UEUk Nafarroako Gobernuarekin batera antolatzen dituen ikastaroen artean dago “Flipped classroom: gela hankaz gora!”. Garazi Zabaleta IKHASI-ko kidea da ikastaroko irakaslea eta eredu pedagogiko honi buruzko galderak erantzun dizkigu.
Zer da “Flipped classroom” eta zergatik esaten da gela hankaz gora jartzea dela?
Flipped Classroom eredu pedagogiko bat da, hau da, ikas-irakas prozesuak egituratzeko modu bat. Eredu berri honek, eredu tradizionalaren prozesua iraultzen duenez, hortik dator euskaraz “gela hankaz gora” deitzearen arrazoia.
Nondik dator eredu pedagogiko hau?
Amerikar Estatu Batuetatik dator, 2007an Jonathan Bergmann eta Aaron Sams hezitzaileek sortu zuten. Hala ere esan behar da, lehenago lurralde desberdinetan eredu honen oinarriak praktikan ipini zirela modu ez formal batean.
Ikas-irakas prozesuak egituratzen dituen eredu pedagogikoa da Flipped Classroom. Irakasleak ikaslearen parte-hartzea areagotzeko eta ikaskuntza-prozesuan esperientzia aktiboa eta esanguratsua ziurtatzeko erabiltzen dituen tresna, teknika, estrategia eta metodo didaktikoen multzoari egiten dio erreferentzia metodologiak. Eta eredu honetan metodologia aktibo desberdinak erabil daitezke.
Nola aplikatzen da ikasgelan “Flipped classroom”?
Eredu tradizionalean, ikasleek irakaspena irakaslearengandik jasotzen dute eskola-orduetan, eta horiek barneratzen ahalegintzen dira ikasleak; gero, barneratze hori hobetzeko jarduera bat garatzen dute, eta eskola-orduetatik kanpo, etxeko lanak egiten dituzte, ikasitakoa finkatzeko. Aldiz, “flipped” ereduan, zeharkako bideetatik, bideoak eta bestelakoak erabiliz jasotzen dute irakaskuntza ikasleek, eta eskola-orduetatik kanpo barneratzen dute; horrela, eskola-orduetako denbora libre geratzen da ikaskuntza aktibora zuzentzeko, ideien esplorazioa, artikulazio eta aplikazioa sustatzeko, eztabaidak gidatzeko, esperimentatzeko, hausnartzeko…
Zer baliabide erabiltzen dira?
Eredu honetan, bideoa erabili ohi da euskarri bezala ikasleek eskola-orduetatik kanpo irakasgaia jaso dezaten. Azken finean, irakasleak ematen duen azalpen presentziala hein batean ordezkatzen dugu eta horretarako biderik egokienak topatu behar ditugu. Irakasgaiarekin erlazionatutako jarduerak ere diseinatu behar ditu irakasleak IKTak erabiliz. Horrela, ikasleen jarraipena eginez eskola-ordua antolatzeko nahikoa informazio izango du. Bestetik, eskola-orduetan landu nahi diren helburuak finkatu eta ikasleen parte hartzea bultzatuko duten askotariko jarduerak diseinatu behar ditu irakasleak. Eskola-orduetako jarduera horiek mikro-ikasgaiez elikatzen dira.
Zer abantaila ditu ikaslea bere ikasketa prozesuaren arduradun bihurtzeak?
Arduratsu izatea bera ikaskuntza bat da, onuragarria gizarte zibiko baten parte izateko eta osasungarria norberaren garapen pertsonal eta ahalduntze prozesurako. Eredu honek ikaslearen konpromisoan eragin zuzena duenez, baloreak lantzeko aukera ere ematen digu.
Alde txarrik ba al du metodologia honek? Zein dira?
Alde txarrak baino nik zailtasunak ikusten dizkiot. Ez da nire asmoa irakasleagoa gogogabetzea beraz ez ditut zailtasun horiek zerrendatuko baina azpimarratu nahi nuke, zailtasun gehienak direla gaindigarriak. Badakigu irakaskuntzan ez dagoela formula magikorik baina norberaren esperientziari eta ezagutza zientifikoari erreparatuz, zerk funtzionatzen duenarekiko orientabideak izan ditzakegu; eredu hau norabide proposamen bat gehiago besterik ez da.
Zein dira ikastaroaren helburuak?
Ikastaroak berak ereduari erantzuten dio, azalpenak ahalik eta modu adierazgarrienean ematea da helburua. Ikastaroaren helburua irakasle bakoitzak Flipped Classroom-ari egokitzen zaion plangintza burutzea izango da. Jardueren diseinu pedagogikoan eta irakasle bezala dugun jardunean ipiniko dugu arreta bereziki. Praktikoa bezain umoretsua izatea da asmoa.
Nafarroan horrelako ikastaroak antolatzeko zenbateko beharra dago?
UEUk Nafarroan horrelako ikastaroak eskaintzeko aukera ematea onuragarria da. Gure jarduera profesionalari buruzko hausnarketa sustatzeko aukera ematen baitu. Ongi etorriak izan daitezela horrelako ikastaro gehiago.