Aitzol Astigarraga: “Eraikitzen ari garen makinak edo ereduak justuak dira ala diskriminatzaileak dira?”

“Informatikari Euskaldunen XII. Bilkura. Adimen Artifiziala” jardunaldia antolatu du UEUren Informatika sailak. Aitzol Astigarraga UEUko Informatika sailburuak azaldu dizkigu ikastaroaren nondik norakoak eta helburuak.

Adimen artifiziala, horixe mahai gainean jarriko duzuen gaia.
Informatikari Euskaldunen Bilkuran, 2 urterik behin, informatikarekin eta euskararekin zerikusia duen gaurkotasuneko gai bat planteatzen ahalegintzen gara. Orain bi urteko bilkuran, adimen artifizialaren gaia aukeratu genuen, dagoeneko presentzia handia zuen gaia zelako, baina bertan behera geratu zen pandemia dela eta. Hala ere konturatu gara gaiak ez duela gaurkotasunik galdu bi urte hauetan, alderantziz, adimen artifiziala bizitzako arlo guztietara zabaldu da, ez bakarrik informatika kontuetara: kultura, artea, sorkuntza, medikuntza, hezkuntza… ikusten dugu gaiak kezka eragiten duela eta badagoela horretaz hitz egiteko gogoa eta beharra.

 

Gaia ertz desberdinetatik landuko da bilkuran. Zer ikusiko dugu?
Jardunaldia sarrerako hitzaldi batekin irekiko dugu, bertan, adimen artifizialaren historia hurbila errepasatuko da eta gaur egun zertan den kokatu. Gure jardunaldiko kezka nagusienetako planteatzeko bidea irekiko du hitzaldiak: eraikitzen ari garen makinak edo ereduak justuak dira ala diskriminatzaileak dira?. Galdera horren baitan arituko dira Olatz Arbelaitz eta Usue Mori. Ondoren, goizeko bloke nagusian, Euskal Herrian adimen artifiziala alderdi desberdinetan zertan den ezagutzen ahaleginduko gara, eta horretarako gonbidatu ditugu enpresa desberdinetako kideak teknologi zentroak, ikertzaileak eta erakundeak. Bakoitzak bere planak, kezkak eta estrategiak mahai gainean jarri eta gero eztabaida zabalduko da. Goizeko blokearekin amaitzeko, komunikazioen tartea izango da. Tarte irekia da, deialdi bat egiten da IEB bakoitzean eta bertan gaiarekin lotura zuzena edo zeharkakoa duten proposamenak bidaltzen dira. Aurten, 15 inguru jaso ditugu eta oso pozik gaude.

 

Informatikari euskaldunen bilgune izan nahi du bilkurak. Nolako harrera izan du aurtengo edizioak?
70 lagun gaude matrikulatuta. Ez da inoizko IEB jendetsuena izango baina hala ere oso pozik gaude. Uste dugu talde polita bilduko garela eta eragile esanguratsuak izango direla bertan.

 

UEUren Filosofia Sailarekin batera antolatu duzue bilkura. Nolakoa izan da elkarlana?
Elkarlan ederra izan da eta azkenean gai beraren bueltan jardunaldi bikoitza antolatu dugu. Hasiera eta helmuga elkarrekin egin ditugu. Bi jardunaldiek sarrerako hitzaldi nagusi bera izango dute eta horren ostean bi bide zabalduko dira. Bide teknikoagoa, informatikarekin lotuagoa, IEBren bidez landuko dena. Eta pentsamenduarekin eta filosofiarekin lotuagoa, filosofia sailak landuko duena. Arratsaldean berriro bilduko gara eta alde bateko eta besteko kideek osatutako mahai ingurua egingo dugu adimen artifizialaren alderdi sozialak eta bestelakoak mahai gainean jarriz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude