Iñaki Dorronsoro: “Bioekonomiaz hitz egin beharrean, bio-sozio-ekonomia-politika-kulturaz arituko nintzateke”

Duela bi urte Donostian hasitako ibilbideari jarraipena emanez; azaroaren 26an Bilbon egingo da Ekonomialari Euskaldunen II. Biltzarra. UEUk, Ekonomisten Euskal Elkargoak eta UPV/EHUk antolatu dute jardunaldi hau elkarlanean eta Htik BIOra (Hidrogenotik Bioekonomiara) lelopean. Bertan  “Hidrogenotik bioekonomiara (Htik BIOra)” izeneko hitzaldia emango du Iñaki Dorronsoro Plazaola Eusko Ikaskuntzako lehendakari-ohiak.

Argazkia: Aimar Maiz / Goierriko Hitza

Zergatik da garrantzitsua Ekonomialari Euskaldunen Biltzarra?
Bai hausnarketa teorikoaren aldetik, bai errealitatearen azterketa eta proposamenak mahai gainean jartzearen aldetik, Euskal Herrian eta Euskal Herritik finkatutako perspektibak ezinbestekoak ditugulako. Bigarren, euskara eremu zientifiko eta ezagutza esparru guztietan normalizatzen ez dugun bitartean herrentasun larriarekin jarraituko duelakoan nagoelako. Eta hirugarren, oraindik okerrago egongo da gure eliteek erabiltzen ez duten neurrian.

Zer da zehatz mehatz zure hitzaldian landuko duzuna?
Lehenengo, gai hauek aztertzerakoan, nire oinarrizko “mapa-mentala” azalduko dut. Mapa honek hiru zutabe nagusi ditu: Lehenengoa konplexutasun teoriaren ikuspuntu dinamiko, sistemiko eta ebolutiboa; bigarrena kapitalismoaren funtsezko legeen arabera zibilizazioaren bilakaeraren mekanismoak, ekonomia ebolutiboaren ekarpenez baliatuz; eta hirugarrena, dinamika honetan eta horrek eraginda, populazioaren, BPGaren, gizarte eta baliabide naturalen arteko talka larria. Talka horren ondorio larria klima aldaketa izanik.

Bigarren, Hidrogenoaren ekonomiaren inguruko zehaztasunak azalduko ditut. Aurrekariak, teknologiak, aplikazioak, ekimenak eta proiektuak, eta aukerak. Diskurtsoak eta errealitateak. Hidrogenoaren ekonomia marko globalean kokatzen saiatuko naiz.

Hirugarren, definizio bat egin ondoren, bioekonomia gaurko erronka gainditzeko paradigma berri eta beharrezko bezala aldarrikatuko dut. Aurrekari batzuk ere azalduko ditut.

Zer azpimarratuko zenuke?
Kapitalismoaren gaurko ataka honetan hiru joera nagusi gaudela: batetik, ukapenean gotortuak; bestetik asko eta asko borondate onarekin, beste asko “jator” itxurarekin, teknologiarekin, beti bezala konponduko dugulakoan daudenak; eta, azkenik, sistemarekin kritikoak direnak. Eta hirugarren horretan, bai teorian, bai praxian multzokatzea da ezaugarririk nagusiena.

Besterik?
Uste dut gaia oso zabala dela. Gainera, ni “bioekonomiaz” hitz egin beharrean, “bio-sozio-ekonomia-politika-kulturaz” arituko nintzateke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude