Iratxe Retolaza: “Euskal kulturaren ikuspegiak, ideologiak eta imajinarioak birpentsatu behar ditugu”

Donostiako San Telmo Museoak hartu du UEUren udako ikastaroen 50. urteurreneko Euskal Curriculumari buruzko jardunaldia, Elkar eta Ikastolen Elkartearekin antolatutakoa. Bertan elkartutakoek egungo esperientziak eta etorkizuneko aukerak landu dituzte. Iratxe Retolaza irakasle eta idazlea izan da jardunaldia antolatzeko lan taldean aritu denetako bat.

Nondik dator jardunaldi hau egiteko beharra?
Euskal curriculumaren inguruko kezka etengabea izan da azken hamarkadetan hainbat hezkuntza eragileren artean, baina azken urteotan hainbat forotan gaur egungo hezkuntza sistemaren diagnosi kezkagarri ugari egin dira, euskal kulturaren transmisiorako estrategia pedagogikoetan edo hezkuntza politiketan ez delako asmatu, eta eten argia sumatu dugulako hezkuntza esparruan aritu garen askok, euskal kulturarekiko (baita euskalduntasunarekiko edo euskalduntasunekiko ere) atxikimendu eta ezagutza gero eta eskasagoa sumatzen genuelako ikasleen artean (eta zirkularra denez, baita irakasleen artean ere). Diagnosi hori kezkaz bizi dugu, baina batez ere arduraz bizi dugu gutariko batzuek, eta zorionez, arduran arreta jarrita, saretzeari ere ekin diogu azken urteotan, eta horrek hauspotu egin ditu euskal curriculumaren inguruko auzia, baita euskal kultur transmisioaren inguruko eztabaidak ere. Euskal curriculuma elikatzeko norabide horretan lan eskerga egin dute UEUk, Elkarrek eta Ikastolen Elkarteak euren sorreratik, eta ondorioz, UEUren eta Elkarren mende erdia ospatzeko gai aproposa da, zalantzarik gabe.

 

Zergatik da une egokia Euskal Curriculumaren gaineko gogoeta egiteko?
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan Hezkuntza Itun bat adostu berri da, eta lege berri bat diseinatzeko bidean dira, baita curriculum berri bat ere. Halako aldaketa uneek ere gogoetarako tartea ekarri behar dute, orain arte egindako bideari ikuspegi kritiko batetik begiratzeko, eta etorkizunerako urratsetan zer aukera egon daitezkeen argi izateko. Ikusteko dago zer bide egingo duen lege berriak, baina Hezkuntza Itunean egon badaude kezkatzeko moduko zantzu zenbait, gutxien-gutxienik ez delako modu esplizituan inon adierazi euskal kulturaren transmisioa bermatu behar duela lege berriak, eta Euskal Curriculumaren inguruko erreferentziarik ere ez dago, eta abar. Aldaketa une batean egonda, eta irakasleei euren jarduna birpentsatzeko, eraldatzeko eta berregituratzeko ahalegina eskatuko zaienean, abagune ezin aproposagoa da birpentsatze ariketa horretan guztian kultur hezkuntzak, oro har, eta euskal kulturaren gizarteratzeak, zehazki, hezkuntza arautuan (eta ez-arautuan) nola egituratu eta txertatu beharko genukeen guztion artean birpentsatzeko.

 

15 urte pasa euskal hezkuntza komunitateak “Derrigorrezko eskolaldirako Euskal Curriculuma” diseinatu zuenetik. Balio al du ordukoak gaur egun?
Curriculum hark izan baditu indargune ugari, oraindik ere berrartu eta aldarrikatu beharreko ikuspegi ugari, besteak beste: lurraldetasuna ardatz izatea (ezagutzak egituratzean, koordinazio jardueretan, eleaniztasuna ulertzeko moduan), curriculum malgua eta irekia izatea, pedagogia berritzaileen alde egitea, izaera hezitzailea gailentzea alderdi profesionalak lehenestearen aldean… Baina, izan badira birpentsatzeko alderdi ugari, ulertzekoa denez, testuinguruak, ikuspegiak eta egiteko moduak aldatzen direlako, eta egokitzapenak, eraldaketak… beharrezkoak direlako edozein hezkuntza diseinutan.

 

Euskal gizartean emandako ze aldaketa txertatu beharko lirateke Euskal Curriculumean?
Hainbat alderdi birpentsatzeko eta egokitu beharko genituzke. Alde batetik, komunikazioaren inguruko ikuspegia eraldatu egin da azken urteotan, baita hezkuntza curriculumetan ere, eta beraz, komunikazioa jorratzeko moduak, ikuspegiak eta praktikak birformulatu beharko genituzke. Curriculum hartan komunikazioaren esparruan bakar-bakarrik komunikazio idatzia eta ahozko komunikazioa aipatzen ziren, eta gaur egun komunikazio gorpuztua, komunikazio multimodala eta komunikazio digitala lantzea premiazkoa da, eta komunikazio bide horiek euskalduntasunetik eta euskal kulturatik jorratzen ez baditugu, ez diegu ikasleei horietan euskaratik eta euskalduntasunetik aritzeko tresnarik edo baliabiderik emango, eta horiexek dira gaur egungo komunikazio bide nagusienak. Bestetik, oso garrantzitsua da curriculum hartan euskal kulturaren ondarearen eta genealogien inguruan egituratu ziren edukiak eta ikuspegiak birpentsatzea, begirada kritiko batetik, ondare horren inguruko diskurtso kritikoak garatzeko, baita begirada berrituak ere, gaur egungo gizarte kezkekin eta premiekin lotzeko, eta ikasleei ere ondare horrekiko askotariko harremanak izan ditzaketela adierazteko. Euskal kulturaren ikuspegiak, ideologiak eta imajinarioak birpentsatu behar ditugu kritika feministaren begiradatik, kritika ekologikoaren begiradatik, kritika antiarrazistatik… eta betiere klasearen aldagaia ere ardatz hartuta. Pentsamendu kritikoa ikasleen artean sustatzeko, lehen-lehenik geuk ere euskal kulturarekiko kokagune hori elikatu behar dugu. Azkenik, kultur hezkuntzan sakontzea premiazkoa da, kulturan trebatzeko proposamen eta prozedura didaktikoak birpentsatzea.

Orduan jarritako helburuak bete al dira?
Helburu batzuk bete dira: materialgintzan ekarpenak egin dira, hezkuntza-gune batzuetan curriculum komun hori txertatu da, praktika on zenbait egituratu dira… Baina ez dira bete hezkuntza sistema osoan eragiteko beharrezkoak ziren helburuak: hezkuntza sare osoan txertatzeko curriculum komun eta adostua, irakasleentzako etengabeko formaziorako gune iraunkorragoak (eta derrigorrezkoak), eleaniztasunaren ikuspegi euskaldunik ez da garatu, Euskal Curriculumaren jarraipen batzordea…

 

Eusko Autonomi Erkidegoan zabalik dago hezkuntza lege berria sortzeko prozesua. Nola bermatu beharko luke hezkuntza lege berri horrek euskarazko kulturaren transmisioa?
Lehenik, lege berriak berariaz jaso beharko luke hezkuntzak euskal kulturaren transmisioa bermatu behar duela; bigarrenik, hori bermatu ahal izateko baliabideak jarri beharko lirateke, edo orain dauden egitura batzuk sendotu beharko lirateke, alde batetik, curriculuma diseinatzeko eta proposamen didaktikoak garatzeko, eta beste alde batetik, irakasleen etengabeko formazioan lerro hori derrigor txertatzeko, eta modu horretara, irakasleen eta formatzaileen artean baliabideen eta praktika onen biltegi biziak eratzeko.

 

Zein da jardunaldiaren helburua?
Ibilbidean pausa txiki bat egitea, orain arteko ibilbidea gogora ekartzea, eta esperientzia zein praktika on batzuen berri izatea, eta birkokatze ariketa bat egiten hasteko lehen mugarri batzuk egitea, elkarrekin pentsatzeko tarte bat hartuta.

 

Zergatik da garrantzitsua UEUren 50. urteurrenean Euskal Curriculumaren gaineko gogoeta egitea?
UEU mugarri funtsezkoa izan delako eta delako Euskal Curriculumaren garapenean, ez bakarrik Euskal Curriculumaren diseinu hartan parte hartu zutelako UEUkide batzuek, baizik eta UEUren jardunean etengabea izan delako Euskal Curriculuma elikatzeko helburua, etengabeko formazioaren bidetik, besteak beste.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude