“Behaketa gure lanaren egunerokotasunean txertatzen badugu haur bakoitza bere berezitasun eta izaerarekin ezagutuko dugu”

UEUren Udaberriko online eskaintzaren barruan, Miren Ainhoa Aranburu Tobarrek eta Oihane Gamero Muruak “Haurraren behaketa”z hitz egingo dute, “0-3 urte-bitarteko etapan”.  Aranburu Haur Hezkuntzako Goi Teknikaria da. Gamero, berriz, pedagogian lizentziatua da (UPV/EHU), Haur Hezkuntzan diplomatua (HUHEZI), Pedagogia Sistemikoko Masterduna (Euskal Herriko Pedagogia Sistemikoko eskola). Biek jaso dute Garapen Motorra- Garapen Manipulatiboa eta Zaintzak arloan formazioa (Budapesteko Loczy eskola).

Oihane Gamero

Behaketa landuko duzue. Esku hartzerik gabeko behaketa zergatik egiten zaigu hain zaila?
Esku hartzea esaterakoan heldua bigarren rolean kokatzeaz eta haurrari bere bizitzaren protagonista izaten uzteaz ari al zara? Horrela bada, behaketa egitea, modu sistematikoan egitea ere esku hartzea dela ulertzen dugu; izan ere, behaketa zaintza da, haurra zaintzeko modu bat, haurrak begiratua dela sentitzen du eta heldu horrentzat bera garrantzitsua dela bizitzen du.

Zailtasun asko daude, bai, baina behaketari beste edozein zaintzari bezainbesteko garrantzia ematen badiogu, denbora eta tokia ematen hasiko gara. Horretarako, behaketak ekarriko dizkigun onurak identifikatzea ezin besteko kontzientzia hartze lana da.

Miren Ainhoa Aranburu

Nola begiratzen diegu haurrei normalean?
Gizarte mailan, historikoki haurtzaroarekiko dugun begirada tradizionala aztertzen badugu, helduak haurrarekiko duen begirada oso txiroa da. Haurra izaki hauskor eta konpetentziarik gabeko bezala ikusi ohi da.

Profesionalok begirada hori aldatzeko tresnak ditugu eta familiei beraien haurrak ikusteko eta sentitzeko tresna berriak eman diezaiekegu. Horrela, gizarte mailan orokortua dagoen begirada txiro hori eraldatzen hasteko bideari ekin diezaiokegu.

Behaketa sistematikoak eta berau erregistratzeak zer dakar? Zergatik da hain garrantzitsua?
Behaketa gure lanaren egunerokotasunean txertatzen badugu, haur bakoitza bere berezitasun eta izaerarekin ezagutuko dugu; bere garapena nola doan ikusi eta ulertu dezakegu, norantz doan aurreikusi eta horren arabera gure esku hartzea doitu. Horregatik da horren garrantzitsua.

Erregistratzeko teknikak lan hori fintzen eta ahalbidetzen laguntzen digu, denboraren poderioz aurreko astean ikusitakoa ahaztu egiten da eta behaketa azaleko mailan geratzen da.

Landutako gai bakoitzarekin loturiko praktika kontzienteen identifikazioa ere landuko duzue. Praktika kontzienteez ari garenean, zertaz ari gara?
Kontzeptu honen azalpena nahiko konplexua da eta, gure uste apalean, oso garrantzitsua.

Alde batetik, terminologia ongi ulertzea eta erabiltzea beharrezkoa da. Eremu profesional guztiek dute berauen terminologia, komunikazio mota bat da. Kontzeptu bat erabiltzen dugunean, inguruko profesional guztiek ideia berdina dutela bermatzeko beharrezkoa da, elkar ulertzeko tresna da.

Beste alde batetik, haur hezkuntzan 0-3 adin tartean ari garen profesionalon kasuan, gizarte mailan gure lanbideak duen garrantzia oso pobrea da; eta askok uste dute ez dela marko teorikorik behar kaka eta pixa egiten duten haurrak zaintzeko. Bestalde, geroz eta aditu gehiagok esaten dute adin tarte hau erabakigarria dela pertsona ororen bizitzan. Beraz, oinarri zientifikoak izan eta gauzak azalpen epistemologikoetan oinarrituz egiten ditugula adierazteko gaitasuna behar du profesionalak bere profesionaltasunaren jabe izateko. Zer egiten duen eta zergatik egiten duen garbi badu, edozein eremutan azaltzeko gaitasuna izango baitu; esaterako, lankideen artean edo gurasoekin lankidetzan.

Praktika kontzientea bada, beti egongo da aldatzeko aukera , hobetzekoa, aztertzekoa … Ez dago kontzeptu horretan gaizki edo ondo; eta lankideen arteko epaiketak eta zailtasunak ekiditeko aukera ematen du.

Praktika onak esaten badugu, beste aldean txarrak daudela esan nahi du eta horrek arazoak ekar ditzake, epaiketa baitago atzean. Zailtasunak ekarri ahal ditu talde laneko norbaitek egiteko moduren bat berraztertu nahi badu. “Praktika kontzienteak” termino bezala hartzen badugu, kontzeptu irekia da, beti alda daitekeena, txarra edo ona den esan beharrik izan gabe.

Praktika kontzientea, momentuan hartutako, pentsatutako esku-hartze bat litzateke, sortu berri den egoera berriari doitua; baita esperientzia eta teoriak baieztatuta funtzionatzen duen egiteko modu bat ere.

 

0-3 urte bitarteko etapan nolakoa behar luke hezitzailearen rolak?
Hau ere galdera ederra da! Kontutan hartzen badugu 0-3 adin tarteko haurrak ditugula gure esku, hezitzailearen rola zabala eta konplexua dela nahi eta nahi ez garbi izan behar dugu.

Haurrari dagokion aspektu bakoitzaren inguruko hausnarketa eta definizioa egin beharra du hezitzaileak; eta ez hori bakarrik, haur bakoitzak behar duenari erantzun doitua emateko rola berraztertu beharra du egunero. Izan ere, egunero hartu beharra daude erabakiak, haur bakoitzak dituen beharrak aseko dituen erabakiak hain zuzen ere. Ez dago errezetarik, horregatik gure formazioetan rola beti lantzen da.

Gure ustez, hezitzailearen rolak, haurra jarduera autonomoan dagoenean, iniziatiba gabekoa behar du izan; haurraren jolasean etengabe parte hartu gabe, ez ekintzez ez hitzez, baina interesa adierazten. Begiradarekin sostengua ematen duena. Haurrek ez dute helduarentzat jolasten, beraien jardueran murgil daitezke hezitzailearen iniziatibarik gabe. Zaintza momentuak, aldiz, momentu intimoak dira, haur-hezitzailearen arteko harremana eta lotura afektiboak sortzen diren une garrantzitsua. Zaintza egoeretan “ elkarrizketa” dago, hartu-emana.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude