UEUren Filosofia Sailak Mendebaldeko Mito Bilketa Jardunaldia antolatu du Euskaltzaindiarekin laguntzarekin. Mendebaldeko mito bilketa ezezagunagoa da, bere ekarpen aberatsenak XX. mende amaieran eta XXI.aren hasieran eman dituelako, eta hori aztertzeko, Bizkaiko lurretan aritutako zenbait biltzailek haien lanen berri emango dute bertan. Jardunaldia koordinatzen aritu da Jon Mentxakatorre, Mondragon Unibertsitateko irakaslea eta UEUko Filosofia Saileko arduraduna. Berarekin izan gara.
Euskal Herriko mendebaldean jasotako esaera, ipuin eta mito bildumak aztertuko dituzue. Zergatik dira ezezagunagoak zonalde honetakoak?
Mendebaldeko mitoak, bai adituen artean, bai Bizkai-Araba aldeko herrietan, ez dira ezezagunak, biltzaileek eta bestek egindako hedapenari esker. Baina, aspaldiko lan handien ondoan, mendebaldeko bilketak azken hamarkadetan izan du uztarik oparoena, eta, horregatik, Euskal Herri zabalean, ezezagunagoa dateke, eta hari arreta berezia eskaintzeko erakargarri.
Mitoek zer erakusten digute? Zer ezkutatzen da mitoen atzean?
Mitoek, aurreko belaunaldien hizkuntza eta irudimenaren esan-indar poetikoaren bidez, transzendentzia, jainkozkoa edo maitagarriaren eremua erakusten dute, eta horrek gau-eguneroko munduarekiko zeukan, eta daukan, lotura estua. Mitoen atzean zentzu eta esanahi ugari gera daiteke ilun, baina zerbait ezkutatzen bada hamaika aho-belarri dira, eta haien bidez eratu eta herri egiten duen begitamena. Mitoa baztertzean hori da, orain, guk ezkuta dezakeguna.
Zein diziplinarekin uztar daitezke?
Egungo azterketari dagokionez, hainbat eta hainbat diziplinekin, etnografia eta etnologiatik, filosofia eta teologiara. Baina mitoa, ondoen, bai bere horretan eratzeko, bai txukun aztertzeko, ahozkotasuna, poesia eta herrigintza eremuetatik uztar daiteke.
Jardunaldian zein arlo landuko dituzue zehatz-mehatz?
Bilketa bera, eta horretarako oinarri izandako diziplinaren izaera eta metodologia. Hala, hizkuntzalaritza, etnografia eta antropologiaren bideetatik eginiko bilketek izaera berezia dute. Horien alderaketa aztertzea aberasgarria izango da. Eta, horrekin bat, bilketaz gain, hizkuntzalaritza eta literatura konparatuaren aukerak aztertuko ditugu.
Zein da azken helburua?
Badago helburu berezia: mito biltzaile eta aztertzaileak lehen aldiz elkartuko dira guztiak batera. Topaketa bera, entzuleen solasaldiarekin batera, dugu azken helburu.
Besterik azpimarratzeko?
Mitoa gizakiaren berezko gai eta elikagai da, baztertuta ere, era batera edo bestera, berriz ere agertzen dena. Eta herritik datorrena ezagutzea irudimenaren altxorra aberasteko iturri emaritsua da. Jardunaldian alderdi hori nabarmendu eta gogoetara zuzenduko dugu.