UEUren Udaberriko eskaintzaren barruan “Harremanak 3.0. Identitatea eta erotika nerabezaroan” izeneko ikastaroa izango da Eibarren, Ane Ortiz Ballesterosen eskutik. Ballesteros sexologoa da eta lehen hezkuntzako irakaslea. Hain justu sare sozialetan eta berdintasunean da aditua eta Emaize Sexologia Zentroko kidea da.
Pornografiaren kontsumoa gero eta goiztiarragoa da. Zer dakar horrek?
Gutxi dira gai hau jorratzen duten ikerketak. Azkena, 2020an Save the Children Erakundeak argitaratutakoa dugu: Sexu-(DES)informazioa: pornografia eta nerabezaroa. Bertan, nerabeek lehen aldiz, bataz beste 12 urterekin pornografia ikusten dutela jasotzen da, eta 10etik ia 7k maiz kontsumitzen dituztela sexu-eduki horiek.
Baina gure eguneroko esku-hartzetan lehen hezkuntzako ikasleekin, 12 urteak baino lehenago kontsumitzen denaren seinaleak aurkitzen ditugu. Hala ere, kontsumitzaile aktibo eta pasiboen arteko bereizketa egitea ezinbestekoa dugu. Izan ere, ez da gauza bera, zuk aktiboki eduki mota hauek bilatzea edo beste batek mugikor batean adibidez, bideo pornografiko bat erakustea, edo Internetetik ibiltzea eta bat-batean horrelako edukiarekin topo egitea. Eta normalean, kontsumoa hain goiz ematen denean modu pasiboan izan ohi da.
Eta guzti honek zer dakar?
Alde batetik, errealitatetik urrun dauden gorputz eredu hegemonikoen indartzea. Nesken kasuan, bular handiak, ipurdi handiak, ilerik gabekoak… mutilen, kasuan zakilen tamaina handiak, indartsuak, etab.
Bestalde, gizartean dagoen eredu erotikoa ere sendotzen da. Eredu gaztea, heterosexuala, hierarkietan oinarritutakoa, koitozentrikoa, komunikaziorik gabekoa eta antisorgailurik gabekoa.
Hortaz, guzti honek txikitatik gure erotikaren eta harremantzeko moduen mugatzea dakar, sexualitateak eskaintzen duen osotasuna albo batean utziz.
Nerabeen identitatearen eraikuntzan baliabide digitalek zenbateko garrantzia dute?
Erabatekoa. Interneten nerabeak pentsatzen eta sentitzen dutenari buruz hitz egiteko leku bat aurkitzen dute, beren nortasunaren ezaugarriak erakusten dituzte, gainerakoei saretik kanpo ezkutatzen dizkietenak; eta, batez ere, aukera desberdinekin esperimentatzen dute, entseatu eta probatu egiten dute. Eta kontuan hartuta, Interneti egunero eskaintzen dizkioten ordu kopurua, beraien nortasuna eraikitzeko moduan eragin handia du.
Baina guzti hau ez da hain erraza; izan ere, askotan ez dira diren edo izan nahiko luketen bezala agertzen, baizik eta inkontzienteki bilatzen, esperimentatzen eta probatzen dute. Zerbait egiten edo esaten dute modu batean, eta ez badu funtzionatzen edo espero duten erreakzioa gertatzen ez bada, forma hori aldatzen dute. Ikasten dute. Horrela ikasten dugu denok bizitzan zehar hainbestetan: proba, akatsa eta proba berria eginez.
Gainera, gure identitatea konparazioaren bitartez eraikitzen dugu. Eta egun, gure lagunak, gure erreferenteak, gure idoloak sare sozialetan daude. Arazoa, sare sozialetan editatuta dagoen errealitatea nagusi dela da eta plano analogikoan bizi duguna sareetan ikusten dugun erakusleihoekin konparatuz gero beti galduko dugula.
Pandemiak areagotu egin du garrantzia hori?
Bizi izan dugun une ezohikoak geldiezina zen digitalizazio prozesua bizkortu egin du. Pandemia baino lehen, gazteek beraien sozializazioren zati handi bat plano digitalean ematen zuten. Baina itxialdian, beraien identitatearen garapenerako ezinbestekoak diren ekintzak, lagunekin egotea, elkarbanatzea, disfrutatzea, ikastea, ligatzea, etab. Plano digitalean baino ezin izan dituzte egin. Ondorioz, baliabide digitalak ezinbestekoak bilakatu dira gazteen identitatearen eraikuntzan.
Arriskuetatik eta beldurretik begiratzen diegu baliabide horiei, baina gauza onak ere asko dituzte. Eta ez al da komeni hori ere azpimarratzea?
Sexualitatearen lanketarekin gertatu izan ohi den bezala, gehienetan arriskuetatik eta beldurretatik hurbiltzen gara gai honetara. Gure esperientziatik, badakigu horrek ez duela funtzionatzen. Izan ere, zerbaiten miserietatik ezin da ezer positiborik eraiki.
Gainera, jakinda sare sozialek gazteen bizitzetan espazio garrantzitsua betetzen dutela, ikuspegi horretatik gerturatzea ez da oso eraginkorra.
Beraz, baliabide digitalen gauza onak azpimarratzea ezinbestekoa da: bat-bateko komunikazioa, saretzea ahalbidetzea, aniztasunaren erakusleiho izatea, informazio eta inspirazioa iturri handia, etab.
Arriskuak hala ere, hor daude. Zein eratakoak? Nahiko baliabide al dituzte zenbait egoera identifikatzeko eta aurre egiteko?
Arriskuak desberdinak izan daitezke. Pribatutasunarekin lotutakoak, identitatearen ordezpenarekin lotutakoak, ziberjazarpenarekin harremana dutenak, etab.
Horrelako egoerak identifikatzeko eta aurre egiteko gazteek helduok baino askoz baliabide gehiago dituztela esango nuke.
Hala ere, plano digitala plano analogikoaren isla da ezaugarri biderkatzaileekin. Eta oraindik, gure gizarte honetan gauza anitz ditugu lantzeke. Enpatia, elkartasuna, elkarzaintza, aniztasuna balore gisa ikustea… Hau plano analogikoan landu arte plano digitalean ere izango dugu.
Harremanen kontsumoa aipatu duzu elkarrizketaren batean. Kapitalismoa gure intimitatean sartzen ari dela. Zein eratan?
Gizartean dugun eredu honetan, dena azkar eta bat batean da. Ez daukagu prozesuez gozatzeko denborarik. Baumanek esaten duen moduan harremanak gero eta likidoagoak dira eta bizimodu hau harremanetara islatzen ari da. Aplikazio baten bitartez, aukeratu, geratu eta harremana kontsumitu.
Ez da ahaztu behar kapitalismoa sistema ekonomikoa dela, baina baita kulturala ere, balioz eta ideologiaz betea. Isaac Rocak dioen moduan, orain ekintzaile emozionalak gara eta maitasunari kalkulu ekonomiko bera aplikatzen diogu, enpresarien gauza bera bilatuz: galerak minimizatzea eta irabaziak handitzea.
Zein da ikastaroaren azken helburua?
Garrantzizkoari eta ez premiazkoari balioa ematea. Gazteen bidelagun izan nahi dugu beraien berebiziko prozesuetan: beraien burua ezagutzen maila guztietan, beraien burua onartzen eta beraien erotika adierazten.
Horregatik, teknologien debekua ez da konponbidea. Hauek erabiliz, teknologien erabilera seguruan eta arduratsuan heziko ditugu. Era berean, funtsezkoa da aniztasunarekiko errespetuan heztea eta indarkeriarik gabeko harremanak sustatzea.
Prozesu hau errazteko banakako zein taldeko hausnarketak bideratuko dira eta oinarrizko gakoak emateaz gain erabilgarriak diren baliabide interesgarriak elkarbanatuko dira.