Arkaitz Zarraga: “Euskal munduaren eta kulturaren presentzia erraztu diezaiekegu euskara ikasi nahi dutenei”

Glotodidaktika VII. Topaketa egin da Eibarko Markeskoa Jauregian UEUren udako ikastaroen baitan. “Helduen Euskalduntze Alfabetatzea: sustraiak eta adarrak” izenburua jarri diote aurtengoari, Arkaitz Zarraga topaketaren koordinatzaileak kontatu dizkigu aurtengoaren nondik norakoak.

Euskaltegiek euskararen biziberritzean izan beharreko toki eta zereginei erreparatu zenioten aurreko Glotodidaktika topaketan. Nolakoak izan dira lau urte hauek?
Duela lau urte egindako hausnarketak oso zabalak izan ziren. Hainbat gai izan genituen esku artean, euskaltegien egituraketa, ahozkorako urratsa zelan eman edo lan munduan izan beharreko presentzia nola handitu adibidez. Euskara bidegurutzetik ateratzeko euskaltegiek nola lagundu zezaketen planteatu genuen. Ikusi duguna da aldaketa handirik ez dela eman denbora honetan, aldatzea kostako den inertzia asko daude tartean. Gure txikitik ekarpena egiten jarraitu nahi dugu, baina argi dagoena da erabaki sendoak hartu behar direla.

 

Gaur egun nola daude Helduen Euskalduntze Alfabetatzearen sustraiak eta adarrak?
Euskaltegien sustraietara begiratu nahi izan dugu, garai batean euskaltegiek beste ikuspegi bat zutelako, euskararen normalizazioarekin lotuagoa. Gaur egun pertsonen euskalduntzearekin dute lotura, pertsonek euren gain dute profil bat atera beharra. Horrek aldatu du lan egiteko modua, giroa ere aldatu da, baina badaude metodologikoki garai batekoarekin antzekotasun handiak ere. Antzekotasun horiek ekarri nahi izan ditugu topaketa honetara. Teknologiek ere bide berriak zabaldu dituzte eta uste dugu badaudela tresnak bideak egiteko, adarrak zabaltzeko eta adar horietara jo beharra dago ze aukera ditugun ikusteko.

 

Teknologiak aipatu dituzu, ze aukera eskaintzen ditu glotodidaktikan?
Hasteko klaseak emateko eta jasotzeko ardatzak aldatu egin dira. Gaur egun ez da beharrezkoa odu jakinetan, denok espazio berean egon beharra klaseak jasotzeko. Bideo bidez ahozkotasuna lantzeko aukera gehiago dauzkagu eta material didaktikoa sortzeko oso baliabide egokiak daude. Horrez gain euskal munduaren eta kulturaren presentzia erraztu diezaiekegu euskara ikasi nahi duten horiei eta zentzu horretan aurrarapen politak egin daitezke.

 

Kanpoko argazki bat ere jaso nahi duzue topaketa hauetan.
Estitxu Garaik euskararen markaren gainean egindako ikerketa ekarri nahi izan dugu, euskararen irudia zein den ikusteko. Estitxuk, euskaltegiek ze marka duten hausnartzeko bidea zabaldu digu. Garabide elkartea ere gonbidatu nahi izan dugu, Caucan Nasa Yuwe hizkuntza biziberritze prozesuan ematen duen laguntzagatik. Bertan Euskal Herriko helduen euskaldunze alfabetatzeak eragina du eta nola ikusten gaituzten ere jakiteko baliatu dugu topaketa.

Paulo Freireren figura ekarriko duzue jardunaldira, bere pedagogiak ze ekarpen egin dio helduen euskalduntze alfabetatzeari?
Brasilen eta Euskal Herriaren artean desberdintasunak bazeuden, eta berak egindako zapalduen pedagogiak errealitatetik abiatzeko ekarpena egin zuen. Berak planteatzen zuen azken ekintza komunikatibo bat egiteko helburua pedagogiak izan behar zuela eta guk hori ere bagenuen. Euskara ikastea izan zedila ekintza kulturala eta ikasleak ez zitezela produktu baten ikasle huts izan, errealitate baten eraldatzaile baizik.

 

Zein da jardunaldiaren helburua?
Orain arte esandakoari jarraituz mahai gaineratu ditugun horiekin hausnartzen jarraitzea. Gure aletxoa jarri eta aurrerantz pausuak ematea dira helburuak.

 

Zergatik da garrantzitsua UEUren 50. urteurrenaren baitan jardunaldi hau antolatzea?
UEU zer den kontuan hartuta, izan zuen eta duen ikuspegi ameslaria kontuan hartuta garrantzitsua zen guretzat hemen egotea. Glotodidaktika saila beti izan da garrantzitsua UEUren baitan eta gure bultzada ere eman nahi genion urteurren honi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude