Unibertsitate-jakintzaren komunikazioa

Ekainaren 29an, UEUren 50. Udako Ikastaroen barruan, Bilboko Euskararen Etxean jardunaldi interesgarri bat izan genuen komunikazio zientifikoaren inguruan.

Hizlariei eta gerturatutakoei egin zitzaizkien galderak hauek izan ziren:

• Zein leku dute liburuek, aldizkari zientifikoek, ikus-entzunezkoek, sare sozialek… unibertsitate-jakintzaren komunikazioan?
• Unibertsitateetako ikasleek eta irakasleek zer irakurri dute tradizionalki eta zer irakurtzen dute orain?
• Unibertsitateek zelan komunikatu dute tradizionalki eta zelan komunikatzen dute orain?
• Zein da ikerketaren komunikazioaren eta jakintzaren dibulgazioaren arteko muga?
• Zein da eta zein izan behar da euskararen lekua unibertsitate-jakintzaren komunikazioan?

Post honetan hizlariek landu zituzten gaiak (oso-oso modu laburrean) eta jardunaldian zehar egin ziren proposamen interesgarrietako batzuk, guretzat garrantzitsuak direnak, jaso nahi izan ditugu.

Hitzaldiak

Gidor Bilbao Telletxeak UEU: 45 urte unibertsitate-jakintza komunikatzen hitzaldia eman zuen UEUren ibilbidearen laburpena eginez eta ekoizpen mota desberdinak aurkeztuz. Irekian argitaratzea bultzatu beharra ere aipatu du eta, bideo formatua hartzen ari den garrantzia dela-eta, bideoei zuzendutako Ingumaren antzeko datu-base bat sortzeko ideia luzatu zuen. Argitalpen tradizionalak zenbat irakurtzen diren zalantza izan arren, euskaraz argitaratzen jarraitzeko garrantzia azpimarratu zuen.

 

Elisabete Alberdi Zelaiaren hitzaldiaren izenburua gardena da eta zehazki biltzen du jardunaldian azaldu duena: UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuaren ekarpena unibertsitate-jakintzaren komunikazioan: lehena, oraina eta erronkak. Berak zuzentzen duen argitalpen-zerbitzuaren produkzio osoa aurkeztu zuen, euskarazkoa eta gaztelaniazkoa; azken urteetan, ia erdi eta erdi izaten dira, beti gaztelaniazkoa apurtxo bat gehiago izan arren, nolanahi ere urtero produkzio-bolumen handiarekin. Beste ideia batzuen artean, hala liburuak nola aldizkariak idazleentzat erakargarriak izan daitezen lantzen ari diren ildoak aipatu zituen: kalitate-adierazleeak, indizeetan agertzea, zigiluak lortzea…

 

Aitor Zuberogoitia Espilla irakasleak eta Amaia Torrealday Galarreta bibliotekariak, Unibertsitate-jakintzaren komunikazioa Mondragon Unibertsitateko esperientziatik mintzaldian, HUHEZIren ekoizpenaren ezaugarriak azaldu zituzten, kuantitatiboki eta kualitatiboki. Irakasle-ikerlariaren ibilbidean euskaraz argitaratzeko dauden oztopo eta pizgarrietan sakondu zuten. Bereziki interesgarria izan zen ikustea bibliotekak zenbateko laguntza eskaintzen dion irakasle-ikertzaileari bere ibilbide akademikoa bideratzeko.

 

Lehenengo hiru ekarpen horiek liburuetan eta aldizkarietan zentratu ziren bitartean, jakintzaren komunikaziorako erabiltzen diren beste bide batzuk landu ziren.

Uxune Martinez Mazagak, Jakintza grisa zabaldu nahian hitzaldian, azaldu zuen zein diren berak jakintza grisa deitu duenaren ezaugarriak eta tipologia. Zehaztasunez deskribatu zuen UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedran erabiltzen dituzten komunikazio-bideak: blogak (lau), zientzalarien bideoak, ekitaldiak eta twiter bidezko “inokulazioaren dinamika”: pilula asko askotan, argitaratze soila ez delako komunikatzea.

 

Gaizka Aranguren Urrotz, Historia, Ondarea, Memoria eta komunikazioa saioan, pantailaren garrantziaz aritu zen, batez ere hartzaile kopuru handietara iritsi nahi denean. Haren ustez, gaur egun liburu sendo eta astunak ez dira egokiak helburu horretarako, nahiz eta gaietan sakontzeko egokiak izan. Akademiatik kanpo egindako ekarpenen garrantziaz ere aritu zen.

 

Juan Ignacio Pérez Iglesias, Zientziaren gaitzak eta sendabideak: argitalpen zientifikoen sistemaren eraldaketaren alde ekarpenean, nazioarteko argitalpen-sistemaren ajeez aritu zen, berak berriki argitaraturiko Los males de la ciencia liburuko ideiak laburtuz. Azpimarratu zuen argitalpen zientifikoen hasierako helburua (ikerketa hedatzea) ordezkatua izan dela, eta orain, maizegi, ikertzailearen ibilbide akademikoa eta curriculuma aberastea izaten dela helburu nagusia. Azpimarratu zuen aldaketa beharrezkoa dela eta komunitate akademikoaren esku dagoela aldaketa hori sustatzea.

Bestelako ekarpenak
Iñaki Alegria Loinaz eta Miren Ibarluzea Santisteban irakasleek moderaturik, hizlari bakoitzaren ondoren eta jardunaldiaren amaieran, hainbat adituk agertu zituzten beren iritziak eta gogoetak, eta kasu batzuetan proposamenen zehatzak luzatu zituzten. Hona hemen gure ustez interesgarriak izan daitezkeen eta etorkizunean landu daitezkeen zenbait ideia:

• Egungo lan egiteko moldeekin euskarazko ekoizpenak goia jo duelako analisitik abiatuta, lankidetzan aritzeko proposamena luzatu da, batez ere aldizkarietako eremuan. Jardunaldiaren antolatzaileek konpromisoa hartu zuten datorren udazkenean bilera-deia egiteko euskarari lekua eskaintzen dioten aldizkari zientifiko guztientzat.
• Kalitate-adierazleen errekonozimenduari begira, administrazioek kudeaturiko zigilu eta onarpenen zurruntasunari aurre egiteko aukeren artean, nazioarteko agentzia pribatuen atea jotzeko aukera aipatu da (Elsevierrera lobby moduan joatea, esaterako).
Euskarazko lanen aipuen kopurua handitzeko beharra ere aipatu da, dagoen bibliografia gehiago ezagutaraziz eta komunitatea trinkotuz. Esan da euskal komunitate zientifikoak berak egin behar duela hori ezinbestean eta Ikergazte izan daitekeela hori sustatzeko foro egoki bat.

 

Iñaki Alegria, Gidor Bilbao eta Miren Ibarluzea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude