Idoia Zengotitabengoa: “Distopiaren narrazioak ukatu egiten du 50 urte barruko euskal komunitatea irudikatzearena eta bere existentziarako beharrezko praktika”

“Nola gainditu Murphyren legea? Euskal utopia irudikatzeko ariketa kolektiboa” ikastaroa antolatu dute Eibarko Markeskoa Jauregian Iratzar Fundazioak eta UEUk. Idoia Zengotitabengoa Iratzarreko kideak azaldu dizkigu ikastaroaren nondik norakoak eta helburuak.

Ezkerretik eskuinera: Itziar Amunategi, Joseba Permach, Idoia Zengotitabengoa eta Andoni Olariaga
Ezkerretik eskuinera: Itziar Amunategi, Joseba Permach, Idoia Zengotitabengoa eta Andoni Olariaga

Atzera begiratu aurrera egiteko. Nondik dator jardunaldi hau egiteko ideia?
50 urteurrena ez da nolanahiko data bat herri honetan sortutako proiektu kolektibo batentzat. Zorionak zuei. Atzera begiratu aurrera egiteko… hala da, tenporalitatea hartu dugu ikastaro honen hari eroaletzat.
Mende erdiarenak galdera batzuk ekarri zizkigun geure baitara, are gehiago jakin genuenean beste proiektu kolektibo batzuk ere mugarri horiek betetzen zituztela aurten, Elhuyar adibidez. Nola izan zen posible? Akordatzeko ariketan ulertu nahi izateak ezinbestean, oraina interpelatu eta etorkizunaz galdezkatzera eraman gintuen. Honela, sorkuntza eta imajinazioa ekarri nahi izan ditugu orainera, etorkizunaren aukerak zabaltzeko. Nola irudikatu gaur egun existitzen ez den hori?

 

Lortu al daiteke gaur egun duela 50 urte lortu zen mugimendu soziala Euskal Herrian?
Lehen erantzunean okurritzen zaidana da esatea… eta zergatik ez? Edo beste modu batera eta, egon, baldin badago? Geure buruak zalantzan jartzeko ariketa da proposatzen dudana. Konplazentzian erori asmo gabe, baina nik ikusten ditut kaleetan osasun langileak disputatzen, ikusten ditugu greba feministak, erresidentzietakoak ere erne, pentsionistak martxan, ikusten ditut Euskararen alde Nafarroatik uzta jasotzen, energia, telekomunikazio zerbitzu eta sareak eraikitzen burujabetzatik, ikusten ditut festibalak eta euskal kultura formatu txikian han eta hemen… Eta hau balitz herri loratzearen parte XXI mende honetatik?

Halakoetan harritzen naute “non dago ezkerra?” edo “pandemiak erakutsi digu hauskorrak garela” estiloko esaldi kontundente batzuk, abiapuntutik nondik hitz egiten dugun zalantzan jarri gabe. Nola bizi izan da jende hori pandemiak erakutsi baldin badio hauskortasuna zer izan daitekeen? Edo nolakoa ulertzen du dela ezkerra berezkotasunik baldin badu? Beste kontu bat da eztabaidatzea ea zergatik eremu batzuk ez-diren edo dauden. Kasu horretan, uler ditzagun zeintzuk diren uzten ez dituzten faktoreak eta horiek eraldatu. Eta hein berean, bultza ditzagun dauden eta diren eremuetatik.

Beraz, posible litzateke? Baietz esango dizut. Utopista naiz errealista naizelako irakurri nion Sarriri. Guk ahalegin gehiago egin behar omen dugu errekaren kontra gabiltzalako eta, beraz horrek eramaten gaitu sortzaileago eta komunitarioago ekitera.

 

Belaunaldi aldaketa eman da, gaur egungo gazteen edo belaunaldi berrien euzagarriak zeintzuk dira?

Beraiei galdetuko diegu kar kar kar eta batez ere entzun, bizi duten hori eta esateko daukaten hori.
Baina bai, aldaketa asko eta abiada ikaragarrian doaz. Kezkatzen nau batzuetan zein mundu ezberdinak elkarbizitzen ari garen. Natibo digitalak dira gazteak eta ez soilik orduak pasatzen ditugulako. Beraien mundua begiratzeko modua, norbera ulertzeko modua eta egiteko modua bera ere loturik dago edo jasotzen da gailuetatik (eta zein hizkuntzatan?). Nire belaunalditik ondorengoak, kapitalismoa jada mundu zabalean hedatuta jaio gara. Mundu ordena bakarra, ez alternatiba errealik, ez aukera hurbilik beraz. Honekin batera, mundu ordena honen mantra arrakalatu da, ohartzen gara ere dagoen hau ez dela esan izan diguten bezalakoa, gure gurasoak baino okerrago biziko diren belaunaldiak jada gorpuztu dute hori… Eta etorkizuna kendu ote diegun galdezkatzen diot ere neure buruari. Guk etorkizunaren lapurreta horri egin nahi diogu aurre gure ikastaroarekin.

Pasa den urteko ikastaroan landu genituen gai hauek, itotzen gaituzten krisien eta arnasten laguntzen diguten sareen artean. Kasu honetan ere, aurretik esandakoarekin bat, ez da guztia determinismo beltza izango. Ikastaroan bertan ere saiatuko gara horretan. Hobekien komunikatua dagoen belaunaldia da, formatua oso, sen kolektiboa badago (ere), sorkuntza ikaragarria… Eta belaunaldien arteko arrakalak handia izanik ere, saiatuko gara, zubiak eraikitzen etorkizuna elkarrekin marraztu ahal izateko. Baina esandakoa, ni jada ez dakit gaztea naizen beraz, nahiago beraiei entzutea.

 

Murphyren legeari buelta emateko garai egokia izan daiteke hau?

Beharko! Edo, edozein garaitan tokatuko zaigu buelta emate horretan ekitea bestelako bizitza duinak eraiki nahi ditugunoi behintzat. Garai honetako berezitasuna? Gaurko mundua aldatzea dagokigula, bere bizitzeko modu, bere tresnekin, aukera eta arriskuekin… Historia ez argitu bat du Murphyren legearen ideiak atzean, baina hala ere, han eta hemen aski zabaldua den ulerkera bat du. Zentzu komunaren parte da. Gauzak gaizki atera badaitezke, gaizki aterako omen dira.

Ulerkera determinista hauek, gaur egun asko ezagutzen dugun distopiarenak bezala, arriskuak dituzte beraien baitan. Batetik, gure ekiteko ahalmenetik kanpo kokatzen dute gertatzen ari denaren zioa, patu antzeko batean beraz. Zertarako egingo dugu zerbait jada gertatuko bada? Honek ere hein berean, beldurra, paralisia eta, joera kontserbadoreak elikatu ahal ditu. Marina Garces filosofoak posibleen kartzelak izendatuko ditu hauek. Edo bestetik, kasurik eta aurrerakoienean ere, defentsarako mekanismo asko aktibatzera eramaten du gaizki pasako den hori leundu nahian. Noski, korrontearen kontra aritzeak behartzen zaitu ez itotzeko igeri ikastera, baina era berean, eraldaketak behar du sorkuntza, imajinazioa, irudikatzea, kolektiboa, ilusioa, etorkizuna… Murphiren legeari aurre egiteko tresna edo bide asko dago, zorionez.

 

Nolako euskal komunitatea irudikatu behar dugu hemendik 50 urte barru?

Ikastaroaren bukaeran hitz egin dezakegu edukietan sakontzeko kar kar kar . Izan ere, kasu honetan ez dugu bilatzen aurrez irudikatu dugun etorkizuneko balizko euskal komunitatearen inguruan aritzea bertaratuko direnekin. Gehiago edo gutxiago, etorkizuna irudikatzea asmakizun kontu bat baita. Utopia eta distopia bere horretan fikzioak dira, nolabait orain existitzen ez denaren proiekzioak dira. Baina laguntzen digute gaurko errealitatea beste begirada batetik ulertzen.
Horretarako gaur eguneko aspektu eta joeretatik abiatuko gara ezinbestean eta, irudikatzen saiatu oraindik ez den edo dagoen hori, proiektatu. Egun, utopia baino distopiaz ari gara, jada etorkizunaz baino gehiago orainaz eta gure eguneroko hizkeraren parte bilakatzen ari da. Baina bizi daiteke distopia batean? Distopiaren narrazioak ukatu egiten du 50 urte barruko euskal komunitatea irudikatzearena eta hein berean beraz, bere existentziarako beharrezko praktika. Honen aurrean irudikatzearen garrantzia azpimarratu nahi dugu bertan eragiteko bokazioz edo ahalmenaz lotuta. Interesgarriagoa deritzogu honela ariketa, aniztasunetik, eremu ezberdinetan aditu eta aritu den pertsonen artean irudikatzea hori modu kolektiboan egitea.

 

Zergatik da garrantzitsua jardunaldi honetan Tipiren metodologia?

Horretan adituak direnekin lan egin nahi genuen kasu honetan. Esan nahi dut, etorkizuna irudikatzeko ariketa hori praktikara eraman nahi dugu ikastaro honetan eta, ez edozein modutan, modu ahalik eta kolektiboenean egin ere. Horretarako, ezinbestekoa da pedagogia eta metodologiari atentzio berezia ematea. Hau arakatzen hasita aurkitu genuen Tipi Gara kolektiboa. Gurean, oso hurbilean ditugu ikerketa eta esperimentazioan (arlo ezberdinetan) mundu mailan aditu direnak eta finean jakintza bera.
Lehenago, gure kanalean ikusgai dagoen Iratzar kafe bat antolatu genuen Ane Abarrategi (Tipi Gara kolektiboaren parte da bera) eta Beñat Irasuegirekin (Talaios kooperatibaren parte da) batera Nola pentsatzen dugu etzi izango garena? izenburuarekin. Utopia eta distopiaren bueltan hausnartzen hastetik etorkizuneko errealitatetik zenbait gako argitzen saiatu ziren. Beharrezkoa iruditu zitzaigun, irudikatzearen ariketa bera mugimendu eraldatzaile garen heinean eta ariketa hori partekatua egitearena zen gakoa guretzat, noiz eta hain zuzen, duela mende erdiko sorkuntza edo irudikatze baten mugarria gerturatzen ari zela. Beraz, nola ez proposatu halako zerbait egitearena?

 

Zein da jardunaldiaren helburua?

Esango nuke jada erantzunetan kasik somatzen dela aurtengo ikastaro honen helburuak badituela bi zentzu guretzat. Batetik, hausnartzea eta erdiratzea irudikatzea, sortzea, ariketa politikoa dela erabat. Politikoa eta eraldatzailea esango nuke. Bestetik, hori esatean geratu baino, berau egin nahi dugu parte hartuko duten aditu eta arituekin batera, kolektiboan irudikatzen saiatu herri hau zer izan daitekeen beste mende erdi baten buruan, Konplexutasunetik, ez baita dena ilun edo argi izango. Eta batez ere, sortzaile izateko aukeratik. Duela mende erdi UEU bera existitzen ez zen horretatik irudikatu eta sortu bezala, zeintzuk dira gure herrian egungo garaiak eskatzen dizkigun sorrera eta loratzeak? Nondik eta nola egin ditzakegu?

 

Zergatik da garrantzitsua Iratzarrentzat UEUren 50. urteurrenean jardunaldi hau egitea?

Urte (gutxi) batzuk daramatzagu UEUrekin batera, uda aldean trebakuntza eta hausnarketarako momentuak ireki eta konpartitzen. Eibarren bertan hasi genuen bidaia baina batez ere, Iruñean eta Baionan ibili gara. Guretzat etxea eta plaza da UEU aldi berean. Etxea, ekipoa, lan egiteko modua, momentuak, eskaintzen dena… plazerra da #ElkarrEkin lan egitea. Plaza ere bada, eskaintzen digulako momentua, lekua eta gonbidatu asko urte hauetan zehar, desikasteko eta berriz eraikitzeko. Aurtengo kasuan, urteurrena izanik, eta galderek nora eraman gaituzten ikusirik, gai garrantzitsu hau hartu eta opari bezala eskaini nahi izan dugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude