Nerea Aizpurua Iraola : “Ikasgelan hezkuntza inklusibo erreala bideratzeko eta lortzeko ezinbesteko lan tresna da Irakurketa Erraza”  

UEUk eta Nafarroako Gobernuak elkarlanean antolatutako ikastaroen artean dago Irakurketa Erraza ikastaroa. Nerea Aizpurua Iraola Euskadi Irakurketa Erraza lan taldeko kideak gidatuko du ikastaroa. 

Zer da Irakurketa Erraza?

Irakurketa Errazak (IE) irakurtzeko demokraziaren printzipioari erantzuten dio eta irakurtzeko edo ulermen zailtasunak dituzten pertsonetara zuzentzen da. Irakurtzeko zailtasuna populazioaren %30ek izan ohi du.

IE materialak ardura eta ildo bereziekin landutako materialak eta liburuak dira. Eduki, hizkuntza eta formari dagokionez IFLA-ren (Liburutegien Erakunde eta Elkarteetako Nazioarteko Federazioa) eta Inclusion Europen arauak jarraitzen dira. Formatu arruntean idatzitako testuak Irakurketa Errazeko formatura egokituak izan daitezke.

Bestalde, hasieratik Irakurketa Errazeko formatuan sortu eta idatzitako testuak ere izan daitezke.

Proiektu honekin bi arlotan lan egiten du. Alde batetik, Irakurketa Errazeko literatura taldeen bidez irakurketa eta ulermena dinamizatu eta bultzatzen dugu teknika eta baliabide ezberdinekin eta bestalde, edozein informazio mota IE formatuarekin sortu eta egokitu dezakegu.

 

Zertarako erabiltzen da hezkuntzan Irakurketa Erraza?

Hezkuntzaren alorrean, irakurketa sustatzeko eta ikasleekin komunikazioa hobetzeko IE funtsezko tresna bat da.

Formatu honen bitartez ikastetxeetako profesional ezberdinek ikasleekin eta haien familiekin eta inguruarekin modu egokian komunikatzeko tresna lortuko dute. Bereziki zailtasun ezberdinak dituzten ikasleei hezte eta ezaguerak bereganatzeko prozesuan laguntzeko eta integratzeko ezinbesteko tresna izango dute.

Horrela, ikasgelako egunerokoan ikasleentzako egokiak diren informazio eta ikasketarako material egokiak eskaini ditzakete, ikaslearekin eta familiekin modu eraginkorrean komunikatzeko gai izango dira, ikasgelan eta ikasleen bizitza irakurketa gozatzeko eta ezaguerako lortu eta zabaltzeko tresna bezala ezarri eta erabili ahal izango dute.

Azken finean, ikasgelan hezkuntza inklusibo erreala bideratzeko eta lortzeko ezinbesteko lan tresna lortuko dute.

 

Zer abantaila lortu litezke ikasleekin Irakurketa Erraza aplikatuz gero?

Irakurketa ikasketa prozesua errazteko tresna bezala erabili nahi duten irakaskuntza eta pedagogia eremuko profesionalei zuzenduta dago eta interesa arrazoi ezberdinengatik irakurketa ulermen zailtasunak dituzten ikasleengan jartzen du:

Batetik aldi baterako zailtasunak: etorkinak, analfabetismo funtzionala, eskolatze gutxikoa, istripuak, irakurtzen berandu hasi direnak, arrazoi ezberdinengatik irakurketa baztertu dutenak… eta bestetik zailtasun iraunkorrak: desgaitasun eta askotariko nahasmenak.

Tresna hau ezinbestekoa da ikasleen premietara erantzun ahal izateko, haien ikasketa prozesuan laguntzeko eta hobetzeko, lan-tresna edo metodologia eragingarri eta baliagarria izanik.

Baita ere, Irakurketa Errazeko literatura eta irakurketa eta ulermena dinamizatzeko teknika eta baliabideekin ikasleen artean irakurketarekiko maitasuna eta gozamena, irakurketa gerturatzea eta irakurle trebe bihurtzeko bidean laguntzea lortzen dira.

 

Nolako materiala behar izaten da Irakurketa Erraza klasean erabiltzeko?

IE formatuan dauden liburuak eta IE formatura egokitutako edozein motako materialak behar dira. Hortaz gainera, IE tresna erabiltzeko eta dinamizatzeko baliabide eta teknikak ondo ezagutzen dituzten profesionalak behar dira.

 

Hezkuntzaz haratago, gizarteko beste alorretan aplikatu beharko litzateke Irakurketa Erraza? Nola?

IE formatua aplika daiteke gure bizitzako arlo guztietan. Besteak beste aplikatzen da dagoeneko 2012. urtetik: administrazioek transmititzen duten hainbat motako informazioan, hirugarren sektoreko hainbat alorretan, enpresa-lan munduan, hezkuntzan, museoetan, literaturan…

Bai erabiltzaileek, herritarrek, ikasleek jasotzen duten informazio mota guztiak IE formatuan jasota, bai eta IE irakurketa taldeen parte izanik ere.

Beraz, IE tresna edozein arlotan eta modu ezberdinetan aplika daiteke.
Zein dira ikastaroaren helburuak?

Zenbat eta irakasle, hezitzaile eta hezkuntzako profesional gehiagoren artean IE tresna zabaltzea eta honen aplikazioak gero eta askotarikoak izan daitezela.
Nafarroan horrelako ikastaroak antolatzeko zenbateko beharra dago?  

Gaur egun behar handia dago Nafarroako hezkuntza arloan ezagutzera emateko, profesionalek tresna erabili eta ikasleek eta familiek oinarrizko eskubide eta onura hau jaso eta goza dezaten. UEUk horretarako aukera ematen digu eta pozgarria da lan hau zabaltzeko aukera izatea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude