Koldo Garcia: “GrALak, MALak eta tesiak lan handia eskatzen dute, eta, halabeharrez, idazten dugun horrek gure isla izan behar du”

Gidalerroak egon arren, eta ikerkuntzan ari direnentzat prozedura ezagunak izan arren, GrALa, MALa edo tesia idazten hasterakoan hainbat zalantza sortzen dira. Horregatik, UEUko Udaberriko eskaintzaren barruan, “GrALari, MALari edo tesiari aurre egiteko aholkuak eta trikimailuak” partekatu nahi ditu Koldo Garcia Etxebarria ikertzaile eta dibulgatzaileak. Biologian lizentziatua da Garcia eta genetikan doktorea. UEUko talde eragileko kidea ere bada.

GrALari, MALari edo tesiari aurre egiteko aholkuak eta trikimailuak ematea da zure asmoa. Beharrizana ikusi duzu?
Lan akademiko hauek ikerkuntzara sarbideak dira, askotan lehenengo aldia dugu ezagumendua sortzen eta plazaratzen. Lan hauek gauzatzeko gidalerroak badaude ere, edo ikerkuntzan aritzen garenontzat prozedurak ezagunak badira ere, idaztera jarri behar dugunean, hau da, orri zuriaren aurrean jarri behar dugunean, zalantzak sortzen zaizkigu, eta batzuetan blokeatu ere egiten gara. Beraz, bidean aurkitzen ditugun oztopo horiei aurre egiteko aholkuak lantzea onuragarria izan daiteke egoera horretan dagoenarentzat.

Zein eratako kezkak izaten dira era horretako lanen aurrean?
“Ez dakit nondik hasi”, “Gutxiegi edo gehiegi idatzi dut?”, “Idatzi dudan hau ez zait bat ere gustatzen”, “Idatzitako/esandako hau ulertzen al da?”, “Aurkezpenetan oso urduri jartzen naiz”, “Nola erantzun galderei?”. Hau da, kezka nagusiak lan horiek gauzatzearekin lotuta daude. Teoria gutxi gora behera ezagutzen dugu (atal bakoitzean zer jarri behar den), baina gero hori gauzatzerakoan zalantzak sortzen zaizkigu.

Zein izan da zure esperientzia?
Egoera horretan egon diren lagunei lan horiei aurre egiteko aholku eta trikimailuak eman dizkiet, gustura hartu dituzte eta erabilgarriak izan zaizkie. Noski, bakoitzak nahi izan dituenak erabili ditu, beste lagun batzuekin ere partekatu dituzte. Horregatik animatu nintzen ikastaro hau proposatzera: bildu ditudan aholku eta trikimailu horiek beste pertsona batzuekin partekatzeko.

Ikastaroan emango dituzun aholkuetatik zein da azpimarratu nahiko zenukeena?
Norberak bere sormen-prozesua duela, bere izaera gauzak egiteko, idazteko eta azaltzeko, eta guztiak zilegi direla. GrALak, MALak eta tesiak lan handia eskatzen dute, emozionalki gogorra izan daiteke; eta, halabeharrez, idazten dugun horrek gure isla izan behar du eta egindako lanarekin gustura gelditu behar dugu. Gurea dela sentitu behar dugu.

Memoria bakarrik ez, aurkezpena eta defentsa bera ere landu nahi dituzu ikastaroan. Zein izango da metodologia?
Bakoitzaren beharretatik eta zalantzetatik abituko gara, elkar entzunez eta kezka eta esperientziak partekatuz. Esan bezala, halako lanek kostu pertsonal bat izan dezakete eta giro lasai bat sortuko dugu bakoitzaren zalantzak argitzeko eta teorian ezagutzen dugun lan hori egitea errazteko. Hortaz, parte hartzea sustatuko dugu eta, aldarte onean, ahots guztiei lekua egin, elkarren artean aberasteko eta aholku eta trikimailu berriak aurkitzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude