Euskara sustatzeko komunikazio kanpainen zabalpenarekin kezkatuta? Nola diseinatu komunikazio kanpaina bat? Nola erabili tresna digitalak? Kezka eta galdera horiei erantzun asmoz antolatu du UEUk “Euskara sustatzeko komunikazio kanpainak diseinatzen” izeneko ikastaroa. Eibarren izango da, Ander Bolibar Zabalaren irakasle eta komunikazioan arituaren eskutik. Ikus-entzunezko komunikazioan graduatua da Bolibar, irakasleen prestakuntzan masterduna, eta telekomunikazio eta informatika sistemen goi mailako teknikaria. Aurrez Garabiden, Mondragon Unibertsitatean zein Hiru Damatxon lan egindakoa da. UEUkidea ere bada.
Euskara sustatzeko komunikazio kanpaina diseinatzerako orduan zer izan behar dugu batez ere kontuan?
Ikastaroan hiru esparru landuko ditugu: lehena, komunikazio kanpaina orotan kontuan hartu behar ditugun aldagaiak. Helburua, kanala, hartzailea… Bigarrena, gaur egungo paradigman tresna digitalek eskaintzen dizkiguten abantailak eta mugak. Eta hirugarrena, hizkuntza gutxiagotu batetik diglosia egoeran komunikazio kanpainak diseinatzeko irizpideak.
Zeintzuk izaten dira ohiko akatsak?
Hobe estrategia txar bat estrategia eza baino. Komunikazioa hasieratik integratzea komeni da. Ohiko akatsa da zerbait oso itxia egin eta ondoren hori nola komunikatu pentsatzeko ohitura. Hobe da komunikazioa zehar lerrotzat hartu eta ideaziotik pentsatzea planteatzen ari denak komunikazio potentziala duen, edo ez.
Zabalkundean sare sozialak lagun izan daitezke, baina hor ere aurre diseinurik gabe…
Tresna digitalek ere zer hausnartu ematen digute: alde batetik, gure datuak makroenpresei oparitu behar dizkiegula derrigorrez sinestarazten digute, eta hor kritikotasunez jokatu beharko genuke, kontraesanak kudeatu eta benetan erabaki non egon nahi dugun eta nola. Horrez gain, batzuetan tresna digitalak merketzat hartzen ditugu, baina lan orduen kontrolik gabe heltzen gara sentipen horretara. Lan karga zulo beltzak dira, eta diseinuan ondo aurreikusi behar da bertan egingo dena. Azkenik, batzuetan sare sozialetan zerbait publikatu eta zure kudeaketa planean tik-a egiten duzu [egindako moduan markatu], “zabaldu da”. Gure helburua, ordea, ez da izan behar gestio planeko gelaxka berdetzea, jendearengana heltzea baizik, eta agian horretarako ez da nahikoa Twitterren idaztea.
Behin kanpaina martxan jarrita neurtzea, jarraipena egitea, ebaluatzea komeni da, baina ez al dugu askotan ahazten? Zergatik da horren garrantzitsua?
Bestela nola jakin egoki komunikatu den edo ez? Hurrengo pausoak fintzeko beharrezkoa izango da. Bestela oinarri sendo gabeko ondorioetara heldu gaitezke. Ebaluazioan egindako inbertsioak hurrengo pausuko diseinuan denbora aurreztuko digu. Dena den, tresna digitaletako metrikek ere badute euren makurkeria: askotan, gauez etxeko giltzak beste puntan galdu eta argia dagoen farolaren ondoan bila aritzen den txisteko pertsonaia moduan aritzen gara.
Zer da ikastaroan landuko duzuna?
Hori guztia [barre]. Ikastaroaren potentziala gehiago da kasu zehatzen azterketa, eta bertan parte hartuko dutenen arteko emaria beste ezer baino. Azken finean, inertzia da komunikazio makurrarekin lotzen den mamu ohikoena. Komunikazioaren gainean hausnartu, birpentsatu eta sozializatze hutsak inertzia horiek deseraikitzeko aukera eskain dezake.