asko handitu da, ikastaroak, masterrak, graduak… Nik gertutik bizi dut EHUko Informatika Fakultatearen kasua, bertan irakasle naizelako. Orain dela bi urte sortu eta martxan jarri zen Adimen Artifizialeko gradu berria, gizartearen beharrei erantzuteko, eta arlo garrantzitsu honetan profesional trebatuak izateko. Bertan, lehen aipatu ditugun teknologia ezberdin guzti horiei buruzko ikasketak egiten dituzte ikasleek.
Adimen Artifizialaren alorrean indarra jartzeko momentua da?
Oraintxe aipatu dudan bezala, bai, zalantzarik gabe. Ahalmen konputazionala izugarri hazi da, gero eta datu gehiago ditugu eskuragarri eta honi esker arlo ia guztietan sortzen ari dira Adimen Artifizialarekin landu daitezkeen problema interesgarriak. Eta noski, enpresa eta erakunde ezberdinetan interesa piztu da. Dena den, oraindik lan asko dago egiteko, eta formakuntza eta ikerketari esker gero eta jende prestatuagoa izango dugu garapen berritzaileak eta gizartearentzat onuragarriak izango direnak egiteko. Gure aldetik, formakuntzan, ikerkuntzan eta transferentzian gogor dihardugu behar berri honi erantzun egokia eman ahal izateko.
UPV/EHUko Intelligent Systems Group ikertaldeko kidea zara. Adimen Artifizialari lotutako zein esparru lantzen duzue?
Taldean hiru arlo ezberdinetan egiten dugu ikerketa: machine learning, optimizazioa eta High Performance Computing, hirurak nolabait Adimen Artifizialarekin lotuta. Ni machine learning arlokoa naiz, eta oinarrizko ikerketa eta ikerketa aplikatua ere egiten ditut. Bereziki, denboran zehar jasotako datuetatik, esaterako denborazko serieetatik, eredu ezberdinak ikasten saiatzen naiz. Adibidez, industrian, makina ezberdinetatik jasotzen diren monitorizazio datuek, aldagai ezberdinen bilakaera adierazten dute denboran zehar. Gure lana da, datu hauekin eta modu automatikoan, ataza ezberdinak burutzea eta besteak beste patroiak aurkitzea edo balio arraroak edo anomaliak identifikatzea.
Adimen artifizialak badu kezka sortzen duen eta mahai gainean jarriko duzuen gaia: sortzen ari garen makinak eta ereduak diskriminatzaileak ala justuak dira?
Bai… Adimen artifizialari buruzko arriskuei buruz hitz egitean tipikoa izaten da arma autonomoen gaia, baina badaude beste arrisku batzuk, hain nabariak ez direnak baina kontuan hartu beharrekoak. Tartean, ereduen alborapena. Hau da, ereduek, gizartean gertatzen diren injustizia eta diskriminazio guztiak erreplikatu edo handitu ditzakete kontuz ibiltzen ez bagara. Zorionez, azken urteetan sona handia izan du gai honek eta ikerlari asko ari dira orain Adimen Artifizial justuago bat sortzeko mekanismoak sortzen.
UEUren 50. urteurrenaren baitan antolatu da IEBren 12. edizioa. Zein ekarpen egiten dio bilkurak gizarteari?
Arlo ezberdinetan lan egiten duten informatikari euskaldunak biltzea interesgarria dela uste dut, ezagutzak eta interesak partekatzeko gune aproposa delako. Gainera, aurten adimen artifiziala hizpide izanik, uste dut interesgarria dela gizartearentzat aurrerapenei buruz hitz egiteaz gain, sortzen diren erronka eta arazoei buruz ere hitz egitea: arazo etikoak, datuen pribatutasuna…