Olatz Zuazo: “Metodologia berriak ez ezik, ebaluazio berriak ere ezinbesteko zaizkigu”

UEUren Udaberriko online eskaintzaren barruan “Hizkuntza-konpetentziak kozinatzen” izeneko ikastaroa izango da Olatz Zuazo Azpeitiaren eskutik. Zuazo Euskal Filologian lizentziatua da eta euskara irakaslea izan da 20 bat urtetan. Azken hiru urteotan normalizazio aholkulari ibili da Bizkaiko Ezkerraldean, Sestaon, Portugaleten eta Santurtzin, hain zuzen ere.  ISEI-IVEIko (Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundea) kolaboratzailea da eta baita GRAO argitaletxekoa ere.

Zer dira hizkuntza-konpetentziak?
Hizkuntza konpetentziak besteekiko ahoz zein idatzizko komunikazio gaitasuna ematen digutenak dira: Input-a,  gaitasun pasiboak (Entzumena, Irakurmena) eta output-a gaitasun aktiboak (Mintzamena, idazmena)

Zein garrantzia du ebaluazioak?
Ebaluazioa da metodologia berrien bidez landu eta barneratu ditugun kontzeptu horiei zentzua ematen diena, ikaslearen metakognizio trebetasunak garatzea duelako helburu nagusia.

Carlos Monereok esana: nolako ebaluazioa, halako ikaskuntza.

Nola eta zertarako ebaluatu?
Konpetentzia eta errealitatean oinarritutako egoera desberdinetara begira ebaluatzen dugunean, ezagutza ez da estatikoa edo memoristikoa, sakona eta dinamikoa baizik, eta ikasleak subjektu aktibo bihurtzen ditugu ikaskuntza prozesu horretan.

Beraz, ikasleak ebaluatzeko zein hezteko asmoz erabiltzen dugun tresna da.

Konpetentzietan oinarritutako ebaluazioaz ari garenean, zertaz ari gara?
Konpetentziak landuz, bizitzarako gaitasunak eskuratuko dira, eta komunikazio gaitasunak komunak dira ikasgai guztietan, irakasle oro hizkuntza konpetentzia irakasleak izanik.

Zein da ikastaroaren helburua?
Metodologia berriak ez ezik, ebaluazio berriak ere ezinbesteko zaizkigula azpimarratzea gustatuko litzaidake, etengabeko prozesu hezigarrian egoteko eta irakasle guzti-guztiok bat egiteko hizkuntza ebaluatzeko irizpideetan, (Hizkuntza Trataera Integrala), horiei garrantzia emanik.

Argi izan behar dugu zer ebaluatu nahi dugun eta nola helarazi hori ikasleei hasiera-hasieratik. Hortakotz, hobe daukagu erabakitzea eta aukeratzea zer jakin behar duten ikasleek kurtso bukaeran, eta horren arabera, prozesuko oztopoak gainditzeko pauso zehatzak diseinatu eta hezur-mamituko ditugu, tresna horiek eskaintzeko ikasleei.

Bide batez, tresna horiek digitalizazioarekin lotuz gero, are hobeto, hola aurkeztuta askoz erakargarriago zaizkielako gure gazteei, hizkuntza erabilera bizirik mantentzeko probabilitate gehiago egongo direla bermaturik.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude