Abel Camacho: “Euskal Unibertsitatea sortzea da gure azken xedea eta, bide horretan, Euskal online unibertsitatea bideragarria dela ikusten dugu”

UEUk 2020ko abenduan antolatutako webmintegian euskal online ikasketen egoera aztertu zen. Aurten, azterketa bide horretan beste pausu bat eman nahian, Online irakaskuntzaren testuinguruak eta horietarako eredu pedagogikoak aztertu nahi ditugu azaroaren 17an izango den mintegian. Abel Camacho Romero UEUko online eredu pedagogikoko arduraduna izango da moderatzaile.

UOC-en “Online irakaskuntza hobetzeko dekalogoa” liburuan du oinarri webmintegiak, UEUk euskaratu duena. Zein ekarpen egiten du liburu horrek?
Ekarpen handia egiten du, zalantzarik gabe. Iñaki Alegriak euskarazko bertsioaren hitzaurrean esaten duen moduan, liburua pandemia-garaian idatzitakoa bada ere, azken urteotan erabateko garrantzia izan duten auzi metodologikoak jorratzen ditu eta horiei buruzko erabaki kontzienteak eta kritikoak hartzeko informazio eta hausnarketa baliotsuak eskaintzen dizkigu.

Zein diren auzi horiek? Bada, asko dira, baina batzuk aipatzearren, online testuinguruetan izaten den komunikazioaren ezaugarriak eta kudeaketa azaltzen da, edo ikastaroen diseinu didaktikoa eta teknologikoa, edo online ebaluazioa, edo erabil daitezkeen tresnen eta baliabideen ezaugarriak…

UEU eta UOCen arteko lankidetzaren emaitza da liburua eta bide horretatik jarraituz, azaroaren 17ko mintegian egileetako bat izango dugu gurekin, Albert Sagrà.

Online irakaskuntza lerro estrategikoa da UEUrentzat ere. Zergatik?
Hemen boladan nahaste handia izan da, gure ustez. Orain 15 bat urte edo, hezkuntza erakunde askok online irakaskuntzaren inplementazioa eta digitalizazio-prozesuak aukera terminotan aztertzen zituzten, eta komeni ote da horrelakoetan sartzea izaten zen eztabaida.

UEUk beti izan du argi online irakaskuntza ez dela inola ere aukera kontua, ez dela inola ere beste ezeren osagarri: unibertsitatea, baita aurrez aurrekoa ere, digitala izango da ala ez da izango. Antza denez, askori COVID-19ak irakatsi dio hori, baina askoz lehenagotik genekien hezkuntza testuinguruak ugaritzen ari zirela eta horietara ikuspuntu teknopedagogiko kritiko batetik egokitu beharra genuela, nahi ala nahi ez.

Bestalde, eta zure galderari erantzunez, UEUk estrategikotzat jotzen du online irakaskuntza, eta argi dago bere jardunaren erdi-erdian dagoela. Izan ere, Euskal Unibertsitatea sortzea da gure azken xedea eta bide horretan, Euskal online unibertsitatea bideragarria dela ikusten dugu. UOCen eredua oso adierazgarria eta eredugarria da guretzat.

UEUk badu onlinerako eredu pedagogiko propioa ere. Zertan oinarritzen da?
UEUk 2014an idatzi zuen online irakaskuntzarako eredu pedagogikoaren lehenbiziko bertsioa. Ordurako hasia zen euskal profesionalen etengabeko prestakuntzaren alorrean era askotako online ikastaroak ematen eta argi ikusi genuen ikastaro horiek guztiek ikuspuntu didaktiko batetik aztertuta, antzeko egitura eta baliabideak izan behar zituztela. Ereduaren lehenbiziko bertsio horrek, beraz, bateratze funtzioa izan zuen.

2017an bigarren bertsioa idatzi genuen eta askoz ere testuinguru konplexuago bati erantzun nahi izan zion: etengabeko prestakuntzaz gain, goi mailako ikasketak ere izan genituen gogoan eta horrela, gure jardun pedagogikoa gidatuko zuten printzipio nagusiak zehaztu ondoren, e-learningari buruzko ikuspegia azaldu genuen, bai eta online ikastaroen diseinu didaktikoaren osagaiak zedarritu ere. Ereduak 3 urteko iraupena bazuen ere, pandemiaren beste albo-ondorio bat izan da berrikusketa-prozesua atzeratu beharra eta oraindik orain testu hau indarrean dago.

Hala ere, une honetan hirugarren bertsioaren idazketan ari gara eta espero dugu 2022ko ekainerako amaituta izatea. Horretarako, lehenik eta behin, 2017tik 2020ra bitartean eman ditugun online ikastaroak ebaluatzeko adierazle-sistema bat osatzen ari gara. Datuak bilduta eta aztertuta, horrek bide emango digu funtsezko hainbat alderditan gure jarduna beste unibertsitateetakoarekin alderatzeko; adibidez, ikasketa bertan behera uzten duten ikasleen portzentajea edo ikasleen asetasun-maila.

Bigarrenik, hasiak gara eredu pedagogikoa bera berridazten eta horretarako, bi alderdiri erreparatu diegu batez ere. Alde batetik, ikastaroen egitura didaktikoa berritu beharra ikusten dugu, ikas-emaitza edo learning outcomes direlakoen integrazioa errazte aldera. Bestetik, teknologiari begiratzeko modua zabaldu beharra dago ezinbestez. Horrela, ikasgela birtualaren inguruan ardazten den eredu batetik Ikasteko ekosistema teknologikorako jauzia egin behar dugu, non orain arteko ikaskuntzarako sistema teknologikoen ahuleziak gainditu eta ikaskuntzaren ekologiari bide egingo diogun.

Webmintegira bueltatuta, zein da azken helburua? Zer landuko da?

Helburuak bat baino gehiago dira. Gure ustez, nagusietako bat da Euskal Herriko unibertsitateetako jardun pedagogikoaren berri izatea guztiok. Mintegira gonbidatu ditugun irakasleek eta ikertzaileek panoramika hori emango digute, zalantzarik gabe, eta aukera ederra izango da non zer egiten ari den ezagutzeko eta elkarren berri izateko.

Bestaldetik, mintegi hau hurrenkera baten baitan kokatzen da. 2020an unibertsitate mailako euskarazko online ikasketak eskaintzeko erronka aztertu genuen. Horretarako, Anjeles Iztuetak moderatuta, Carles Sigalesek (UOC), Juanjo Alvarezek (UPV/EHU), Jon Barrutiak (Eusko Jaurlaritza), Jon Altuna (MU) eta Iñaki Alegriak (UEU) euskal online ikasketen egoera aztertu zuten.

Aurten, azterketa bide horretan beste pausu bat eman nahi dugu eta Online irakaskuntzaren testuinguruak eta horietarako eredu pedagogikoak aztertu nahi ditugu azaroaren 17ko mintegian. Izan ere, gero eta testuinguru dinamiko gehiagotan gauzatzen ari dira ikasteko eta irakasteko prozesuak. Horrela, aurrez aurreko testuinguruetan teknologia-erabileraren intentsitate altua ikusten dugu sarritan; e-learning eredu puruetan ere une sinkronoak eta asinkronoak izan ohi dira; testuinguru hibridoak ugari dira, askotan birtualitate eta presentzialitatearen arteko mugak guztiz lausotuta geratzen direla; presentzialitate ez-jarraitua edo aldizkakoa gero eta gehiagotan aipatzen da… Gai horiek guztiak izango ditugu hizpide.

Mintegian, beraz, Albert Sangrák (UOC) sarrera egingo du, eta gero Javier Portillok (UPV/EHU), Amaia Arroyo-Sagastak (Mondragon Unibertsitatea), Maitane Cortések (Deustuko Unibertsitatea), Pablo San Románek (Nafarroako Unibertsitate Publikoa) eta Ainhoa Latatuk (UEU) beren unibertsitateetan izaten diren hezkuntza-testuinguruak eta horietarako eredu pedagogikoen berri emango digute. Badakigu mintegiaren iraupenak ez digula zehaztasun handirik emateko modurik emango, baina gainetik baino ez bada ere, horien berri izateko modua izango dugu.

Azkenik, gure asmoa da 2022ko ekainean hirugarren mintegi bat antolatzea eta bertan testuinguruak eta eredu teknologikoak izango ditugu langai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude