“Enpresak beren negozioen etekinengatik ez ezik, gizarteari egindako ekarpen jasangarriengatik ere hasi dira balioztatzen”

Datorren azaroaren 26an Ekonomialari Euskaldunen II. Biltzarra izango da Bilbon Htik BIOra lelopean. Besteak beste, Izaskun Ipiñazar Petralanda eta Ainhoa Saitua Iribar EHUko Finantza Ekonomia I saileko ikertzaileak izango dira bertan.
Izaskun Ipiñazar eta Ainhoa Saitua
Zergatik da garrantzitsua ekonomialari euskaldunen biltzarra?
Alde batetik, hizkuntza bat, herri edo toki bateko elementu identifikagarria izaten da. Gure kasuan, euskara hizkuntza minorizatua da, eta aurrera jarraitzea nahi badugu, babesa behar du. Bestetik, negozioen edo enpresen arloak, eta ekonomia oro har, erdaraz (gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez, etab.) kudeatzen direneko pentsaera dago sustartuta. Baina badaude euskara erabiltzen duten enpresak eta bestelako erakundeak (Irabazia helburu ez dutenak, enpresa publikoak, etab.) bai beren stakeholderrek (talde interesatuak, hala nola, bezeroak, hornitzaileak, etab.) eskatzen dietelako, bai horrelaxe egin nahi dutelako. Eta ez dira gutxi. Edonola ere, ekonomialari euskaldunen biltzarrak egoera hau ezagutarazten eta normalizatzen laguntzen duela uste dugu. Garrantzitsua da horrelako ekintzak euskaraz egitea.

Biltzarrean hazkundeaz eta desazkundeaz hitz egingo da. Zer da zehatz mehatz zuen ikergaia?
Azken urteotan, enpresak beren negozioen etekinen arrakastagatik ez ezik, gizarteari egindako ekarpen jasangarriengatik ere hasi dira balioztatzen. Guk hazkundeari edo desazkundeari buruz eztabaidatu baino gehiago, enpresen jokaera arduratsuari buruz hitz egingo dugu. Hau da, Nazio Batuetako Erakundeak 2030 urterako zehaztu dituen Garapen Iraunkorreko Helburuak (GIH) aipatuz, batez ere, 12. helburua, Produkzio eta Kontsumo Arduratsua bultzatzea, azpimarratu nahi dugu, eta horrekin lotuta dauden beste hainbat helburu kontuan hartzea. Hala nola, 8. Hazkundea eta Enplegu Duina; 5. Genero Berdintasuna; 16. Bakea eta Erakunde Sendoak, etab.

Testuinguru honetan, garrantzitsua da informazio ekonomiko finantzarioaz gain (Urteko Kontuetako Egoera Balantzea, Galdu-Irabazien Egoera, etab.), arlo ez finantzarioari buruzko informazioa ematea. Horretarako, Espainiako legeriak enpresa handienei Informazio Ez Finantzarioaren Egoera osatzea eskatzen die, eta nazioarteko erakunde desberdinek hainbat adierazle proposatu izan dituzte, hiru multzotan sailka daitezkeenak: ingurumen arlokoak, sozialak eta gobernu korporatiboari edo aginte onari buruzkoak.

Zehazki, biltzar honetan aurkezten ditugun lanak, Espainia mailan aritzen den BNFIX kontabilitate eta auditoretza arloko aholkularitzak eskatuta, Euskal Herriko Unibertsitateko Finantza Ekonomia I saileko Javier Corral-Lage irakaslearen ardurapean, eta Sonia García-Delgado eta Noemí Peña-Miguel irakasleekin batera, burutu dugun ikerketa proiektu baten barruan osatu dira. Helburua enpresa txiki eta ertainen (ETE-en) ustez adierazle egokienak zeintzuk diren aztertzea izan da, eta ondoren, informazioa nola eman dezaketen gomendatzeko gida bat proposatzea. Inkesta erantzun duten ETE-ek gehien balioztatu dituzten adierazleak, besteak beste,  hurrengo hauei buruzkoak izan dira: ingurumenaren arloan, energia eta uraren kontsumoa; hondakinen sortzea eta kudeatzea (berrerabilpena barne); arlo sozialean, langileen antzinatasuna, prestakuntza, hitzarmen kolektiboak babesten dituen langileen portzentajea eta absentismoa; eta gobernu korporatiboari dagokionez, Kontseiluaren bilerak, genero aniztasuna kontseiluan eta Erantzukizun korporatiboko kontseilariak.

Zer azpimarratu nahiko zenuke?
Badirudi Garapen Iraunkorrerako Helburuak (GIH) modan jarri direla eta horregatik enpresa guztiak informazio mota hau argitaratze bidean daudela. Baina ez da horrela.

Etengabe entzuten ari gara zein larrialdi klimatikotan gauden murgilduta eta horrek dakartzan ondorioak zeintzuk izan daitezkeen ere. Enpresek horren alde egiten dutena argitaratzen badute, gizarteak orokorrean enpresen balio ukiezina ezagutu eta baliozta dezake. Baina ez hori bakarrik, datuak mahai gainean izanda, enpresek etorkizunerako erronkak eta erabakiak zehazterakoan ere kontuan izango dituzte, estrategia jasangarri bat bideratuz. Arlo sozialean ere, badakigu enpresen eta ekonomiaren gora-beherekin langileen kaleratzeak gerta daitezkeela, edo lan baldintza egonkorrak ez izatea. Emakume eta gizonen arteko berdintasuna gero eta gehiago aldarrikatzen da, bai enpresa mailan ere, eta oro har, enpresak gero eta modu “garbiago” eta “argiago” batean kudeatu behar dira. Bai enpresa handienak, eta baita ertain eta txikienak ere, pausuz pausu.

Besterik?
Enpresek informazioa konparagarria, egiaztagarria eta iraunkorra egitea lortzen badute, hainbat onura izango dituzte: kostuetan aurreztea, irudi korporatiboa hobetzea, giza baliabideen zuzendaritza hobetzea, enpresa-kultura motibatzailea sortzea, GIHak barne hartzea eta horietan oinarritzea, etorkizuneko arauetara egokitzea eta iruzurrezko eta desegoki diren jarrerak murriztea, gizarte- eta ingurumen-kudeaketa hobetzea, aliantza berriak sortzea eta negozio-aukerak areagotzea.

Eta hori guztiori euskaraz ere egin ahal bada, Euskal herriko Unibertsitateak finkatu duen 18. helburua ere bultza daiteke: Hizkuntza eta Kultur Aniztasuna

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude