Eneko Mendiluze: “Lehenengo pausua psikologo euskaldunen sarea osatzea, egonkortzea eta elkarlana sustatzea da”

UEUko Psikologia Sailak GuNETuz  izeneko webgunea sortu du. Psikologoen sarea osatu eta psikologo-lanean lagungarri diren tresnak eskaintzeko bitarteko berria da GuNETuz; bai eta gizarteari psikologiarekin zerikusia duten baliabide eta ezagutza baliagarriak eskaintzeko asmoa duen eremua ere. Arlo ezberdinetako psikologoak daude proiektu honen atzean. Arlo akademikoan irakaskuntzan zein ikerketan dihardutenak, bai eta arlo profesionalean lanean ari direnak ere. Gaur goizean aurkeztu dute Donostian. Luixa Reizabal Arruabarrena eta Eneko Mendiluze Plaza UEUko psikologia saileko arduradunek eman digute proiektuaren berri.

Zein da euskararen egoera psikologian? Zein hutsune daude?
Luixa Reizabal: Nik esango nuke euskarak gizartean duen egoeraren parekoa dela euskararen egoera psikologian. Izan ere, gutxiengo batek egiten ditu tesia, ikerketak, argitalpenak eta antzekoak euskaraz. Zer dela-eta gertatzen da hori? Hainbat arrazoi direla medio. Adibide moduan, batetik, lan handiagoa ekartzen duelako gauzak euskaraz egiteak. Izan ere, argitalpen, material, galde-sorta eta bestelako baliabide gehienak beste hizkuntza batzuetan daude eta hori erronka handia da psikologo euskaldunontzat; haiek euskaratu, eta galde-sorten kasuan, haien balioa egiaztatzeko ikerketak egin behar izaten ditugu-eta. Bestetik, lanaren aitortza beste hizkuntzetan egindako lanengatik jasotzen dena baino askoz ere txikiagoa izaten delako; eta, ondorioz, askotan “militantziagatik” egiten dira euskarazko argitalpenak. Halaber, jende askok arazoak izaten dituelako terminologia zientifikoa erabiltzeko garaian, ez baitago psikologian erabiltzeko hiztegi bateraturik. Gehiago ere badaude, baina Enekori utzi beharko diot esateko zerbait, ez?

Eneko Mendiluze: Nire lan-arloan, klinikoan, batetik, euskarazko saio gutxi ditudala aitortu beharra dut; eta, bestetik, askotan erabiltzen den euskararen estiloa akademiko xamarra iruditzen zait. Psikologian, egunerokotasunean erabiltzen diren hitzak ez dira erabiltzen eta eguneroko hizkuntz erabilerara gerturatuko bagenu, euskararen presentzia handiagotuko genukeela iruditzen zait. Gainera, psikologia-tresna gehienak ez daude euskaratuta eta horrek eragin handia du hizkuntzaren erabileran.

Zer izan nahi luke webgune honek?
L.R: Batetik, psikologo euskaldunei aurreko galderaren erantzunean aipatutako erronka guztiei aurre egiten laguntzeko baliabideak eskainiko dituen gunea izatea. Bestetik, psikologo euskaldunen sarea sortzeko tresna izatea.

E.M: Psikologo euskaldunentzako komunikazio kanala izatea, non beharrak antzeman eta gero, hutsuneak betetzen saiatuko garen. Ardura handia dugu eta erantzun egokiak eman nahi dizkiogu gizarteari. Zentzu horretan, arreta egokiago bat eman ahal izango dugu, gizarte euskaldunaren eskubideak neurri handiago batean bermatuz.

Nori zuzenduta dago?
L.R: Batetik, munduko edozein txokotan, hezkuntzan, eremu klinikoan, sozialean edo psikologiaren beste edozein alorretan lanean ari diren psikologo euskaldunei. Bestetik, psikologiako ikasle euskaldunei eta, azkenik, psikologian interesa duen edozein euskalduni.

E.M: Bat nator Luixarekin. Gu psikologo euskaldunak elkartuz, gu saretuz, gure gunea da GuNETuz.

Zer aurkituko dugu momentuz bertan?
L.R: Sei dira une honetan GuNETuz webgunea osatzen duten modulu edo atalak: hurrenez hurren, foroa, albistegia, eskaintzak, psikologia, parekidetasuna eta baliabideak.

Hasteko, Foroa atalean, hitz eta pitz aritzeko eta elkar ikusteko aukera izango dugu. Albistegian, berriz, psikologiarekin zerikusia duten berri eguneratuak eskainiko dira. Psikologiarekin lotura duten ikastaro eta lan-eskaintzak aurkitzeko, ostera, Eskaintzak izeneko modulua egongo da. Izango da ere, noski, psikologiari eskainitako atala, Psikologia izenekoa, non gure diziplina zientifikoarekin zerikusia duten argitalpenak, galdetegien itzulpenak, ikerketak, orientazioa, eragileak eta bideoak eskuragarri izango diren.

Genero-parekidetasuna sustatzeko egun dauden webguneak, bideoak, esku-hartzeak eta bestelako baliabideak jasoko dituen atala ere egongo da, Parekidetasuna izenekoa. Azkenik, Baliabideak delakoan, psikologiarekin zerikusia duten euskarazko datu-baseak, sare sozialak, webguneak, eta euskararen erabilera egokirako tresnak egongo dira eskuragarri.

Zein egitasmo duzue eskuartean?
L. R: Nik esango nuke jaioberria haztea izango dela gure egitasmo nagusia. Izan ere, nahiko lan izango dugu GuNETuz proiektua elikatzen, dinamizatzen eta sendotzen. Hezte prozesu horretan, noski, leku berezia izango du webgunearen irisgarritasunak.

E.M: Lehenengo pausua sarea osatzea, egonkortzea eta elkarlana sustatzea da. Bigarrenik, sarearen hausnarketaren ondoren, hizkuntza beharrak identifikatuko ditugu. Hirugarrenik, beharrei erantzuna ematen saiatuko gara, gizarte euskaldunari ekarpena egiten, hiztegi eta baliabide erabilgarriak hedatuz. Beraz, zu psikologo euskalduna, zuk nahi duzun eran egile izan zaitezkeelako, ongi etorri psikologo euskaldunen sarera! 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude