Eibarko Armeria Eskolan elkartu dira Euskal herriko historialariak. Historialari Euskaldunen Nazioarteko VI. Topaketa: Egungo ikerlerroak eta etorkizuneko aukerak egin dute. Gorka Etxebarria antolakuntza taldean egon da eta berari galdetu dizkiogu topaketaren nondik norakoak.
Zein da Historialari Euskaldunen erradiografia ?
Historialari euskaldunen erradiografiarik ez dago, horregatik da hain garrantzitsua topaketa hau. Jende asko ari da ikerketak egiten, euskaraz, bai Euskal Herrian eta baita Euskal Herritik kanpo ere. Historialari euskaldunen sarea osatzea eta berain lana ezagutzea falta da.
Zergatik da garrantzitsua historia euskaraz ikertzea?
Bertakoa euskara ezagutzen ez badugu akabo gara. Egia da zaila oso zaila dela ikerlarien ibilbidean artikuluak publikatu behar horretan euskaraz aritzea, baina agian beste bide batzuk ireki behar ditugu dibulgazioari begira. Bide horretan topaketa gehiago eginez eta saretzea indartuz, euskarak bere lekua historiaren ikerkuntzan ere topa dezan.
Ze ikerlerro ekarri dizue topaketara?
Topaketak antolatzen hasi ginenean deialdi irekia egin genuen eta ez genuen ikerlerro zehatzik eskatu. 2009tik ez da historiako topaketarik egin eta aurtengoarekin jendea egiten ari zena ezagutu nahi genuen. Nolabait historia eguneratzeko ariketa izan da.
Aurrera begira ze uztea gustatuko litzaizueke topaketa honek?
Beste leku batzuetan egiten den bezala aldizkakotasun batekin elkartzeko inertzia sortzea gustatuko litzaiguke. Euskal Herri mailan, euskaraz eta Euskal Herriko perspektibarekin lan egiten duten historialari euskaldunek euren lanak aurkezteko dinamika eta marko bat sortzea. Elkarren berri izan eta hausnarketak eta eztabaidak emateko gunea izan dezagun.
Zergatik da garrantzitsua topaketa hau UEUren 50. urteurrenaren baitan egitea?
UEU 60 eta 70. hamarkadetan euskararen bueltan sortutako olatu historiko batean jaio eta garatu zen, euskarari oso bultzada handia eman zion. Geroz eta agerikoagoa da bulkada hori amaitzen ari dela, belaunaldi berriek edo gazteagoek euskararekiko duten jarrera aldatzen ari delako. Hori ere jorratu nahi genuen gure topaketan, UEUk izan zuen eta duen garrantzia, datozen historialari gazteek hori ere jaso dezaten.