‘Humanitate Digitalak eta teknologia berriak artearekin jarri nahi ditugu harremanetan’

Humanitate Digitalak, Generoa eta Artea jardunaldia izango da urriaren 16an Errenteriako Lekuona Fabrikan. Emartistak proiektuan du abiapuntua eta EWKE, Errenteriako Udala eta UEUrekin elkarlanean antolatu dute. Maite Luengo Aguirre eta  Marina Arranz Bombin dira Emartistak proiektuaren atzean daudenak.

Non du abiapuntua jardunaldi honek?
Jardunaldiak Emartistak proiektuan du abiapuntua, arte eta Humanitate Digitalen testuinguruan kokatzen den ekimenean. Proiektua 2020ko abendutik aurrera egon da martxan, UEU eta EWKEren laguntza bati esker, eta hilabete hauetan zehar egindako lana aurkezteko nahiarekin hasi ginen jardunaldian pentsatzen. Era berean, Emartistak-ek Wikipedia eta emakume bezala identifikatzen diren euskal artistak dituenez abiapuntutzat, garrantzitsua izan da guretzat beste ikertzaile eta sortzaileen presentzia izatea jardunaldian; teknologia berriei, arteari eta generoari buruzko gogoeta zabalagoa eskaini ahal izateko.

Zein da Humanitate Digitalen egoera Euskal Herrian?
Euskal Herrian Humanitate Digitalek gero eta presentzia handiagoa dute. Azken urteotan, gainera, ekimen ugari ari dira sortzen eta garatzen Humanitate Digitalak oinarri hartuz eta horrek oso eragin positiboa du euskal gizartean duten presentzian. Gainera, garatzen jarraitzeko nahia eta interesa dagoela nabari da. UEU, esaterako, lan handia egiten ari da euskara eta Humanitate Digitalen inguruan, jardunaldi hau bezalako ekimenak bultzatuz edota ikasketa eta ikerketak sustatuz.

Wikimedia eta Wikipediaren eragina landuko duzue besteak beste. Genero berdintasunean oinarritutako artearen historiari begira zer eskaintzen dute?
Lehendabizi, zera argitu nahi dugu, aipatutako bi baliabideek artearen historiako jakintza gizartearekin lotzeko aukera ederra eskaintzen dutela. Wikimediaren kasuan, artisten lanen irudiak txertatzeak beren ikusgaitasunean eragin zuzena dauka. Horrez gain, Wikipedia aintzatespena lortzeko baliabide aproposa dugu, bertan biografia edukitzeak imajinario kolektiboaren parte bilakatzeko zubia eskaintzen baitu.

Horiek horrela, artearen historiaren eraikuntza parekideari dagokionez, bidezidorra eskaintzen digute bai Wikimediak, bai Wikipediak. Izan ere, bere burua emakumetzat duen artista batek, elkarrizketak, erakusketen katalogoak eta abar sarean edukitzekotan, Wikipedian profila sortzeko aukera du. Ez hori bakarrik, iraganeko emakume artistei lotutako irudi edota testuak topatzekotan, beraren nondik norakoak plazaratzeko aukera ere ematen dute biek.

Dena dela, ñabardurak badaudela aitortu beharra dugu, Wikipediaren alorrean ere zenbait erronkarekin egiten baitugu topo. Emartistak proiektuaren baitan nondik norako horiek ikertu eta artikulu bat idatzi dugu Uztaro aldizkarirako. Baina irakurtzeko oraindik pixka bat itxaron beharko dugu, berrikuspen prozesuan baitago.

Humanitate digitalen eta teknologia berrien inguruko hausnarketa sustatzea da zuen nahia, Zein galderaren bueltan?
Jardunaldi honen bidez, Humanitate Digitalak eta teknologia berriak artearekin jarri nahi ditugu harremanetan. Eta, horretarako, artelanen sorkuntza eta artisten jendarteratze prozesuen inguruko galderak proposatu ditugu.

Alde batetik, artistak eta haien lanak bildu edo ezagutarazteko Humanitate Digitalek eskaintzen dituzten aukera eta erronken inguruan egin nahi dugu gogoeta. Bereziki, genero berdintasuna sustatzeko nola baliatu daitezkeen eta horren garrantzia zein den izango ditugu aztergai.

Bestetik, artistentzat teknologia berriek izan ditzaketen erabileren inguruan egingo da hausnarketa. Emartistak proiektuan parte hartutako hiru artistek, Jugatx Astorkia, Onintza Etxebeste eta Oihane Iraguenek, haien sorkuntza-lan eta prozesuen inguruan hitz egingo digute, norberaren interes eta kezketatik abiatuz.

Zein da jardunaldiaren azken helburua?
Jardunaldiaren helburua bikoitza da. Hasteko, teknologiak orokorrean, eta zehazki humanitate eta artera aplikatutakoak eskaintzen dituen aukera desberdinak jendarteratzea; genero ikuspegia aplikatuta. Gauzak horrela, aurkeztutako ekimen digitalen ( WikiEmakumeok, Emartistak eta Topategia) nondik norakoak, eta aipatu berri ditugun artisten arte-ikerketa desberdinak partekatzeko parada izango dugu. Halaber, hausnarketarako espazioa sortzea dugu jomuga, saretzen hasi eta etorkizunean jarraikortasuna izatea espero dugu, humanitate digitalen baitan arteari lotutako ildoarekin jarraitu ahal izateko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude