Juankar Alonso: “Sentimendu eta emozioei leku bat egiteko, aukera gutxi eskaintzen ditu egungo hezkuntzak”

UEUren Udaberriko eskaintzaren barruan “Nola kudeatu emozioak nerabezaroan” izeneko ikastaroa izango da otsailaren 12an eta 19an Iruñean. Juankar Alonso Albisu psikologoa izango da irakasle. Psikologia Institutu Publikoan eta kontsulta pribatuan formatzailea da bera.

Zerk eragiten die nerabeei? Nola dira emozionalki nerabeak?
Nerabearen bizitzan aldaketa eta galera anitz gerta daitezke. Familia mailan, adibidez, zailtasun ekonomikoak, langabezia, gurasoen banaketa, gaixotasun larriren bat, heriotzaren bat … Eskola edo lagunen mailan baita, adibidez, ikasketetan zailtasunak, lagunen isolamendua edo tratu txarrak … Garapen arloan ere aldaketak daude; pubertaroaren aldaketa fisikoak, eta horrek ekar ditzakeen konplexuak, lehen bizipen afektibo-sexualak eta horien ondorioz gertatzen diren hausturak … Hau da, haurtzarotik nerabezarorako trantsizioa emozio askorekin bizitzen dute. Guzti honek eragiten dio nerabeen egoera emozionalari.

Bestetik, kontuan izan behar dugu nola diren emozionalki nerabeak. Garapen psikoemozionalaren ondorioz, Ni-a aurkitzen eta eratzen hasten dira. Pertsona ezberdina, iritzi propioarekin, dela ohartzen da … eta horrez ondorioz auto-baimentzeko zirrara sentitzen du. Sarritan, ”lotsagabe” bihurtzen da, oposiziozko jarrera azaltzen du, onarpena bilatzen du, heldu bezala tratatzea nahi du. Ziurtasuna eta tinkotasuna dituen txura egiten du, baina ziurtasun gabe sentitzen da. Dinamika honen ondorioz ere introspekziorako joera azaltzen du, bere barruko mundua eraikitzen den seinale da hori.

Dinamika ebolutibo honen ondorioz, normala da nerabeak emozionalki desorekatua egotea. Horregatik ere oso erraz pasatzen dira etsipenetatik euforiara, maiteminduta egotetik errudun sentitzera, asperkeriatik eszitaziora … Emozioak aldaketa prozesuan daude. Emozioak erregulatzeko norbaiten laguntza behar dute, oraindik ez dakitelako euren emozioak autoerregulatzen eta kudeatzen.

Horren aurrean, zein lanketa egin behar du nerabeekin lan egin behar duen horrek?
Lehenik eta behin, kontziente izan behar dugu, norekin ari garan lanean; hau da, nerabe batekin ari bagara, oraintxe aipatu ditudan ezaugarriak kontuan edukitzea behar beharrezkoa da. Gu geu emozionalki nolakoak garen ere kontuan eduki behar dugu.

Bestetik, ezinbestekoa da komunikazio arloan trebetasun batzuk edukitzea; asertiboak izatea, hezteko modu egokiarekin jokatzea, entzuten jakitea … Horiez gain, beste zenbait alderdi ere, kontutan izan behar ditugu; eragiten dien egoera latz horietan euren emozioak jasotzen eta bideratzen laguntzeko trebetasunak edukitzea; eurekin lotura afektibo egokia nola sortu jakitea; inguruko baldintzak zaintzea, hau da, non “landu” gai edo egoera emozionalak…

Pandemia garai honetan ere ikusi da alde emozionala ez dela behar beste lantzen…
Bai, egia da eta horren adierazle, pandemia uzten ari den nerabe eta helduen osasun mentaleko arazoen intzidentzia da. Pandemiak hirukoiztu egin ditu nerabeen gaixotasun mentalak.

Psikologo eta psikiatren kontsultak leporaino daude; antsietate krisiak, depresio egoerak, beldurrak, trastorno obsesibo-konpulsiboak, suizidio saiakerak, elikadura-portaeraren nahasmenduak, portaeren arazoak … Horiek denak izugarri ugaritu dira, familia eta eskolaren esparruetan.

Pairatzen ari garen egoera eragiten ari da nerabeen osasun psikoemozionalean, euren emozioetan. Nerabe askok ez dituzte trebetasun egokiak egoera pandemikoak dakartzan desioen “mozketak” eta frustrazioa kudeatzeko.

Zein hutsune ditu orokorrean gure hezkuntzak?
Egungo hezkuntzak alde onak baditu, noski baina hutsuneak ere bai. Batzuk aipatzekotan, “sistemak” behartutako zorameneko erritmoa, abiadura, estresa … dira. Curriculuma, programa, bete behar da. Azkar bizi gara gizartean eta hezkuntza ere bai. Patxada, lasaitasuna behar dugu, irakasle bezala eta nerabeek ere behar dute. Zeren erritmo eta estres hori kutsatu egiten da. Gelditu behar dugu, hausnartzeko, nora joan nahi duen hezkuntzak, zer nahi dugun …

Bestetik, uste dut haur eta nerabeak gain-estimulatuta daudela. Goizean, esnatzen direnetik, gauean lokartzen diren arte, teknologia berrien eraginez, euren pantailetatik milaka “input” jasotzen dituzte, input bisualak, entzuteko inputak. Egoera honek eragiten die euren baitatik at egotea, “kanpoan” egotea. Egungo bizitzak aukera gutxi ematen die, eta hezkuntzak ere bai, bere baitan egoteko, euren “barruan” egoteko, euren “ni-arekin” topo egiteko, euren sentimendu eta emozioekin topo egiteko.

Bi alderdi horiek kontutan harturik, sentimendu eta emozioei leku bat egiteko, aukera gutxi eskaintzen ditu egungo hezkuntzak, “ez dagoelako denborarik, aukerarik, isiltasunik edo motibaziorik”.

Zer da zehatz-mehatz ikastaroan landuko duzuena?
Zer den Inteligentzia Emozionala, zerk “eragiten” dien nerabeei, nola erantzun dezakeen nerabeak egoera latzen aurrean, nolakoa den egungo giro sozial-emozionala, nolakoak diren nerabeak emozionalki; eta, gu, nolakoak garen emozionalki, nola komunikatzen garen, nolakoa den gure hezteko modua, emozionalki hezteko modu desegokiak, nerabeen emozioak kudeatzeko baliabideak, komunikatzeko trebetasunak edota sentikortasun emozionala suspertzeko baliabideak.

Zein da azken helburua?
Ikastaroak lau helburu lortu nahi ditu: partaideak jakitea nolakoak diren emozionalki nerabeak, emozioak hezteko modu egokiaz eta desegokiaz hausnartzea, nerabeekin komunikatzeko behar diren trebetasunak bereganatzea eta nerabeen emozioak kudeatzeko baliabideak eskaintzea partaideei.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude