Euskara gaitasuna lantzen: Interneteko baliabideak ezagutuz ikastaroa antolatu dute UEUk eta Euskararen Erakunde Publikoak elkarlanean. Euskara Eskuz Esku, Itzuli eta Itzuli + tresnei buruz arituko dira besteak beste. Naroa Gorostiaga Barriola Euskararen Erakunde Publikoko Hizkuntza publikoko karguduna eta ikastaroaren arduraduna da.
Nondik dator ikastaro hau egiteko beharra?
UEUrekin elkarlanean laugarren urtez antolatu dugu ikastaroa. Euskararen Erakunde Publikoan hizkuntzaren kalitatearekin lan egiten dugu eta inguruan euskara teknikariak, itzultzaileak eta euskararen arloko profesionalak ditugu. Euskararen zuzentasunari buruzko zalantzekin gabiltza beti eta zalantza horiek argitzeko hasi ginen ikastaro bereziak antolatzen. Urtez urte ohartu gara, badirela Interneten hainbat baliabide jendeak ezagutzen dituenak. Gaztelaniatik euskarara egiten diren kalko okerrak zuzentzeko tresnak badaude, baina frantsesetik ez, horregatik antolatu genituen frantsesaren kalkoak zuzentzeko ikastaro bereziak. Euskaltzaindiarekin dugun hitzarmenarekin ere aukera izan genuen beraien hiztegia eta interneteko baliabideak ezagutzeko. Geroztik horrelako tresnak agertu ahala jendeari aurkezte dizkiogu. Aurten Itzuli eta Itzuli + tresna barra aurkeztuko ditugu. Iparraldeko corpusa biltzen ari gara eta era berean Itzuli itzultzailean sartzen euskara frantsesa itzultzaile automatikoa hobetzeko. Euskara Eskuz Esku Euskaltzaindiak joan den urtetik linean ezarri duen tresna ere aurkeztuko dugu. Beti ildo beretik gabiltza, baina ohartzen gara urtez urte berrikuntzak badirela eta merezi duela horiek jendeari aurkeztea.
Ipar Euskal Herrian Euskara Batuak zer presentzia du?
Betiko galdera da hori eta Euskaltzaindiak berak ere galdetzen zuen ea ba ote den Iparraldeko euskara baturik. Euskara batua zer ote da? Ba ote ahozko baturik? Zalantza horiek bakoitzak euskara erabiltzean argitzen ditu, bakoitzak hartzen baititu bere erabakiak. Euskaltzaindiak ontzat ematen dituen hitz guztiak euskara batua dira, batzuk iparraldeko marka dute, besteek bizkaierakoa, besteek zubererakoa, eta guztiak dira euskara batua. Jendeak hori jakin dezan garrantzitsua iruditzen zaigu. Idatzian beti joaten gara baturantz, elkar uler dezagun eta euskara ikasten ari direnak gal ez daitezen. Hitz bat Euskaltzaindiaren hiztegian den puntutik batua da. Gero bakoitzak baditu bere berezitasunak eta mintzatzeko era, bereziki ahozkoan.
Euskaltzaindiak zer egin dezake hor eragiteko?
Euskaltzaindia gizarteratzen ari da, jakinarazten, zalantzak argitzeko tresnak sortu dituzte. Arauak lantzen dituzte, gogoetatu, eztabaidatu, baina gero behar bada jendeak ez ditu ezagutzen. Euskaltzaindiaren web-guneko hiztegia orain bi urte aurkeztu genuen. Euskara batuaren eskuliburuarekin oso garrantzitsua izan baita. Papereko bertsioa bezain baliagarria da interneteko bertsioa. Norberak zalantzak dituelarik horra jo dezake eta galderak argitu. Orain gainera Euskara Eskuz Esku tresnarekin iparraldeko jendearentzat frantsesez galdetzeko aukera ere bada.
Zer da Euskara Eskuz Esku?
Euskaltzaindiaren atariaren zati bat da. Hor agertzen dira Iparraldeko euskaldunek lituzkeenetan dudak argitzeko tresnak. Adibidez, bada A organikoa duten hitzen zerrenda bat. Gaur egun maiz gertatzen da adibidez norbaitek ez jakitea kirola bat edo kirol bat erran behar den, final bat edo finala bat. Euskaraz Esku Eskurekin horrelako zalantzak argitzeko aukera dugu, informazio talde biltegi bat delako.
Itzuli eta Itzuli+-i buruz ere arituko zarete.
Eusko Jaurlaritzako terminologia arduradunak, Araceli Díaz de Lezanak eta Oscar Guadilla informatikariak, Itzuli eta Itzuli+-ek nola funtzionatzen duten aurkeztuko digute. Euskararen Erakunde Publikoan haiekin lanean ari gara eta baita Iparraldeko euskara eragileekin, itzultzaileekin, irakaskuntza zentroekin, argitaletxeekin ere. Frantses-euskara itzulpen corpusa bildu eta Itzulin sartzeko. Itzultzailea inteligentzia adimen artifiziala da, oso adimentsua, baina zenbat eta informazio gehiago eman are eta inteligenteagoa, aberatsagoa izango da eta hobeki funtzionatuko du. Kirolari buruzko informazioa bakarrik ematen bazaio, horretaz bakarrik jakingo du. Baina alor guztietako informazioa baldin badu denetarik ikasiko du eta kalitatezkoagoa izango da.
Zergatik dira aipatutako tresnak euskararentzat baliagarriak?
Euskarak eremu guztietan egon behar du, interneten presentzia handia du eta hori garrantzitsua da. Gure lana eta bizia errazteko tresnak dira, eskupean ditugunak eta egunerokoa bizian toki guztietan ikus daitezkeelako dira baliagarriak eta beharrezkoak.