Asier Gutierrez: “Haur eta nerabeen aurkako indarkeria ageriko bortizkeria baino askoz sakonagoa da”

UEUren online eskaintzaren barruan “Haur eta nerabeen aurkako indarkeria ezagutuz” izeneko ikastaroa hasiko da otsailean. Asier Gutierrez Arribas haur eta nerabeen saileko gizarte hezitzailea  izango da irakasle. Gizarte hezkuntzan diplomatua da Gutierrez eta kultur arteko hezkuntzan eta Gizarte arazoen azterketan masterduna. UEUkidea ere bada.

Zer dakar haur eta nerabeen babeserako Espainiako legedi berriak?
Lege honek haurren eta nerabeen aurkako indarkeriari modu integral batean aurre egitea proposatzen du, arrisku-faktore eta ondorioen izaera multidimentsionalari erantzun zabala emanez. Horretarako, ikuspegi didaktiko batetik, funtsezko lehentasuna ematen dio prebentzioari, sozializazioari eta hezkuntzari, bai adingabeen kasuan, bai familien eta gizarte zibilaren kasuan ere. Babes neurri hauek haur eta nerabeekin lanean ari garenok betebeharrekoak dira eta babes protokolo eta neurri komunak ezartzen ditu estatu espainiar osoan. Legearen arabera, botere publikoek haurren aurkako edozein tratu txarren aurrean sentsibilizazio, prebentzio, laguntza eta babes-jarduerak garatu behar dituzte, bai eta eskuduntza duten administrazio publikoen arteko koordinazioa ziurtatzeko beharrezkoak diren prozedurak ezarri ere.

Zein da aldaketarik garrantzitsuena?
Aurretik zeuden haurtzaroaren babeserako legeak eguneratzen ditu. Haur eta nerabeekin ohiko harremana duten profesionalen etengabeko prestakuntza eta formakuntza espezializatua arautzen du, eta administrazio publikoen arteko beharrezko lankidetza jasotzen ditu. Legeak hiru puntu azpimarratzen ditu bereziki: Haurrak entzunak izateko duten eskubidea, haurrak inolako indarkeriarik ez jasateko duten eskubidea eta haurren interesen lehentasuna. Gainera, lege honek ikuspegi feminista txertatzen du haurren babesean; kontuan hartuz neskak izateagatik konkretuki jasaten dituzten indarkeria-moduak, azpimarratuz errespetuan eta berdintasunean hezten duen gizarte bat soilik izango dela gai nesken edo emakumeen kontrako indarkeria honi aurre egiteko.

Indarkeriaz ari garenean, ez gara soilik ageriko bortizkeriaz ari…
Adingabeen aurkako indarkeria errealitate gaitzesgarria da, fronte asko dituen errealitatea. Askotan oharkabean pasa daiteke gertatzen den eremuen intimitateagatik eta eremu intimoetan izaten dira indarkeria kasurik gehienak. Familia eremuan izaten dira kasu hauen ehuneko handiena, baina eskola ere bada eremu gatazkatsu bat. Beraz, babes eremu behar luketen espazioak kontrakoak bilakatzen dira. Babesgabetasun egoera hauek identifikatzeko beharrezkoa da ulertzea edozein ume egon daitekeela indarkeria jasaten. Adibidez, bost umetik batek pairatzen ditu sexu abusuak familia eremuan. Errealitate gordin hori barneratzea beharrezkoa da ulertzeko haur eta nerabeen aurkako indarkeria ageriko bortizkeria baino askoz sakonagoa dela.

Zure esperientziatik zein da gaur egungo argazkia?
Egoera ez da batere ona. Covid19ak ezarri dituen bizi baldintzak babesgabetasun egoera anitz azaleratu ditu. Euskal Herrian haurren babeserako dauden errekurtsoak gainezka daude eta suizidioaren azken datuak benetan ikaragarriak dira. Bere buruaz beste egiten duten gazteen profila geroz eta gazteago da. Gizarte bezala ardura osoa dugu egoera honen aurrean arduraz jokatzeko.

Zer da ikastaroan landuko duzuna?
Indarkeria kasuak daudenean, umeak dituzten indikatzaileak antzematen barneratzea. Erreza izan daiteke ume bat oso mugitua denean, disruptiboa, ume hori ez dagoela ondo atzematea. Hala ere, behaketa lana ez da hor amaitzen. Jakin beharko genuke ume apalen edo harremanetarako zailtasunak dituzten umeen atzean ere indarkeria kasuak egon daitezkeela eta horretarako arreta ikuspegia trebatu behar dugu. Ikastaroak ikuspegi trebaketa hori lantzen du nagusiki.

Norentzako ikastaroa da?
Haur eta nerabeekin lan egiten dugun profesionalei (bereziki irakaskuntzan); irakasleei, hezitzaileei, aholkulariei, integratzaileei, monitoreei, begiraleei… eta babes ikuspegi hau trebatu nahi duen ororentzat.

Zer azpimarratu nahiko zenuke?
Ez da gai erreza, haur eta nerabeen aurkako indarkeriak gure bizitza esperientziarekin konektatzen duelako eta askotan deserosoa izan daitekeelako. Gizarte bezala barneratu behar dugu haurren babesa gure ardura dela eta babes guneak bereziki zaindu behar ditugula. Indarkeria jasan duen umea indarkeria erabiliko duen heldua izan daitekeelako. Zaintza kolektiboa bultzatu behar dugu, arreta goiztiarra eta behaketa indartuz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude