“Funtsezkoa da Wikipediaren inguruko gogoeta soziolinguistikoari heltzea”

Uztailaren 16an, UEUren 49. Udako Ikastaroen barruan, “Wikipedia-Wikimedia editatoia 2021 zeharkako gaitasunak lantzeko akuilu” ikastaroa antolatu zuten UPV/EHUko Euskal Hizkuntza eta Komunikazio sailak, EWKEk, Tabakalerak eta UEUk elkarlanean. Ines Garcia Azkoaga, Itziar Gonzalez Dios, Igone Zabala Unzalu eta Iratxe Retolaza Gutierrez Euskal Hizkuntza eta Komunikazioa saileko kideekin izan gara.

Zein dira ikastaro honen helburuak?
Ikastaroaren helburu nagusia gogoeta-gune bat sortzea izan da, azalpen teorikoak zein praktikoak tartekatuz, Wikipedia elikatzeko moduez zein bideez elkarrekin gogoeta egiteko, eta modu horretara, Wikipedia elikatzean izan ditzakegun auzi orokor batzuen inguruan elkarrekin pentsatzeko. Euskarazko Wikipediak abiapuntu, ibilbide zein kezka jakin batzuk ditu; besteak beste, hizkuntza-ereduari loturikoak, edo testualtasun-parametroei loturikoak, edo eduki zein erreferenteen hautaketari loturikoak. Horregatik, komunikazioaren inguruko zehar-lerro jakin batzuk ardatz hartuta, auzi zenbaitez aritu ginen, guztion artean Wikipediaren norabidea zein jardunbidea pentsatzeko asmoz: beste hizkuntza batzuetatik artikuluak itzultzeak zer aukera eta zer muga ditu? Nola bereizi euskal komunitatearentzat errelebanteak diren edukiak errelebanteak ez direnetatik? Artikulu espezializatuagoetan terminoak erabili behar direnean, nola hautatu jakintza-alor horretako termino egokiak? Zer egin terminoen askotariko aldakiekin? Zer baliabide digital daude halako hizkuntza-zalantzak argitzeko? Wikipedia elikatzeko hautatzen ditugun eduki zein irudietan, zer genero-imajinario eta zer genero-logika eraikitzen ditugu? Galdera horiek guztiak plazaratzearekin batera, galdera horiei erantzuteko bide-orri edo urrats batzuk proposatu ditugu, lehen hurbilpen gisa. Aldi berean, irakaskuntza-jardunean Wikipedia lantzea zer baliagarria izan daitekeen nabarmendu nahi izan dugu, hainbat gaitasun landu daitezkeelako artikulu bat osatzeko prozesuan.

Wikipedia elikatzea zergatik da zeharkako gaitasunak lantzeko akuilu?
Wikipediako artikulu bat idazteko, egituratzeko eta editatzeko prozesua ikasleekin jorratzeak zeharkako gaitasun ugari lantzeko aukera ematen du, ikasleek hainbat erabaki hartu behar dituztelako planifikazio- eta idazketa-prozesu horretan: edukiari dagozkion erabakiak ez ezik, testualtasunari zein hizkuntza-baliabideei dagozkien erabakiak hartu behar dituzte, baita testuinguru soziokulturalari zein soziolinguistikoari lotutako erabakiak ere. Wikipediako artikulu bat idazterako orduan, ekoizleak hainbat galderari erantzun behar dio: nor izango da hartzailea? Zer-nolako mezua da sortu beharrekoa? Balizko hartzaile horri zuzentzeko, zer parametro komunikatibo, linguistiko, soziolinguistiko eta kultural dira eraginkor? Nola egin euskarazko Wikipediak euskal erreferenteak ere sortzeko eta euskal komunitatea trinkotzeko baliabide eraginkorra izateko?

Wikipediako artikulu bat testu entziklopedikoa denez, testu-genero horretara egokituriko diskurtso-moldea erabili beharko du ekoizleak, baina, testu entziklopedikoen artean ere izan badira testu espezializatuagoak eta orokorragoak. Testu espezializatuetan erregistro espezializatuetako baliabide batzuk ere txertatu beharko dituzte egileek, eta hautu egokiak eginez gero, nolabaiteko ekarpena egingo diote euskararen garapen lexiko-diskurtsiboari. Gai espezializatuak tratatu behar direnean, nahitaezkoa izango da terminologia eta fraseologia espezializatua erabiltzea eta, horrelakoetan, zalantzak argitzeko lagungarriak diren baliabide digital ugari daude egun. Wikipediako artikulu bat lantzea baliabide digital horien ezagutzan eta erabileran trebatzeko aukera ere bada. Ezagunagoak diren zuzentzaile orokor eta hiztegi-bilatzaile orokorrez gain (adibidez, Xuxen eta Euskalbar), izan badira erregistro espezializatuen inguruko hizkuntza-auziak ebazteko bestelako termino-bankuak (esate baterako, Euskalterm, TZOS) edo testu-corpus espezializatuak (adibidez, Garaterm).

Zer-nolako ekarpena egiten dio Euskal Wikipediak euskarari?
Euskal Wikipediak ekarpen handia egiten dio euskararen garapen lexiko-diskurtsiboari, denetariko gaiei buruzko informazioa eskaintzen baitu, bereziki espezialitate-alor guztietako gai espezializatuei buruzkoa. Egun edozein kontzeptu espezializaturi buruzko zalantzak argitzeko, Wikipediara jotzen dugu, eta bilatzen ari garen informazioa euskaraz aurkitzeak balio sinboliko handia izateaz gain, terminologia eta fraseologia espezializatuaren hedapen eta finkapenerako urrats garrantzitsua da. Horregatik, funtsezkoa da Wikipediaren inguruko gogoeta soziolinguistikoari heltzea, Wikipediako testuek zabalkunde handia dutelako eta euskal hiztun zein adituengan eragina izan dezaketelako. Gaur egun eragingune erabakigarria da Wikipedia, eta hortaz, elikatzearen eta gaurkotzearen premia sustatzearekin batera, elikatzeko moduen inguruko gogoeta sustatzea beharrezkoa da, baita ikuspegi soziolinguistikoetatik ere. Besteak beste, unibertsitateko ikasleei Wikipedia aberasteko prozesuan trebatzeak laguntzen die erregistro espezializatuen garapenean eta normalizazioan duten erantzukizunaz kontzientzia hartzen eta ekarpen hori egiteko gaitasun lexiko-diskurtsiboak garatzen.


Wikipedian artikuluak lantzeak genero-ikuspegia zehar-lerrotzat hartzea ere ekar dezakeela diozue. Zein eratan?
Artikuluaren edukia hautatzean bertan genero-ikuspegi bat eraikitzen da beti. Adibidez, ikastaroan EWKEko kideek ikusarazi zuten moduan, biografien % 80 baino gehiago dira gaur egun gizonenak. Desoreka hori arintzeko egitasmoak izan badira martxa
n: Wikiemakumeok eta Emartistak. Nolanahi ere, biografien desoreka hori arintzeaz gain, genero-ikuspegitik Wikipediaren azterketa bat egiten denean, beste alderdi batzuei ere erreparatu behar zaie: zer-nolako irudiak erabiltzen dira artikuluak osatzeko? Irudi horiek sexistak al dira, edo genero-ikuspegitik irudi estereotipatuak al dira? Hizkera inklusiboa erabiltzen al dugu artikulua osatzeko orduan? Ikuspegi feministatik autoritateak eta erreferentzialtasunak birpentsatzeko eginiko ekarpenak gogoan al ditugu? Izan ere, feminismotik horizontaltasuna zein kolektibotasuna ardatz hartuta bestelako erreferentzialtasunak eraikitzeko proposamena egin da: autoretza kolektiboak balioestea, ezagutza eta pentsamendua modu kolektiboan eraikitzen dela ikusaraztea, eta abar. Ildo horretatik, Wikipedian (eta oro har, testu entziklopedikoetan) autoritate indibidualak ohikoagoak dira autoretza kolektiboak baino edo ekimen kolektiboak baino. Azkenik, ezagutza feministak sorturiko ekarpenak ere Wikipedian txertatzea ezinbestekoa da, edozein esparrutako ezagutza horri genero-ikuspegitik egin zaion ekarpena kontuan hartzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude