Iñaki Peña: “Bat-batean, zaurgarriak eta hauskorrak garela konturatu gara”

Zainketa aringarriak, heriotza duina, dolua… Gai guzti horietaz hitz egiteko “Bizitzaren amaieran arreta” izeneko ikastaroa antolatu du UEUk otsailaren 12rako Iruñean. Iñaki Peña Bandrés Debagoieneko ospitaleko (Arrasate) Mediku internista da ikastaroaren arduraduna. Zainketa aringarrietan espezializatua da Peña eta doluaren prozesuekin lotutako hainbat dokumentalen egilea ere bada.

 

Zainketa aringarriez ari garenean zertaz ari gara?
Gaixo bat sendatzerik ez dagoenean, honen bizitza amaiera ahalik eta sufrimendu gutxienarekin pasatzeko egiten diren estrategia eta prozedura guztiak dira zainketa aringarriak. Sintoma fisiko eta psikikoak arintzea da helburu nagusietakoa, eta hortik dator izena. Zainketei dagokienez, ondo azpimarratu behar da gaixoaren ingurukoak direla hauen arduradun nagusiak. Izan senideak edo bestelako zaintzaileak etxean, edo erizain laguntzaileak eta erizainak adineko egoitzetan edo ospitaleetan.

Medikuen lan nagusia erabaki klinikoak hartzea, farmakoak kudeatzea eta arreta koordinatzea da, hein handi batean erizainekin batera. Izan ere, zainketa aringarrien ezaugarri funtsezkoa da talde lana, hala profesionalen artean (orain arte aipatutakoak gehi psikologoak, administrariak eta zeladoreak) nola zaintzaileen artean. Halaber, oso garrantzitsua da profesionalen eta zaintzaileen arteko komunikazioa, osasungintzaren beste arlo batzuetan baino garrantzitsuagoa.

Heriotzari bizkarra emanda bizi gara gurean…
Lehen Munduan, azken mende erdian edo, bizkarra ematen joan gara heriotzari ez ezik baita zahartzeari eta makaltzeari ere. Kantitatez, bizitza luzatzen joan gara azken hamarkadetan, baina kalitatearekin ez dugu askotan asmatzen. Medikuntza eta teknologiaren garapenarekin, gainera, gaixotasun askoren sendabidea joan gara lortzen. Gaur egun, hainbat minbizi mota sendatu daiteke. Honek guztiak hilezkortasun sentsazio kolektibo moduko batera eramaten gaitu, betiereko gaztetasunarena. Edertasunetik kanpo dauden elementuak ezabatzera edo ez ikustera eramaten gaitu, nolabait. Hedonismoarekin oso lotuta dauden jarrera infantilak dira, beste alde batetik angustia existentzialekin zerikusia dutenak.

Pandemiak ikusi nahi ez dugun hori ikustera behartu gaitu?
Erabat. Bat-batean, zaurgarriak eta hauskorrak garela konturatu gara. Medikuntzak eta teknologiak ezin dietela aurre egin gauza guztiei. Planeta guztian gertatu da gainera, denbora tarte erlatiboki laburrean, eta herrialde aberatsak ere gogor kolpatu ditu. Konturatu gara heriotzak axola duela, garrantzitsua dela nola hiltzen garen, bakardadean hiltzea zein kontu latza den. Dolu prozesuek zein garrantzia daukaten, agur esan ahal izateak, hileta erritoak ere baldintzatuta egon diren garai hauetan, hildako bat baino gehiago tarte motzean izan ditugunean.

Dolua aipatu duzu eta doluaz ere ez al genuke gehiago hitz egin behar? Ez al gabiltza noraezean?
Heriotzaz gehiago hitz egin beharko genukeen bezala, doluaz ere mintzatu beharko ginateke. Horretarako, entzumena ere garatu beharko genuke, entzumen aktibo eta errukitsua, doluan dagoenari pazientziaz eta juiziorik gabe entzun ahal izateko. Noraeza begi-bistakoa da, patxada hori falta zaigu eta beldurrez beteta gaude. Dolua ez da gaixotasun bat, baina kasu egin ezean gaitz bihurtu daiteke edo eritasunetara eraman gaitzake. Denok egin ahal izan diogu aurre kasu gehienetan, denok lagundu diezaiekegu besteei dolua gainditzen. Enpatia gaitasuna denok daukagu, baina beste ezaugarri batzuk bezala, trebatu behar gara, landu, entrenatu.

Hego Euskal Herrian Espainiako Eutanasiaren legeak ere berriro mahai gaineratu du heriotza duinaren gaia…
Eta horren aldetik, ongi etorria izan dadila. Ezin gara jausi sinplifikazioetan, heriotza duinaren ibilbidea lege honekin hasiko dela pentsatuz. Zainketa aringarrien lana, azken hamarkadetan, bizitza eta heriotza duina ahalbidetzea izan da, eta aurrerantzean ere izango da. Eutanasia eta lagundutako suizidioarekin, beste bide bat zabaltzen da norabide berean. Ongi etorria da legea, nire iritziz, zainketa aringarrien garapen handiagoaren beharra ere mahai gainean ipini duelako.

Zer da ikastaroan landuko duzuna?
Orain arte aipatu ditugun puntuak jorratuko ditugu, modu teorikoan eta praktikoan, suertatzen diren zalantzak argitzen saiatuz. Baliabideen artean zinema izango dugu, zainketa aringarriekin lotutako filmografia eguneratua errepasatuko dugu. Baita bibliografia interesgarria ere.

Non ipini nahiko zenuke azpimarra?
Zahartutako jendartea dela geurea, gehiago bizi garela, baina nola bizi garen ibilbide biografikoaren amaieran garrantzi handikoa dela. Zainketen beharra gero eta handiagoa dela, eta ondo hausnartu behar dugula nola egingo dugun gure senideekin. Eta nola egingo duten gurekin, nola gustatuko litzaigukeen behintzat izatea. Zeintzuk diren zure balio garrantzitsuak bizitzan, zer egingo zenukeen gaixotasun larria eta sendaezina tokatuz gero, aldamenekoei edo zeuri.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude